Koronabirusak euskal ekonomia astindu du

Aurreko zenbakian argitaratu genuenaren ildo beretik, maiatzeko ale honetan COVID-19aren eragin ekonomikoa aztertuko dugu. Izan ere, Espainiako Gobernuak koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako konfinamenduak jarduera ekonomikoa geldiarazi, eta shock ekonomikoa eragin du, eta Espainiako BPGd-n gerraostetik izan den jaitsierarik handiena ekarri du. Hori dela eta, euskal ekonomiaren sektore ugari krisialdi larria bizitzen ari dira; enpresa eta establezimendu batzuei ixtea besterik ez zaie geratuko, eta beste batzuek nekez egingo dute aurrera. Horrenbestez, hurrengo lerroetan, osasun-krisiak herrialdeko ekonomian eragin duen astinaldiaz arituko gara

Duela urtebete imajinatuko ez genuen agertoki baten aurrean gaude: koronabirusak ekonomiaren oinarriak astindu ditu. Apirileko edizioan, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioak noraino iritsiko ziren ondo jakin ez arren, pandemiak gure ekonomian izango lukeen eraginari buruzko iragarpenak egin genituen, baina orain euskal ekonomiaren hainbat sektoretan izan duen benetako eragina ikusten ari gara. Izan ere, modu azkar eta geldiezinean hedatu den gaitzak era nabarmenean kolpatu du herrialdeko ekonomia, eta horren ondorio negatiboak argiago ikusi daitezke denborak aurrera egin ahala.

Konfinamenduaren lehen ondorio ekonomikoak era nabarian ikusi dira lan merkatuan. Enpresek ateak itxi dituzte, eta, ondorioz, hainbat lagun kaleratu eta beste enplegua aldi baterako erregulatzeko hainbat espediente aurkeztu dituzte. Hori horrela, Euskadik inoizko daturik txarrenak izan ditu apirilean, bai langabeziaren igoerari dagokionez, bai enpleguaren suntsiketari dagokionez. Hortaz, apirilean 13.507 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEko eta Nafarroako enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan, Espainiako Enplegu Ministerioak emandako zifren arabera.

Zehazki, Euskadin 138.643 langabe daude apirilean, 2017tik izandako kopururik altuena, inoiz izan den hazkunderik handiena izan ostean. Martxoko datuekin alderatuta, 10.430 pertsona gehiago daude lanik gabe apirilean, % 8,13ko hazkundea. Nafarroan, berriz, 3.077 langabe gehiago erregistratu dira apirilean, aurreko hilean baino % 8,23 gehiago, eta, guztira, 40.422 langabe zenbatu dituzte. Horrela, 2019ko apirileko datuekin alderatuta, langabezia tasa % 19,89 handitu da EAEn eta % 24,13 Nafarroan.

Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioaren bilakaeraren arabera, historiako apirilik txarrena izan da Euskadin, enplegua suntsitzeari dagokionez. Hau da, martxoan baino 18.418 pertsona gutxiagok kotizatzen dute, eta iazko apirilean baino 14.119 gutxiagok. Horrek esan nahi du biztanleria landuna % 1,5 jaitsi dela azken urtean.

Beraz, Euskadiko langabeziak gora egin du sektore guztietan apirilean, baina ostalaritzarekin eta merkataritzarekin lotutako jarduerak izan dira kaltetuenak. Horien artean aipagarriak dira janari eta edarien zerbitzuak (924 langabe gehiago apirilean) eta txikizkako merkataritza (+823). Ehunekoari begira, nabarmentzekoa da langabeziak industrian izan duen gorakada, % 8,91ko hazkundea izan baitu. Ondoren, zerbitzuak % 8,82 igo dira, eta eraikuntza % 7,76.

Ekonomia datuetan

COVID-19aren krisiak Euskadiko enpresa-jardueran duen eraginari buruzko datu ekonomikoek egoera negargarria erakusten dute. Eustatek egindako kalkuluen arabera, EAEko BPGd-k % 3ko beherakada izan du urteko lehen hiruhilekoan, 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero. Beherakada hori inoiz Eustatek hiruhileko batean neurtutakoetatik handiena da. Urte arteko tasan erorketa are handiagoa da, BPGd % 4,5 murriztu baita iazko martxoaren amaierarekin alderatuta.

