Tecnaliak 2025-2027 Plan Estrategiko berria aurkeztu zuen atzo. Plan horren helburua da ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak eraldaketa-eragile gisa duen eginkizuna bultzatzea, lau ardatzen bidez: berrindustrializazioa bultzatzea, talentu bikaina sustatzea, industria-ehunaren arazoei aurrea hartzea eta inpaktu ekonomiko eta soziala maximizatzea. “Gizarte gisa erronka berriei egin behar diegu aurre, enpresak ziurgabetasun eta konplexutasun handiko egoerara eramaten ari baitira. Aldaketaren abiadura enpresa-sarea tenkatzen ari da, eta, horregatik, berrindustrializazioa premia bihurtu da merkatuaren eskakizun berrietara eta trantsizioen erronketara egokitzeko. Gure Plan Estrategikoa erronka horiei erantzuteko tresna bat da, Tecnalian ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzeko ardura dugulako, enpresei laguntzeko eta mundu hobea eraikitzeko”, azaldu zuen Jesús Valero zentroko zuzendari nagusiak.
Hori lortzeko, bere estrategia bi zutaberen gainean eraikitzen da: bikaintasuneko foku estrategikoak bultzatzea eta teknologia kritikoak garatzea. Lehenik eta behin, Tecnaliak bere hazkunderako sustatuko dituen foku estrategikoak honako hauek dira, besteak beste: automatizazio malgua, zibersegurtasuna, sare elektrikoen digitalizazioa, sua kontrolatzeko teknologiak, hidrogenoaren sorrera eta banaketa, azpiegitura berezirako fabrikazio prozesuak eta materialak, eraikuntzaren smartizazioa eta sendagaien garapen eta fabrikazioko teknologiak. Valeroren arabera, “gure helburua da enpresek eta gizarteak esparru horietan dituzten behar estrategikoei irtenbide berriak aurkitzea eta etorkizunean sortuko zaizkien behar estrategikoei aurrea hartzea”.
Bigarrenik, teknologia kritikoetan oinarrituko da nagusiki: adimen artifiziala, kuantikoa, robotika adimenduna eta material aurreratuak, trantsizioen erronkei aurre egiteko eta konponbideak garatzeko eraldaketa digitalean, fabrikazio adimendunean, trantsizio energetikoan, mugikortasun iraunkorrean, hiri-ekosisteman eta osasun pertsonalizatuan.
Plan estrategiko honekin, Tecnaliak % 27 haztea eta 2027an ia 170 milioi euroko fakturazioa lortzea aurreikusten du. Gainera, 120 milioi eurotik gorako inbertsioak egingo ditu azpiegituretan 2030era arte, hala nola Gipuzkoako Mubilen mugikortasunerako eraikin berria, Bizkaiko sare elektrikoetarako instalazioak handitzea edo sua kudeatzeko azpiegiturak handitzea.