Hilabeteak daramatzagu COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorio ekonomikoak aztertzen; denborak aurrera egin ahala, argiago ikus daitezke kalteak. Zentzu horretan, birusak eragindako krisiak familia askoren diru-sarrerak erabat suntsitu ditu, eta haien egoera ekonomikoa kritiko bihurtu du. Hala, Espainiako Gobernuak neurri zehatzak hartu ditu pertsona askok bizi duten muturreko pobreziari aurre egiteko, eta onetsitako bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren neurria horren adibide argia da. Horren arabera, egoera ahulenean dagoen familia bakoitzeko 461 eta 1.015 euro bitarteko diru-sarrera bermatuko da, baina horrek ez du eraginik izango Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradunen egoeran

Espainiako Ministroen Kontseiluak onetsi berri du pobrezia larria pairatzen duten herritarrek bizitzeko gutxieneko diru-sarrera izatea. Hori horrela, Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO) gutxieneko bizi-errenta abian jartzen duen lege-dekretua argitaratu du: pobrezia-arriskuan dauden familientzako Gizarte Segurantzaren kargurako hileko prestazio bat. Horrela, gobernuaren azalpenen arabera, “bakarrik bizi diren edo bizikidetza-unitate batean sartuta dauden eta oinarrizko beharrak asetzeko oinarrizko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen pobrezia eta gizarte-bazterketa prebenitzeko” prestazioa da bizitzeko gutxieneko diru-sarrera.

Espainiako presidente Pedro Sánchezek “historikotzat” jo duen neurri horri esker, “inor ez da atzean geratuko” koronabirusaren krisiaren ondorioz. Bestalde, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko politika hedakorrak egiteko unea dela defendatu du Pablo Iglesias presidenteordeak, eta ekonomia suspertzen ere lagunduko duela esan du; izan ere, “errenta kontsumora joango da zuzenean eta autonomoek eta enpresek fakturatzen jarraituko dute”.

Gizarte Segurantzaren prestazio horrek, Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, Estatuan muturreko pobrezia egoeran dauden 850.000 etxe-unitateri egingo die mesede, eta 2.300.000 pertsonarengana baino gehiagorengana helduko da. Gizarte Segurantzaren arabera, 550.000 etxek dute muturreko pobrezia Espainian, hots, hilean 230 euro baino gutxiagorekin bizi dira. Beraz, neurri berriaren helburua da Espainian muturreko pobreziak % 80 behera egitea, hau da, txirotasunean dauden bost familiatik lauri eta guraso bakarra duten eta egoera zaurgarrian dauden familien % 90i laguntzea.

Prestazioaren zenbatekoa kontuan hartuta, 462 eurotik 1.015 euro bitarteko diru-sarrerak bermatuko zaizkie familiei. Zehazki, pertsona baten gutxieneko errenta, inolako diru-sarrerarik edo ondarerik eta bere kargura seniderik ez duena, 461,53 eurokoa izango da hilean. Gehienez hilero 1.015,37 euro jasoko dituzte hiru seme-alaba edo hiru heldu eta bi haur dituzten bost kideko familia-unitateek. Hasierako zenbatekoari 139 euro gehituko zaizkio pertsona gehigarri bakoitzeko.

Bestalde, guraso bakarreko familien kasuan, 700 eta 977 euro bitarteko errenta bermatzen zaie, seme-alaba kopuruaren arabera. Halaber, etxe horiek 100 euroko osagarria izango dute hilean adingabe bakoitzeko. 2020ko ekitaldirako, banakako onuradun baten kasuan, errenta bermatuaren urteko zenbatekoa 5.538 eurokoa da.