Datu horiek erakusten dute nola eboluzionatu duen ekonomiak martxora arte, baina Predikzio Ekonomikorako Zentroak (Ceprede) euskal ekonomiaren urte osorako aurreikuspena egin du. Cepredek krisiaren eraginari buruzko ikerketa bat publikatu du, eta, bere iragarpenen arabera, Euskadiko BPGd % 7,2 jaitsiko da aurten, Estatuko batez besteko jaitsieraren gainetik. Izan ere, 2020rako Espainia osorako aurreikusitako batez bestekoa beherakada % 6,6koa izango da.

Cepredek adierazi duenez, Euskadi da estatu mailan BPGd-ren beherakada handiena jasango duen erkidegoetako bat, eta % 7,2ko beherakada hori bi erkidegok soilik gaindituko dute: Aragoik eta Balear Uharteek, % 7,3ko jaitsiera pairatuko dutelako. Zentroaren esanetan, erkidego zigortuenak, alde batetik, industrialenak izango dira, Euskadi, Katalunia edo Madril bera kasurako, eta, bestetik, turismoan gehien murgiltzen direnak, Kanariak edo Balear Uharteak, esaterako.

Ildo beretik, BBVA Reserchek argitaratutako “Espainiako Eskualde Behatokia” izeneko txostenaren arabera, EAEko BPGd-k % 7,3ko beherakada izango du 2020an, hots, Espainian baino gutxiago jaitsiko da, % 8ko atzeraldia aurreikusten baita. Era berean, txostenak azpimarratzen du Euskal Herriko ekonomia Espainiakoa baino apur bat hobeto berreskuratuko dela 2021ean, hots, EAEko BPGd % 5,8 haziko da, eta Nafarroakoa % 6,2, Estatuko batez besteko % 5,7ren aurrean.

Bi txosten horiek puntu komun bat dute: industriaren suspertzea turismoarena baino azkarragoa izango da. Horrela, euskal ekonomia arinago itzuliko da normaltasunera, hots, industriak Euskadin pisu handiagoa izateak eta turismoak BPGd-ri ekarpen txikiagoa egiteak krisiari hobeto eustea ahalbidetuko dute.

Nondik norakoak

Pandemiak euskal ehun ekonomikoari eman dion lehen kolpea ikaragarria izan da. Martxoaren erdialdetik apirilera arte, 2.100 enpresa baino gehiago galdu dira Euskadin, eta horrek 2001etik izandako mailarik baxuenean utzi du herrialdeko enpresa-ehuna. Confebask patronalaren kalkuluen arabera, apirilean 339 enpresa desagertu dira, eta horrek martxoko deskalabruaren beherakada moteldu du, martxoan 1.768 enpresa galdu baitziren.

Gauzak horrela, funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazi zirenetik, 2.107 enpresa suntsitu dira EAEn, guztizkoaren % 3,6, eta guztira 56.786 enpresa aktibo geratu dira. Hortaz, Euskadik 2008ko krisia hasi aurretik baino % 12 konpainia gutxiago ditu.

Jarduera-sektoreei dagokienez, enpresen itxiera zerbitzu eta eraikuntzan kontzentratzen da neurri handiagoan, nahiz eta industrian, oro har, langile gehiago egon enpresa bakoitzeko, eta horrek enplegua gehiago suntsitzea dakar. Hala, urte batetik bestera, eraikuntzako enpresen kopurua % 4,5 jaitsi da, 227 enpresa daudelako, eta atzetik datoz zerbitzuak, % 4,2ko beherakadarekin (-2.309), eta industria, % 2,3rekin (-152 enpresa).

Autonomoen kopuruari erreparatuz, apirilean 1.083 pertsona gutxiago izan dira martxoko datuekin alderatuta, serie osoko apirilik txarrena. Autonomoen kopurua 168.819 pertsonara jaitsi da, iazko apirilean baino 3.182 gutxiago: urte artean % 1,9ko beherakada izan da. Horrenbestez, 2002tik izandako mailarik baxuenean kokatzen da.

