Koronabirusak gogor kolpatuko du ekonomia

Azken hileotan, Covid-19 birusa modu azkar eta geldiezinean hedatzen ari da munduan zehar. Koronabirusaren pandemia gelditzeko helburuarekin, Espainiako Gobernuak, munduko beste hainbat herrialdetako Gobernuek bezala, neurri zorrotzak ezarri ditu. Horren adibidea da konfinamenduarena, hasiera batean bi asteko gauza izango zela bazirudien ere, egun, hilabete baino gehiago luzatu da. Hala, jarduera ekonomikoaren geldialdi horrek eragin zuzena izango du herrialdeko ekonomian. Beraz, ondorengo lerroetan, etorkizunean herrialdeko ekonomian espero diren aurreikuspenen inguruan jardungo dugu, eta egoerari argi pixka bat emango diogu

Covid-19aren gaitzak azaleratu duen osasun larrialdiak munduko hainbat herrialde geldiarazi ditu. Mundua garai latzak bizitzen ari da, eta horren adibide argia dira tokiko eta nazioarteko prentsan, telebistan, sare sozialetan, irratian eta beste hainbeste tokitan birusaren inguruan aurki daitezkeen hamaika artikulu. Leku askotatik iristen zaigu informazioa, ahots eta ikuspuntu desberdinetatik. Alabaina, denek baieztatzen dute gauza bera: koronabirusaren pandemiak dagoeneko ondorio larriak eragin ditu osasunean eta gizartean, baina baita ekonomian ere.

Gauzak horrela, aurrean ageri zaigun egoera ekonomikoa oso kritikoa da, eta, hemen, baieztapen hori justifikatzeko zenbait datu aurkezten ditugu. Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) erakundeak ziurtatzen duenaren arabera, maila globalean bizi dezakegu 2008an krisia lehertu zenean bezalako egoera kritikoa, eta are okerragoa. Era berean, Asiako Garapen Bankuak (ADB, Asian Development Bank ingelesez) Covid-19aren eraginari buruzko ikerketa bat publikatu du, eta, esku artean dituen zifrak kontuan izanik, koronabirusaren galera ekonomikoak munduko ekonomia globalari BPGd-aren %4,8rainoko atzerapausoa ekarriko dio.

ADBren esanetan, Covid-19ak 1,8 bilioi eurotik 3,8 bilioi arteko kostua izango du, eta horrek munduko aberastasunaren %2,3 eta %4,8 arteko galera ekarriko du. Halaber, NDF erakundeak gogorarazi duenez, 2020an historiako finantza krisirik larriena gertatuko da mundu mailan.

Moneta erakundeak ere onartzen du birusak “atzeraldi batera eraman duela mundua”; NDF erakundeko zuzendari Kristalina Georgievak esan du Funtsak 90 estaturen aholkularitza eskaerak jaso dituela, eta ohartarazi du azaleratzen ari direnek direnek 83.000 milioiko kapital ihesa jasan dutela. Orobat, NDFk jakinarazi du konfinamenduko hile bakoitzak BPGd-aren %3 gutxiago dakarrela.

Europako panorama

Pandemia birikoaren ondorioz, Europa ere ez dago egoera onean. PMI erosketa kudeatzeko indizea, Euroguneko jarduera ekonomikoa neurtzen duena, 29,7ko minimo historikora jaitsi da otsailean 51,6tik, eta 1998an inkesta hasi zenetik hilero izan duen beherakadarik handiena izan da (50 baino gutxiagok uzkurtzea adierazten du). IHS Markit aholkularitza enpresak azaldu duenez, datuek erakusten dute Europako ekonomia uzkurtzen ari dela, %10eko tasa urtekotuarekin.

Deutsche Bankek ere Eurogunearen ekonomiari buruzko aurreikuspen suntsitzailea egin du, eta 2020ko bigarren hiruhilekoan BPGd %22,4 jaitsiko dela adierazi du. Laugarren hiruhilekorako, kontrola eta susperraldia espero dira, eta, aldi horretan, uzkurtzea %2,9koa izango litzatekeela jakinarazi du banku germaniarrak. Ildo horretatik, Goldman Sachs eta Morgan Stanley Amerikako bankuek ere atzeraldia aurreikusten dute Eurogunean.