Kostu ekonomikoa

Gauzak horrela, errenta 12 ordainsaritan kobratuko da, hilero banku-transferentzia bat eginda. Interesdunek Gizarte Segurantzaren bidez eskatu ahal izango dute prestazioa, baina udalen bidez ere egiteko aukera aztertzen ari dira, aurreikusitako hitzarmenen arabera eta horiek sinatu ondoren, bai eta hirugarren sektoreko erakundeen bidez ere. Prestazioa eskatzeko epea ekainaren 15ean hasiko da, eta ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean aurkeztutako eskabideek 2020ko ekainaren 1etik aurrera izango dituzte ondorio ekonomikoak.

José Luis Escrivá Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministroak esan duenez, politika publikoak “ezin dira gizarteari bizkarra emanda bizi”, eta gutxieneko errenta pobreziaren aurka borrokatzeaz gain, gizarteratzeko eta laneratzeko palanka ere izango dela gaineratu du. Ondoren, zehaztu du neurriak 3.000 milioi euroko kostua izango duela urtero, eta kostuok Gizarte Segurantzak kudeatuko dituela Espainian. Hortaz, gutxieneko errentaren kostua Estatuko aurrekontu orokorretatik aterako da, Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko prestazio guztiak bezala, eta koronabirusaren osasun-krisia hasi aurretik planteatutako zergen multzoarekin finantzatuko da.

Gainera, Escriváren arabera, batez besteko errenta bermatua 10.070 eurokoa izango da urtean, eta gutxieneko diru-sarrera 4.400 euro ingurukoa. Gauzak horrela, aurten 500 milioi euroko kreditua izango dute finantzatzeko.

Hego Euskal Herriko kasuari erreparatuta, gobernua akordio batera iritsi da EAJrekin, eta horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Gizarte Segurantza bidez oso-osorik kudeatuko dituzte prestazio horren izapideak. Era berean, bizitzeko gutxieneko errenta horren osagarri eta subsidiario izatera igaroko dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) (1989an Eusko Legebiltzarrak sortua) eta Nafarroako errenta bermatua (1999an sortua). Hau da, osagarriak izango dira, Espainiako Gobernuak onetsi duen gutxieneko errenta, oro har, txikiagoa delako, Espainian bizitzaren kostua ez baita Euskal Herrian bezain altua.

Horren harira, Beatriz Artozabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak ohartarazi duenez, Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onetsi izanak “ez du eraginik izango gaur egun Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenengan, ez eta etorkizunean errenta horretara jo dezaketenengan ere”.

Aipatu beharra dago kolektibo zaurgarrienei zuzentzen zaizkien bi neurrien onuradun izateko baldintzak betetzeko orduan dauden alde nagusiak adina eta bizileku-denbora direla. DSBEren kasuan, Euskadin gutxienez 3 urtez bizi beharra dago, eta gehienez 30.000 euroko ondare garbia eduki. Bizitzeko gutxieneko prestaziorako beharrezkoa da urtebete lehenagotik Espainian bizitzea eta 16.000 eurotik beherako ondare garbia izatea.

Baldintzak

Laguntza jasotzeko, zenbait baldintza bete behar dira. Beharrezkoa da Espainian bizitzea, 23 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izatea, gutxienez hiru urtez modu independentean bizi izatea eta urtebetez Gizarte Segurantzan kotizatu izana. Beren ardurapean seme-alabak dituzten 18 urteko pertsonek kobra dezakete, baldin eta urtebete badaramate Espainian legalki bizitzen; baina salbuespen batzuk daude: baldintzak malguagoak dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat edo gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima direnentzat. Jasotzaileek errenta-aitorpena egin beharko dute, eta 15 egunez bakarrik joan ahal izango dira Espainiatik aldez aurreko jakinarazpenik gabe, betiere justifikazio gabeko 90 egun baino gehiago ez badira eta hala arau-hauste oso larria egiten ez badute.