Behera

Konfinamendu-neurriek erabat eten dituzte bidaiak, ostatuetako gaualdiak eta jatetxeetara eta tabernetara joateko irteerak. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bildutako zifren arabera, alarma-egoerako 38 egunetan euskal turismoaren sektoreak ‒hotelak, agentziak, gidak, turismo aktiboko sinadurak eta ekitaldien antolatzaileak‒ 131 milioi euroko galerak izan ditu, eta batez besteko fakturazioa % 64 jaitsi da; egoera horrek, aldi berean, 3.745 lanposturi eragin die.

Halaber, oinarrizkoak ez diren produktuen kontsumoa era esanguratsuan murriztu da. Horren adibide da ibilgailuen salmentak izandako erabateko hondoratzea. Ekoizleen, kontzesionarioen kontzesionarioen eta saltzaileen elkarteek emandako datuen arabera, apirilean 60 auto berri bakarrik matrikulatu dira EAEn, 2019ko hilabete berean baino %98,3 gutxiago. Nafarroan, aldiz, 30 kotxe berri saldu dira: salmentak % 96 egin du behera, iazko aldi berarekin konparatuta.

Zifra horiek zeharo iluntzen dute lurraldeko ekonomiaren panorama, automobilari lotutako industria euskal ekonomiako garrantzitsuena baita. Automobilaren sektorea Euskadiko BPGd-ren % 12,5 da eta 35.000 pertsonari ematen die lana. Hori horrela, EAEn ibilgailuak mihiztatzeko bi lantegi handi daude, Mercedes Vitoria eta Volkswagen Landaben, eta pneumatikoak fabrikatzeko hiru planta, Michelin Lasarte, Michelin Gasteiz, eta Bridgestone-Firestone Basauri. Gainera, Euskadik potentzia handia du osagaien industrian, Espainiako Estatuko multinazional handienetako hiru bertakoak baitira: Gestamp, Mondragon Korporazioa eta CIE.

Enpresa horien ondorioak ikusgarriak izan dira; horren adibide da Volkswagen taldea. Volkswagen enpresak 405 milioi euroko mozkin garbia izan du urteko lehen hiru hilabeteetan, hau da, %86 jaitsi da aurreko urteko 2.912 milioi euroen aldean, enpresak argitaratutako datuen arabera. Orobat, pandemiak eragindako galerei aurre egiteko, Michelin fabrikatzaileak irailaren 15era arte luza daitekeen 70 eguneko bigarren aldi baterako lan-erregulazioa onetsi du, eta honek Gasteizko lantegiko 3.500 behargini eta Lasarteko lantegiko 500 langileri eragingo die.

Krisi sanitariora egokitu diren enpresak

Baina monetaren beste aldean, krisi sanitarioan aukera ikusi eta egoera berrira moldatzen jakin duten enpresak aurki daitezke, eskarien eta fakturazioaren zorroa handitu baitute. Hala, euskal enpresa batzuk maskaren sektorean toki bat egiten hasi dira.

Alde batetik, Mondragon taldeko Bexen Medical enpresak akordioa lortu du Osasun Ministerioarekin eta sei hilabetean 120 milioi maskara kirurgiko ekoiztea aurreikusi du. Horri esker, Estatuko maskara fabrikatzailerik handiena izango da.

Modu berean, Zamudioko Sibol enpresak maskaren ekoizpen ahalmena hirukoiztu egin du, babes ekipamenduen eskaera handiari aurre egiteko. Horrela, Bizkaiko enpresa Espainian segurtasun goreneko maskarak ekoizten dituen bakarra da, eta Europan bakarrenetakoa.

A&B Laboratorios konpainia arabarrak esponentzialki biderkatu du orain arteko gel desinfektatzaileen ohiko produkzioa. Hau da, baldintza normaletan 1 edo 2 tona hidrogel ekoizten dituzte hilean, eta orain 10.000 litro ere fabrikatzen ari dira egunero.

Azkenik, Gasteizko Grado Cero konpainiak bere jarduera birmoldatu du, eta makina astunentzako osagaiak fabrikatzetik maskarak fabrikatzera igaro dira. Horretarako, zazpi makina erosi ditu Txinan. Enpresak bi milioi euroko inbertsioa egin du, eta orduko 42.000 maskara ekoiztea aurreikusten du.