Lehenengoak dio jaitsiera %1,7koa izango dela urte osorako, eta %1 haztea aurreikusten du. Bigarrenak, berriz, kontrakzioa askoz ere indartsuagoa izatea espero du, %5ekoa Eurogunea osatzen duten 27 herrialdeen kasuan. Hala ere, 2021ean %3,5 eta %5,5 arteko hazkundea izango dutela uste dute bi bankuek.

Estatuko panorama

Nahiz eta birusak mundu mailan izango dituen ondorio ekonomikoak analizatzea interesgarria izan –horiek zeharka gure lurraldeko ekonomian eragina izango baitute–, artikulu honetan, gure inguruko ekonomiak zuzenean pairatuko dituen eraginei erreparatuko diegu, alegia, Euskadiren eta Espainiaren testuingurua aztertuko dugu.

Horrenbestez, Espainiako Gobernuak koronabirusaren pandemiaren hedapena geldiarazteko hartutako aurrekaririk gabeko neurria Estatu osoan alarma-egoera ezartzea eta herritarrak konfinatzera behartzea izan da. Hala, Gobernuak “erantzukizuna” eta “konpromisoa” eskatu dio gizarteari, osasun murrizketak betetzeko eta kutsatzeak geldiarazteko.

Konfinamendua ezohiko neurria da, eta funtsezko zerbitzuak soilik baimentzen ditu. Horren bidez, aisialdiko, turismoko eta kulturako establezimenduak ixtea agintzen da, eta eremu konfinatuko biztanleek lan-, laguntza-, larrialdi- edo/eta janari edo farmazia-produktuen horniduretara egiten dituzten joan-etorriak mugatzen dira.

Beraz, konfinamenduak enpresa askoren ekoizpena mugatu eta merkatuei eragin die, eta horrek zuzeneko faktura pasatuko die jarduerari, enpleguari, zorrari eta defizitari. Pandemia birikoak Espainiako ekonomian izango duen benetako inpaktu ekonomikoaren larritasuna oraindik neurgarria ez bada ere, efektu batzuk modu azkar eta ikusgarrian nabaritzen hasiak dira.

Aipagarria da, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA; OCDE gaztelaniaz) negozioen aldi baterako itxierak eta mugikortasunaren murrizketak barne hartzen dituen neurriak ekonomia espainiarrean izango duen ondorioen aurreikuspena egin duela. Hau da, ELGAren kalkuluen arabera, ehuneko 2 puntuko eragin kaltegarria izan dezakete urteko BPGd-aren bilakaeran konfinamendu hertsiko hilabete bakoitzeko.

Era berean, Goldman Sachsek eta Morgan Stanleyk, AEBko finantza erakunde nagusietako bik, ziurtatu dute Espainiak hazkunde negatiboa izango duela 2020ko ekitaldi honetan, baina 2021ean errebote ekonomikoa izango duela, koronabirusaren krisia gaindituta geratzen denean. Goldman Sachs konpainia Morgan Stanley baino askoz baikorrago ageri da ekonomia espainiarrari buruzko aurreikuspena kaleratzeko orduan. Lehen erakundeak ziurtatu duenez, herrialdeak BPGd-aren %1,3ko jaitsiera izango du; bigarrenak, aldiz, jaitsiera %5,5ekoa izango dela dio.

Hortaz, Espainiak gerraostetik izandako BPGd-aren jaitsierarik handiena jasatea espero da, Freemarketen txosten baten arabera. Freemarket ikerketak Funcasek, BBVA Researchek eta Rafael del Pino Fundazioak egin dituzten kalkuluak batzen ditu, eta, horiek kontuan izanik, lehen bi hiruhileko hauetan 36.000 milioitik 98.000 milioira suntsituko lirateke. Enpleguan eragin handia izango duen ekoizpen-ehunaren gainbehera baten ondorioz, apirilean datu okerragoak espero dira ERTE espedienteen letra txikiagatik eta enpresa txikien itxieragatik, eta are gehiago tenkatuko du Espainiaren zorra, BPGd-aren %100 ingurukoa baita.

