Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du mundua bere arlo guztietan: ekonomikoan, sozialean, kulturalean, etab. Azken hamarkadan zehar hartu diren neurri neoliberalak sektore publikoa kaltetuz joan dira (merkatuaren aldeko arauketak, industriaren pribatizazioa, zerbitzu eta ondasun publikoengan murrizketak eta langileen ezegonkortasuna), eta COVID-19ari aurre egiteko babes ahuldu horiek egoera ekonomikoa are gehiago okertu dute. Koronabirusak gizarte bezala naturarekiko dugun harremanaren aldaketa eskatzen du, eta aldaketa hori ekonomiaren arloan ere jorratzeko beharra dago. Euskal Autonomia Erkidegoko politika berdeen egoeraren, hartzen ahal diren neurrien eta gizarte naturazentristago batera ailegatzeko bidearen gogoeta egiten du Jon Bernat Zubiri Ekonomia doktoreak

EAE zer-nolako posizioan dago egun politika berdeekiko?

Auzi ekologistaren aurrean, politikoki bidegurutze baten aurrean gaude. Alde batetik, Donald Trumpen modeloa dugu, business as usual, kapitalismoa arlo nazionalera hedatzea. Beste aldean, Green Capital deritzona; hau da, kapitalismoan ekonomia zirkularra, birziklapena, energia efizientzia eta halako ekimenak sustatzea. Ikuspegi horretatik, EAEko politika publikoetan iraunkortasun irizpideak sartzen dira: legedietan, plangintza industrialetan, etab. Hala ere, zailtasun ugari daude. Adibide bat jartzekotan, arlo energetikoan, ez dugu iturri energetiko propiorik. Euskadiko ekonomia guztiz petrolioaren mendekoa da, eta gure klimak zenbait energia berriztagarriren ezarpena (esate baterako, eguzki-energia) zailtzen du.

Beste arloetan, zein da EAEren portaera?

Arlo energetikotik haratago ere, oso atzeratuta gaude. Natura zaintzeko politikak, elikadura burujabetza eta birziklapen aferetan ez dira apenas aurrerapenik egin. Egia da Gipuzkoan saiakera egon zela azken arlo hori garatzeko, baina politika horiek atzera bota ziren.

Zeintzuk dira Euskadin aukerak ekonomia berdean?

Azkeneko urteetan indarra galdu duen arren, industria euskal ekonomiaren oinarri garrantzitsu bat da. Aldi berean, kutsaduraren parte handi bat ere sortzen du. Ideia interesgarria izango litzateke sektore horrek sortzen duen gaitza zuzentzen saiatzea. Industriaren trantsizio berdea bultzatu behar dute instituzioek, eta ziurtagiri ekologikoak eskatzeak enpresei industriaren kutsatze-maila murriztuko luke. Naturaren zaintza sustatzeko ere behar handia dugu Euskal Autonomia Erkidegoan. Bioaniztasunaren lekuko izan gara azkeneko urteetan, eta antzina birusen eta gizakiaren arteko hainbat espezieren desagerpenak birus horiek gizartera hurbilarazi ditu. Lurralde kontrola, landareen eta zuhaitzen babesa eta horrelako ekintzak zaindu behar dira.

Garraioaren arloan, eremu gehiago integratu behar dira. Garraio publiko nahiko antolatua dugu, baina ez du inolako zentzurik Bilboko metroa bezalako erreminta bat Loiuko aireportura edo Leioako unibertsitatera ez iristea. Gertutasuneko trenaren bidez lur eremu gehiago integratzea aukera argia da.

Zer neurri proposatuko zenituzke EAEko post-COVID ekonomiarentzat?

Lehenik eta behin esan nahiko nuke nahiko zaila dela halako neurriak proposatzea, hainbat faktore ezezagunak direlako: pandemiaren iraupena, aurreko egunerokotasun edo antzeko egunerokotasuna noiz iritsiko, neurri pandemikoen luzatze hipotetiko batek sortzen ahal dituen eragozpenak, etab.

Faktore horiek sortzen ahal duten gora-beheratatik kanpo, neurri orokorrik hartzeko aukerarik dago?

Argi dago premiazkoa dela orain ematen ari diren ondorio sozioekonomikoei erantzun politikoa eman behar zaiela. Kasu honetan, langileak babesteko politikak eraginkorrak izan dira, eta ekimen horiek sakondu behar dira. Behin behineko EEEek kaleraketak garestitu dituzte eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, ezarpena oraindik hobetzekoa den arren, egon den beherakada ekonomikoaren aurrean gertatu den errenta beherapena zuzentzeko erabaki adimentsua izan da.

Beste bide batetik, adibidetzat hartzen ahal dugu Nafarroako elikadura industria. Egun, bertako biztanleri aktiboaren %6,5ek lan egiten du sektore horretan. Gainera, industria oso bat eraikita dago horren inguruan. Kontserbak eta elikagaiak transformatzeko ehun industrial indartsua sortu da. Bizkaia eta Gipuzkoan, esaterako, egoera guztiz kontrakoa da. Biztanleria aktiboaren %1ek soilik jarduten du lehen sektorean, lurjabe gutxi eta infraerabilita daude.

Ekonomia berdea ardatz duen ekimenik ba al dago EAEn?

Elikadura industriaren adibidea segituz, ekimen interesgarria aurki dezakegu Nafarroako Erriberan. Bertan, Errigora herri iniziatiba dago, Euskal Herria oinarri duena eta herri lana tresna duena. Bertako lurrak ematen dituen elikagaiei bidea ematen diete, eta bere ekarpen kulturala egiten du, euskara ofiziala ez den lurraldean eragina sortu nahi duelako. Beste proiektu interesgarri bat GoiEner da. Ordizian errotuta dago, baina EAEko eta Nafarroako hiriburuetan bulegoak ditu. Energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektu kooperatiboa da, eta horren bidez energia subiranotasuna berreskuratu nahi da.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko hainbat aldaketa sozialen beharra erakusten dute testu akademikoek. Instituzioen papera zein izango da trantsizio horretan?

Sozialki, konbertsio orokorra behar dugu. Balore produktibista, kutsatzaile, orojale eta indibidualistetatik, iraupen komunitarioa eta elkarlaguntzarantz. Aldaketa klimatikoa eta krisi energetikoa gero eta nabarmenagoa dela sentitzen gabiltza. Ez badugu benetako apustu berdea egiten, testuinguru MadMaxiano batera goaz zuzenean: baliabideak lortzeko borroka, ura lortzeko borroka, etab. Zutabe ekologikoari zutabe soziala gehitu behar zaio bidezko gizarte bat eraikitzeko. Baliabideen polarizazioari amaiera eman behar zaio, eta baliabide horiek banatu behar dira. Bide logikoena eta posiblea da. Moral berri bat hedatu behar da. Gu geu erdigunean egon beharrean, bizitza egon behar da erdigunean: gurekiko errespetua eta naturarekiko errespetua.

Egilea Admin