Errentaren egiaztapena

Errenta-maila egiaztatzeko, eskatzaileei ondare garbiaren test bat egingo zaie, diru-sarrerak ken zorrak, eta ohiko etxebizitzaren balioa deskontatuko zaie. Ondarearen muga handitu egiten da etxeko pertsonen kopuruaren arabera: bakarrik bizi den pertsona batentzat 16.614 euroko zati bat izango da, eta lau pertsonako familia baten kasuan, 43.196 euro, gehienez. Escrivák azaldu du ondare garbia ezin dela izan jasotako urteko errenta baino hiru aldiz handiagoa. Onuradun potentzialek 5.538 eta 12.184 eurorainoko errentak izango dituzte. Kalkulu hori egiteko, Gizarte Segurantzak kontuan hartuko ditu eskatzaileak urtero jasotzen dituen diru-sarrerak eta hark ondarerik duen, ohiko etxebizitza edozein dela ere eta ordaintzeke dituen zorrak kenduta. Hasiera batean, 2019an aitortutako diru-sarrerak hartuko ditu kontuan, edo 2020ko hilabeteen batez bestekoa ezarriko da, koronabirusaren pandemiaren ondorioz diru-sarrerak galdu dituzten eskatzaileak ez baztertzeko.

Prestazio hori mugagabea da. Horrek esan nahi du egoera ekonomiko ahulak dirauen bitartean kobratzen jarraituko dela, baina zenbatekoa egokitu egingo da laneko edo bestelako diru-sarrerak handitzen edo galtzen badira, eta prestazioa horiekin bateragarria baldin bada. Ematen denetik aurrera, diru-sarrerarik ezaren egoerari eustea izango da egingo den kontrol bakarra. Hau da, Gizarte Segurantzak erregulartasunez egiaztatuko du onuradunek prestazio hori behar duela oraindik ere.

Kritikak

Azpimarratzekoa da Diputatuen Kongresuak baliozkotu egin duela, aurkako botorik gabe, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren lege-dekretua. Parlamentu-talde guztiek bozkatu dute neurriaren alde, Vox izan ezik, abstenitu egin baita. Hala ere, neurria ez da denen gustukoa izan, eta patronalek gobernuaren azken elkarrizketetatik kanpo geratu izana kritikatu dute.

Diruz lagundutako herrialde bat sortzea

CEOE eta CEPYME patronalek ukatu egin dute gobernuarekin harremanetan egon izana bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak ezartzearen inguruan. Izan ere, bi patronalek ohar bateratu batean salatu dutenez, ez dute gutxieneko diru-sarrera berriaren negoziazioan parte hartu, eta ekimen hori ez dute elkarrizketa sozialean eztabaidatu. Gainera, gobernuak “ez digu inoiz ekimen honen negoziazioan parte hartzen utzi, eta ez da elkarrizketa sozialean eztabaidatu, komunikabideetan eta sare sozialetan zabaldu den bezala”, zehaztu dute.

Ildo beretik, Antonio Garamendi eta Gerardo Cuerva buru dituzten bi patronalek “manipulazio interesatua eta enpresaburu espainiarrekiko leialtasunik eza” leporatu diote gobernuari, eta “alderdi proposamen bati babesa emateko presioa egin dutela jakinarazi dute, “elkarrizketa sozialekin ohiko bidea izan beharko lukeen akordio batekin zerikusirik ez duena”.

Zentzu horretan, Zuzendaritzako Aurrerapenerako Elkarteak (APD Asociación Para El Progreso De La Dirección, gaztelaniaz) antolatutako topaketa batean, Antonio Garamendik gobernuaren jarrera kritikatu du. Garamendik adierazi duenez, ahulenei laguntzak ematearen aldekoa den arren, “diruz lagundutako herrialde bat sortzea” baztertu du. Bere aburuz, ez da egokia Gizarte Segurantzaren prestazio berri hori, etxe motaren arabera 1.000 euro inguruko errentak osatuko dituena, alarma-egoeran egiturazko izaerarekin onartzea, eta gizarte-elkarrizketaren esparruan ez jorratzea.

Egilea Admin