Ekonomia aurreikuspenak

Osasun-alarmari aurre egiteko Gobernutik ezarri diren neurriek kolpe izugarria eragin diote ekonomia espainiarrari. Nahiz eta Covid-19 epidemiaren hasierako inpaktua jarduera ekonomikoan nabaritzen ari den, batez ere sektore turistikoan (aerolineak, agentziak, hotelak…) eta nazioarteko hornidura-katearen mende dauden beste sektore batzuetan (oinetakoak eta ehunak, goi mailako teknologia eta etxeko artikuluak, baita industria autopropultsatua ere), pandemiaren ondorio ekonomikoekiko kezka Espainiako ekonomiako sektore eta azpisektore guztietan hedatzen ari da, makrotik mikrora.

Hortaz, epidemiak sektore guztiei eragingo dien krisia ekarriko duela argi badago ere, esparru batzuetan izango duen dimentsioa argiago ikusi daiteke. Horrela, jada ondorioak nabaritzen ari dira diru-sarrera iturri oparoena turismoan aurkitzen duten alorretan, besteak beste, ostalaritza, aisia, ikuskizunak…

Izan ere, hegaldiak eta hoteletako erreserbak bertan behera gelditu dira, azoka handiak erori egin dira, biltzarrak eta negozio-bidaiak atzeratu egin dira eta aisialdia bigarren maila batean gelditu da.

Turismoak eta zerbitzuen sektoreak berebiziko garrantzia dute ekonomia espainiarrean. Hots, turismoa Espainiako BPGd-aren motorra da, bere balioaren ia %13 hartzen du eta kanpo-eskariari oso lotuta dago. Ordainketa-balantzak landutako datuen arabera, turista atzerritarrek 72.000 milioi euro gastatu zituzten iaz Espainian, eta atzerrira egindako bidaiengatik espainiarrek egindako ordainketak 24.000 euro inguru izan ziren. Ondorioz, turismoaren sektoreak eragindako Espainiaren aldeko saldoa 46.000 milioi eurora iritsi zen 2019an, hau da, BPGd-aren %4. Gauzak horrela, sarrera horiek urtebetean zeroan jarriko balira, BPGd-aren lau puntu inguru galduko lituzke ekonomiak. Eta erorketa %50ekoa izango balitz sei hilabetez, hazkunde-puntu bat galduko litzateke.

Horrela, kontuan hartuta aurten ez dela aste santurik izango, ez baitaude baimenduta kanpoko eta barruko joan-etorriak, onura ekonomiko horiek ez dira posible izango. Arestian aipatutako Freemarketen txostenak gogorarazi duenez, turismoaren sektoreko galeren estimazioak 60.000 milioi eurora iristen dira.

Beste datu garrantzitsu bat Espainiako etxeetako gastuena da; izan ere, jatetxeetan, aisialdian, ekitaldietan eta bestelako jardueretan egiten diren gastuak herrialdeko BPGd-aren %10etik gora dira. Hortaz, partida horrek %50eko beherakada izango balu hurrengo hiru hilabeteetan, jarduerak BPGd-aren beste puntu bat galduko luke. Beheranzko bi errubrika horiekin bakarrik, Espainiako ekonomia atzeraldian egongo litzateke jada, eta birusa baino lehen aurreikusitako %1,6ko hazkundea izatetik -%0,5eko beherakada izatera igaroko litzateke.

Autonomoak eta ETEak

Birusaren agerraldiak izan dezakeen eraginari buruz Cepymek eta Predikazio Ekonomikorako Zentroak (Ceprede) egin duten azterketak eskaintzen duen ondorio kezkagarrienetako bat hau da: koronabirusak Espainiako ekonomiari eragin dion geldialdiak enpresa txiki eta autonomoei eragingo die batez ere. Cepredeko zuzendari Julián Peérezek prentsaurreko telematiko batean iragarri duenez, jardueraren geldialdia hilabete bakarrera mugatzen bada, ekonomiak 1,7 puntuko jaitsiera izango du eta 300.000 lanpostu galduko ditu urteko batez bestekoan.

