Nafarroak 1,6 milioi erabiliko ditu udal poligonoak eta lokalak sustatzekoNafarroak 1,6 milioi erabiliko ditu udal poligonoak eta lokalak sustatzeko

Nafarroako Gobernuak baimena eman du 2025ean poligonoak eta udal lokalak sustatzeko dirulaguntzen deialdi berri bat abiarazteko behar den urte anitzeko gasturako konpromisoa hartzeko. Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak bultzatutako dirulaguntza horien helburua da tokiko jarduera ekonomikoen garapena sustatzea eta, horrela, lurralde osoa modu orekatuan garatzen laguntzea, bai eta biztanleria Foru Komunitateko udalerri guztietan errotzen laguntzea ere.

Dirulaguntza horien bidez, tokiko erakundeei lagundu nahi zaie poligono berriak sustatzeko obrei aurre egin diezaieten edo lehendik daudenetan deslokalizazioak saihesteko beharrezkoak diren azpiegitura berriak hornitu ditzaten. Higiezinak bulego, lokal edo tailer txiki gisa erabiltzeko egokitzeari ere laguntzen diote, proiektu ekintzaileak garatzeko espazioak erraztu ahal izateko.

Zehazki, Gobernuak baimena eman dio Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusiari milioi 1 euroko gastua egiteko 2025eko aurrekontuaren kontura, eta 600.000 eurokoa 2026an. Dirulaguntzak norgehiagoka-erregimenean emango dira. Horrela, industria-lurzorua sustatzeko 1997az geroztik egiten ari den laguntza-deialdi bat berrargitaratu da. Eskaera egiteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean irekiko da.

Tokiko beharretara egokitutako deialdia
Laguntza horien oinarri arautzaileak toki-erakundeek bata bestearen atzetik planteatutako beharretara egokitzen joan dira. Hasieran, poligono berriak urbanizatzeari eman zitzaion lehentasuna, Foru Erkidegoan lurzoru industriala behar zelako. Ondoren, agerian geratu zen araudi eguneratua betetzen zuten azpiegituren hornidura ere diruz lagundu behar zela, batez ere uren saneamendua, kasu askotan tokiko araztegiak eraiki baino lehenagokoa baita.

2017tik aurrera, beste ekimen mota batzuk hartzeko aukera eman zen, hala nola udal-eraikinak prestatzea ekintzaile txikiei eskaintzeko bulegoak edo tailerrak hartzeko (coworkinga edo enpresa-mintegiak). Berez industrialak ez diren jarduerak badira ere, agerian geratu da udalerri txikien ekonomian duten eragin handia eta biztanleria errotzeko duten gaitasuna.

2025eko deialdian aurreikusitako inbertsioa estimatutako eskarian oinarrituta dago, baina Nafarroako Gobernuak eskaria handitzeko aukera aurreikusten du, erregistratu daitezkeen eskaeren bolumenera hobeto egokitzeko.