Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak Nafarroako 2023ko Energia Balantzea aurkeztu du ostegun honetan prentsaurrekoan. Trantsizio Energetikoko Zerbitzuak egindako txosten bat, foru komunitateko energia-iturrien kontsumoa islatzen duena. Ondorio nagusien artean dago Nafarroak 2023an aurreko urtean baino % 7,4 eraginkorragoa izatea lortu izana. Ekitaldi informatibo honetan Garbiñe Basterra Energiaren, Enpresen I+G+b eta Ekintzailetzaren zuzendari nagusiak eta Esperanza Aristu Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu dute.
Bere hitzaldian, kontseilariak nabarmendu du “Nafarroako Gobernua energia-eredu iraunkorrago bat lortzeko egiten ari den neurriak energia-eraginkortasunean, autokontsumoan eta berriztagarrien bidezko sorkuntzan oinarritzen direla”. “2023an aurreko urtean baino % 7,4 eraginkorragoak izan gara, eta horrek agerian uzten du industria, administrazioa eta gizartea deskarbonizatzeko joera dagoela”, adierazi du Irujok.
2023an, energia berriztagarrien ahalmena % 13,8 handitu zen, hein handi batean autokontsumorako instalazioen gorakadak eraginda. Horiek % 22,3ko edukiera eta % 21,4ko eguzki-ekoizpena izatera igaro ziren. Datu horiei energia ez-berriztagarriaren ekoizpenaren % 34,4ko jaitsiera gehituta, berriz ere % 50eko muga gainditu zen jatorri berriztagarriko elektrizitate-sorkuntzan, eta % 54,8ra iritsi ziren. 2022an % 45,90ekoa izan zen, eta 2021ean % 50,22koa.
Energia-kontsumoa
Nafarroako Balantze Energetikoak energia primarioaren kontsumoa aztertzen du, hau da, azken energia eta energia hori ekoizteko erabiltzen diren iturriak biltzen dituena. Ildo horretan, Nafarroak 2.300.796 lehen mailako energia TEP (petrolio-tona baliokideak) behar izan ditu 2023an, hau da, aurreko urtean baino % 13,6 gutxiago.
Aldaketa garrantzitsuenetako bat gas naturalaren % 22,7ko jaitsiera izan da, 2022an 1.205.262 tep izatetik 2023an 932.235 tep izatera igaro baita. Jaitsiera horren arrazoia da, batez ere, 2022an Iberiar Penintsulako salbuespena deiturikoa egon zela, gas naturalak hemen Europako gainerako herrialdeetan baino kostu txikiagoa izatea eragiten zuena, eta, beraz, beste herrialde batzuetara esportatzeko helburuarekin behar baino energia elektriko gehiago sortzen zela.
Gainerako energia-iturriek ere behera egin dute. Ikatzaren eta kokeen kasuan % 8,8ko jaitsiera izan da, petrolioa eta eratorriak % 8,1 jaitsi dira, elektrizitatea % 4,1 eta biomasa % 0,8.
Bestalde, Nafarroan 2023an kontsumitu den azken energiari dagokionez, 1.775.963 TEP izan dira. Kopuru hori 2022an erregistratutako 1.873.860 tep baino % 5,7 txikiagoa da. Energia-iturriei erreparatzen badiegu, jaitsiera nabari da ia guztietan: ikatza eta kokeak (- % 8,8), petrolioa eta deribatuak (- % 8,1) eta gas naturala (- % 5,4) jaitsi dira gehien. Ondoren, elektrizitatea dago, % 3,6ko jaitsierarekin. Mix energetikoan handitu den energia-iturri bakarra biomasa izan da, % 3,9 hazi baita. Hala ere, jatorri berriztagarriko lehengai baten gorakada horrek, berriztagarriak ez diren energien jaitsierarekin batera, agerian uzten du industria, enpresa eta gizartea deskarbonizazioaren mesedetan ematen ari den aurrerapena.
Produkzio-sektoreak aztertuz gero, garraioak hartzen du gehien kontsumoa, 691.216 TEP-rekin, hau da, guztizkoaren % 39. Bigarren lekuan industria dago (653.015 TEP eta % 37), ondoren etxeko sektorea, merkataritza eta zerbitzuak (281.623 TEPS eta % 16), nekazaritza (104.2963 TEP eta % 6) eta, azkenik, administrazioa eta zerbitzu publikoak (45.862 TEP eta % 2). Azpimarratzekoa da gehien kontsumitzen duten hiru sektoreek jaitsiera handiak izan dituztela iazkoaren aldean. Zehazki, garraioak % 2,49 gutxiago kontsumitu du, industriak % 5,11 gutxiago eta etxeko eta zerbitzuetako sektoreak % 16,2 gutxiago.
Hazkundea autokontsumoan
Autokontsumoak ere hazkunde nabarmena izan zuen 2023an, % 48,4ko hazkundearekin instalatutako ahalmen fotovoltaikoan 2022rekiko. Eremu horretan, industria-sektorea eta bizitegi-sektorea izan ziren instalazio berrien buru, eta autonomia energetiko handiagoa lortzeko konpromiso kolektiboa hartu zuten.
Energia biltegiratzeko gaitasuna, sistemaren egonkortasunerako erabakigarria, 19.098 kWh-ra iritsi zen, Nafarroako erresilientzia energetikoa indartuz.
Administrazio Publikoaren inbertsioak energia berriztagarrietan
Prentsaurrekoan, Garbiñe Basterra Energiaren, Enpresen I+G+bren eta Ekintzailetzaren zuzendari nagusiak Administrazioa energia berriztagarrien arloan autokontsumoa areagotzeko egiten ari diren inbertsioak azaldu ditu.
2023ra arte, autokontsumorako 65 sistema fotovoltaiko instalatu dira, urtean 2.814 MWh-ko ekoizpen-ahalmena eta 3.481 kWp-ko potentzia gorena dutenak. Instalazio horietan 3 milioi eurotik gorako inbertsioa metatu da.