Bestalde, Gerardo Cuerva Cepymeko presidenteak adierazi duenez, mikroenpresek eta ETE-ek jasango dute gehien epidemiak eragindako ekonomiaren krisia; izan ere, presidentearen esanetan, “gehien eragiten dieten sektoreak nagusiak dira”, eta, gainera, baliabide faltagatik, zailtasun gehiagorekin egokitzeko joera dutenak dira. Bere aburuz, galdutako 300.000 enpleguetatik, 70.000 baino gehiago mikroenpresetan (hamar langile arte) izango dira, beste 70.000 enpresa txikietan (hamar eta 49 langile artean), 48.000 ertainetan, 50.000 handietan eta 70.000 autonomoen kolektiboan.

Aurkeztu duten ikerketak hipotesi hau du abiapuntu: hilabeteko geldialdia kontsumo pribatuaren %8,2ko uzkurtzea da. Sektore kaltetuenen artean, ostalaritzak 20.000 lanpostu eta bere jardueraren %7,3 galduko duela ohartarazi du Pérezek. Mikroenpresa gehien dituzten eskualdeak eta gehien tratatutako sektoreen mende dagoen ekoizpen-eredua dutenak izango dira jarduera gehien galduko dutenak, nahiz eta Cepredek ez duen erkidegoen araberako efektua kalkulatu.

Lana kolokan

Koronabirusak sortutako krisiaren ondorioz, Espainiako lanaren panorama hankaz gora jarri da, eta asko izan dira langileak kaleratu edota beharginei ERTEa bezalako neurriak aplikatu dizkieten enpresak. Hain zuzen ere, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak argitaratutako datuen arabera, langabezia 302.365 pertsonan hazi da Estatu espainiarrean martxoan, eta hori inoizko hileko daturik txarrena da. Horrenbestez, martxoa amaitzean, 3.548.312 langabe zenbatu dituzte, 2017ko apiriletik erregistratutako zenbateko altuena.

Euskadiri erreparatuz, Lanbideren bulegoetan 10.974 langabe gehiago erregistratu dira martxoan, aurreko hilaren aldean, hots, %9,36ko gorakada izan da. Horrenbestez, hilea 128.213 langaberekin itxi da. Zehazki, Bizkaian 72.668 langabe daude, Araban 21.448 eta Gipuzkoan 34.097.

Halaber, Gizarte Segurantzak 833.979 afiliatu galdu ditu martxoan Espainian, eta 18,4 milioi afiliaturekin itxi du hilea. Gauzak horrela, martxoan, aurreko hilarekin alderatuta, langabezia %9,3 hazi da, eta igoera serie historikoan inoiz izandako altuena da. Orain arteko gorakadarik handiena baino 100.000 pertsona gehiago da hori: 2009ko urtarrilean, krisi ekonomiko betean, langabeziak ia 200.000 pertsonan egin zuen gora hile horretan. Zehazki, beherakada handiena erregimen orokorrak izan du, 855.081 enplegu gutxiagorekin, eta ondoren autonomoena, 40.877 galdu baititu.

Euskadiren kasuan, Gizarte Segurantzak 5.764 pertsona gutxiago ditu martxoan, eta, guztira, 967.389 kotizatzaile daude, hau da, otsailean baino %0,59 gutxiago. Lurralde historikoak aztertuz, otsailarekin alderatuta, Araban izan da jaitsiera handiena, %1eko egin du behera, eta 1.601 afiliatu gutxiago daude; Bizkaian, %0,66 jaitsi da, eta 3.220 afiliatu gutxiago daude; eta Gipuzkoan, %0,29 gutxiago, hots, 943 afiliatu gutxiago. Erregimenen arabera, EAEko afiliatu guztietatik 793.367 zeuden izena emanda erregimen orokorrean, eta 169.902 autonomoen kasuan.

Bestalde, kontratazioari dagokionez, martxoan 1.256.510 kontratu egin ziren Espainian, 2019ko hil berean baino %26,5 gutxiago, eta horietatik 145.393 kontratu mugagabeak izan dira. Aitzitik, Euskadin, martxoan 55.692 kontratazio egin dira, eta kontratuen bolumena %25,28 jaitsi da iazko martxoarekin alderatuta, hau da, 18.846 kontratu gutxiago. Horrela, Euskadiko 55.692 kontratazioetatik, 5.517 (%9,91) kontratu mugagabeak izan dira, eta 50.175 (%90,50) aldi baterakoak.

