Nortasun ibilbideak

Ni ondarrutarra na(z)” esanez aurkezten dute, maizenik, ondarroar gehienek euren burua. Izen-abizenak aipatu aurretik, lehenbizi, “ondarrutarrak” direla. Eta ondarroarrak ez direnei, bitxia bezain erakargarria egiten zaie herritartasuna agertzeko modu hau.

Baina zer dute ondarroarrek berezi, munduan barrena ondarroarrak direla esanez ibiltzeko? Aurten bertan, literatur amuen programaziora hurbildu den eta ondarroarra ez den idazle batek, hau esan zuen gai honen inguruan: “nik, ondarrutarrak, oro har, estrobertituak ikusten ditut, eta bere buruaz seguru, autokonfiantza handikoak. Horrez gain, oso euskaldun eta abertzale, eta ezaugarri horretaz harro. Eta gainera, batzuk ezkutuago besteak ageriago, konbentzituta eurak direla beste inor baino euskaldunago eta abertzaleago. Eta konbentzituta, halaber, munduan ez dagoela Ondarroa lakorik. Eta igual arrazoia izango dute”.

Herri baten nortasuna ezagutarazteko modu asko daude, baita sentitzeko eta bizitzeko ere. Herritar batzuek, idazleek kasu, euren hitzen eta idatzien bidez, nortasun hori zizelkatuta uzten dute, eta herritarren gogoetetan iltzatzen. Hori horrela, Ondarroako udalak, aste honetan, “Kalian gora, maria behera” izeneko literatur ibilbideen aurkezpenari ekingo dio. Herriko idazleen lanak oinarri hartu eta idazle horien liburuak estakuru, herrian zehar ibilbide ezberdinak egitera gonbidatzen duena. Herria idazleek deskribatu duten erara ezagutu eta bizitzera, alegia.

Ekimen ezin interesgarriagoa udalak abiatuko duena, “ondarrutarra na(z)” horren atzean zer dagoen erakusteko. Bertako idazleen begi zoliek herria nola deskribatzen duten jakiteko. Herriaren historia kontatzetik, egun bizi dituen gora-beherak ezagutzera eman eta herriaz nola amets egiten duten azaltzeraino. Jaioterria bertako idazleentzako zertan eta nola izan den inspirazio iturri jakin, eta euskal herritar orori, bertan bizi zein bertara hurbiltzen direnei, Ondarroaren xarma berezi horrek zertan datzan erakusteko.

Ondarroaren nortasuna jasotzeko modu ezin hobea, herriko idazleen ibilbidearen baitan.