Egoitza Donostian duen Irisbond euskal konpainiak erregistro bisualaren (eyetracking, ingelesez) teknologia erabiltzen du begien jarraipena egiteko, eta, hala, adimen artifizialari esker, makinak begien mugimenduarekin kontrolatzeko. Enpresak startup gisa ekin zion bere bideari 2013an, eta orain merkatuetan sendotu nahi du, sistema eragile guztiekin erabilgarria den Hiru sistemarekin; izan ere, koronabirusa dela eta, kontaktu fisikoak desagerrarazteko beharrak lehen planoan jarri du ekipoak eta makinak begiekin soilik kontrolatzeko teknologia
Nola jaio zen Irisbond?
Enpresa-ekimen hau Vicomtech ikusmen artifizialean espezializatutako euskal zentro teknologikotik sortu zen 2013an, eyetracking teknologia erabiltzeko aukera gisa, ELA motako zailtasunak, garun-paralisia edo tetraplegia duten pertsonentzako komunikazio alternatiborako. Baina laster ikusi genuen teknologia hori makinak kontrolatzeko erabiltzeko aukera ere bazegoela, oro har.
Zer da Irisbond?
Hogei bat pertsonako enpresa txiki bat. Guk laguntzen dugu pertsonak ingurunearekin komunikatzeko modua aldatzen. Nazioarteko eragile garrantzitsua gara dozena erdi bat konpainia gauden merkatu-hobi honetan, eta orain teknologia baliatu nahi dugu, laguntza-esparruaz gain, arlo berriak lantzeko.
BIND 4.0 euskal programari esker sendotu den ekintzailetzaren adibidea zarete. Nola baloratzen duzue?
Eusko Jaurlaritzaren BIND 4.0 ekimena Euskadin ondoen garatutako ekimenetako bat dela iruditzen zait, elkarlanean jartzen baititu ekimen ekintzaile berri bat eta konpainia finkatu bat. Eta hori positiboa da. Gure kasuan, ABBrekin lankidetzan dihardugu, robot bat begiradarekin kontrolatzeko modua ari gara garatzen, eta etorkizunean ere arlo horretan lan egin nahi dugu.
Euskadi esparru egokia al da ekintzailetzarako?
Estatu Batuak ez direla pentsatuta, BIND 4.0 bezalako ekimenak bide onean daudela uste dugu. Gainera, Adegin gaudenez gero, nabaritu dugu konpainia tradizionalek interes handiagoa dutela teknologia berrietara eta ideia ekintzaileetara hurbiltzeko. Gure ustez, bada, batez ere, euskal enpresa asko berrasmatu dituen barne-ekintzailetza bat. Administrazioen finantza-laguntzako tresna gehiago beharko lirateke, horrelako enpresa-proiektu teknologikoetan, lehen urteetan aurrezki-kutxa kontsumitzen duzulako, mozkinak lortu aurretik. Baina inor ez dadila nahastu; ekintzailetza garrantzitsua da, baina ez da arazo guztien konponbidea, lan handia eta sakrifizio handiak behar dira enpresa bat aurrera ateratzeko.
Zer negozio-ikuspegi ditu eye- trackingak?
Gaur egun, munduan 350 milioi dolar mugitzen dituen merkatua da, baina bost urtean hirukoiztu egingo da; eta horiek pandemiaren aurreko aurreikuspen kontserbadoreak dira.
COVIDak ateak ireki dizkio teknologia horri?
Bai, zalantzarik gabe. Kutsatzeak saihesteko kontaktu fisikoa mugatu behar denez, gure teknologiarekin lanean ari gara, esaterako, kutxazain automatikoetan dirua ateratzeko; igogailuetan zein solairutara joan nahi dugun aukeratzeko, sarbideen kontrolean, etab. Gainera, enpresa handiak, besteak beste, Apple, Microsoft edo Samsung, teknologia horietara hurbiltzen ari dira, erabiltzailearen erabilgarritasuna eta esperientzia hobetzeko. Ahotsa prest dago, eta begirada da hurrengo urratsa. Samsungekin, eyetracking teknologia probatu dugu tableta bateko kameretan, adibidez, eta, software egoki bat erabilita, lortu dugu erabiltzaile batek hitzak eta esaldiak begiekin osatzea.
Zer ekarpen egin dezake Iris- bondek 4.0 industriaren esparruan garatzen duen teknologiak?
Ekarpena oso handia izan daiteke. Kontuan hartzen badugu eyetracking teknologiak makinei soilik begirada zuzenduz aginduak ematen dizkiela edo langile bat makina baten interfazera begiradarekin sartu daitekeela, gailu desberdinekin teklatu bidez edo beste periferiko batzuen bidez (sagu batekin, ukipen- pantaila batekin edo ahotsarekin) elkarreragin beharrean, industrian irekitzen den eremua, adibidez, handia dela uste dugu. Ahots bidezko kontrolak arazoak eragiten ditu ingurune zaratatsuetan, eta eremu industrialean ohikoa da hori. Begiradak, ordea, ez du inolako mugarik. Lan bat hastean, lehen-lehenik begiratu egiten dugu, eta, gero, dena delako ekintza egin. Etorkizun hurbilean, ordenagailuekin, smartphoneekin edo telebistekin elkarreraginean arituko gara, ahotsarekin edo keinuekin ez ezik, baita begiradarekin ere.
Erabilera askotarikoak izan ditzake…
Bai. Potentziala eta aplikazioak amaigabeak direla iruditzen zaigu. Begien mugimenduarekin bakarrik erabil dezakegu makina bat. Izan ere, gaur egun, gure teknologia erabiltzen da desgaitasunen bat duten pertsonek tableta baten gainean begiak mugituz komunikatu ahal izateko, izpi infragorriekin konbinatutako adimen artifizialari esker. Gaur egun, gure produktuak desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzen die ordenagailu-pantaila batekin elkarreragiten eta munduari leiho bat irekitzen. AEBn, Bostonen, egoteak etorkizunean teknologia honen aplikagarritasuna ulertzeko aukera eman digu. Adibidez, gure ustez, eye- trackinga errealitatea izango dela etorkizuneko auto autonomoan, dozena erdi urte barru elementu desberdinak kontrolatzeko. Hala ere, teknologia hori neuromarketinaren sektoreetan erabiltzeak, esaterako, balio handia eman diezaguke gaur egun, pertsona bat nora begira dagoen eta publizitatearekin nola elkarreragiten duen jakin baitezakegu horrela, eta dagoeneko harremanetan gaude enpresekin, teknologia hori merkatuan eskaintzeko.
Bostongo MITi lotutako berrikuntza-zentro batek aukeratu zuen zure enpresa. Zer esan nahi du horrek?
Guretzat, Cambridge Innovation Centerrek bere beka ospetsurako gu hautatzea aukera paregabea izan da. Hara joan ginenean, hainbat helburu genituen. Jakin nahi genuen nola integratu gintezkeen Estatu Batuetako merkatuan, osasunean adibidez, oso indartsua baita. Baina MITera hurbildu nahi genuen, adimen artifizialeko tresnak garatzen saiatzen baikara, eyetracking gailu bat zehaztasun osoz kontrolatu ahal izateko, hardware gehigarririk izan gabe. Eyetracking gailuak teknologia infragorrian oinarrituta daude, begirada detektatzeko eta hardware batean kontrolatzeko.