Jarduerei dagokienez, estatu mailan beherakada handienak eraikuntzan (%17,08), ostalaritzan (%14,27), jarduera administratiboetan eta zerbitzu osagarrietan (%8,91), hezkuntzan (%5,24) eta garraioan eta biltegiratzean (%4,76) izan dira. Aitzitik, osasun jarduerek gora egin dute, 7.085 afiliatu gehiagorekin. EAEn sektore guztietan egin du gora langabeziak, eta zerbitzuen sektorea izan da kaltetuena (7.947 langabe gehiago). Zehazki, ostalaritzari loturiko jarduerak izan dira eragin handiena izan dutenak: janari eta edari zerbitzuak (1.725 langabe gehiago) eta txikizkako merkataritza (+922). Beste aldean, langabeziaren beherakada izan duen jarduera bakarra egoitza-zerbitzuetako asistentzia (-261) izan da.

Laguntza ekonomikoak

Covid-19 birusaren eragina minimizatzeko, Eusko Jaurlaritzak zenbait diru-laguntza jaulki ditu. Hori horrela, familia eta kolektibo ahulentzako laguntzak, enpresentzako maileguak edo hipotekak ordaintzeko luzamendua dira ekoizpena eta kontsumitzailea babesteko neurri ekonomiko eta fiskalak.

Beraz, ekoizpen- eta gizarte-sarea babesteko interesgarriak diren laguntza hauek aurkitzen ditugu:

Familia eta kolektibo ahulen babesa: Jaurlaritzak kolektiborik kalteberenei eta familiei zuzendutako gizarte-larrialdirako laguntzen aurrekontua 16 milioi euroan gehitu du, hots, 27,5 milioi eurotik 43,5 milioi eurora igo da. Gainera, 10 milioi euroko funts berri bat sortu du bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta haurren pobreziari aurre egiteko.

Kontziliaziorako laguntzak: eskolen eta mendekotasuna duten pertsonak edo adinekoentzako zentroen itxieraren eragina pairatu duten familientzat, Jaurlaritzak dirulaguntzak onetsi ditu. Ondorioz, etxeko eta laneko eginkizunak bateragarri egiteko dagoeneko onartuta dauden neurriak malgutu, eta laguntzak aldi baterako luzatu ditu. Laguntza hauen hasierako zuzkidura 37.145.650 eurokoa bada ere, 52.145.650 eurora arte zabaltzeko aukera egongo da, aurkeztutako eskariak ikusita hori egitea beharrezkotzat joko balitz. Ezohiko neurri berriei erantzun ahal izateko, 15 milioi euroko kreditu ekonomiko bat aurreikusi da.

Autonomoentzako eta enpresaburu indibidualentzako laguntza: Lanbidek 33 milioi euro bideratuko ditu enpresaburu indibidualei eta autonomoei zuzendutako laguntza-ildo berri baterako. Laguntza pertsona horien Gizarte Segurantzarako kotizazioen gastuetara eta alokairu-errentak ordaintzera bideratuko da.

Telelanerako laguntzak

Telelana sustatzeko premiazko laguntzak: Inplantalariak programaren osagarri gisa eta Euskadiko ETE-etan telelana bultzatzeko xedez, %25-50 bitarteko dirulaguntzak emango dituzte (enpresaren tamainaren arabera) aholkularitzako eta ingeniaritzako gastuetarako eta hardwarea eta softwarea erosteko. Hala, Industria Digitala programa honek 2,3 milioi eurotik gorako aurrekontua du aurten.

Zorrak atzeratzeko aukera: autonomoek Gizarte Segurantzarekin lehendik zituzten zorrak geroratu ahal izango dituzte. Norberaren konturako langileek ekitaldi honetako apiriletik ekainera bitartean egin behar dituzten diru-sarrerak atzeratu ahal izango dira, interesen %0,5 aplikatuta. Sei hilabeteko moratoria bat ere onartu dute, maiatzeko, ekaineko eta uztaileko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordaintzeko, autonomoen zein enpresaburuen kasuan. Gainera, horiek ez dute ez errekargurik ez interesik izango.

I+G proiektuetarako laguntzak: itzuli beharrik gabeko dirulaguntza zuzenak dira, oinarrizko ikerkuntzako I+G proiektuetakoak eta koronabirusaren aurkako borrokarekin eta gaitzaren ondorio sozio-ekonomikoekin lotutako proiektuen industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuetakoak. Ezohiko finantzaketa-neurri honek %100ean estali dezake proiektua.

20.995 ERTE burutu dira Euskadin

Arestian aipatutako martxoko langabeziaren datuak ez ditu barne hartzen ERTE baten ondorioz enplegua etenda edo ordutegia murriztuta duten langileak, erregistratutako langabeziaren definizioak ez baititu langabe gisa kontabilizatzen. Beraz, birusak eragindako ondorio ekonomikoez eta lan panoraman izango dituen eraginez hitz egiten gaudenez, ERTE batean dauden langileak kontuan hartzea ezinbestekoa da.

Azken boladan oso entzutetsu egin den terminoa da ERTE hitzarena, izan ere, lurraldeko enpresa handi zein txikietan aplikatu den neurria izan da. Bada, ERTE bat Aldi Baterako Enplegua Arautzeko Espedientea da, eta espediente horren eraginpean dauden langileen “kontratuak etetea edo lanaldia murriztea” dakar. Beste era batera esanda, ERTE bat ez da kaleratzea, lana aldi baterako etetea baizik.

Ildo horretatik, EAEn 144.243 langileri eragiten dizkieten 20.995 ERTE espediente aurkeztu dituzte martxora arte enpresek, Lan Zuzendaritzak emandako informazioaren arabera. Lurraldeka aztertuz gero, Bizkaia izan da zenbateko handiena izan duen lurralde historikoa, izan ere, 10.945 ERTE espediente aurkeztu dira eta 69.101 langileri eragiten diete; ondoren, Gipuzkoan, 45.885 langile barne hartzen dituzten 7.052 espediente aplikatu dira; eta, azkenik, Araban, 29.287 langile daude aurkezturiko 2.998 erregulazioen eraginpean.

Zifra horiekin, Euskadiko enpresek enplegua aldi baterako erregulatzeko egiten dituzten espedienteak eta horien eraginpeko langileak gero eta gehiago dira, egunez egun. Gainera, ERTE espedienteak hasi dituzten enpresa guztien langileen %84ri eragiten die neurriak.

Espainiaren kasuan, aldiz, SEPE enplegu zerbitzu publikoak martxora arte 620.000 langabezia-prestazio onartu ditu ERTE espedienteetan 250.000 enpresatan, Yolanda Díaz Enplegu ministroak iragarri duenez. Kalkuluen arabera, Estatuan dagoeneko 1,5 milioi langile baino gehiago daude ERTE batekin.

Kritika zorrotzak PSOE-Podemosen kudeaketari

Osasunaren munduko erakundeak ohartarazpenak egin arren, berandu hartutako neurriak, inprobisazioa eta bat-bateko irizpide-aldaketak, informazio eza, haurren beharrei jaramonik egin ez izana, pandemiaren “militarizazioa”, edota autonomia-erkidegoekin aldez aurretik adostu gabeko erabakiak hartu izana izan dira, besteak beste, Pedro Sánchezek buru duen gobernuak jaso dituen kritiketako batzuk.

Europako eta Ameriketako hedabide ugarik Espainiak osasun krisiari aurre egiteko gabeziak agerian utzi dituzte: The Guardian, New York Times, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Le Monde, La Repubblica,… Zerrenda luzea da. Konrad Adenauer Fundazioa, Europa mailako erakunde ospetsua, gogor ere azaldu da Espainiako gobernuaren jarrerarekin. Martxoak 8ko manifestazioak arduragabekeri handia izan dira fundazioaren esanetan. Era berean, Koronabonoen eskakizuna PSOE-Podemos gobernuaren kudeaketa negargarria estaltzeko trikimalua izango litzateke. Iñigo Urkullu lehendakariak ere ez du ezkutatu krisia kudeatzeko moduagatik duen nahigabea.