Nafarroako gozotegien hitzarmena sinatu da: soldata-igoerak eta lanaldi murriztuaNafarroako gozotegien hitzarmena sinatu da: soldata-igoerak eta lanaldi murriztua

ELA sindikatuak asteazken honetan sinatu du Nafarroako Gozotegien sektorearen 2024, 2025 eta 2026. urteetarako hitzarmena patronalarekin, “erosteko ahalmena bermatzeaz gain, lizentzien hobekuntzak eta plusak handitzen dituena”.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, hitzarmena 3 urterako (2024-2026) berritu da, aurreko urteko KPIaren igoerarekin + % 0,25 2024rako, aurreko urteko KPIa + % 0,5 2025erako eta aurreko urteko KPIa + % 0,5 2026rako. Era berean, “urte guztietan gutxieneko igoera % 1,5ekoa izango dela bermatzen da”.

2025erako urteko lanaldia 8 ordu jaistea, lizentziak hobetzea eta plusak handitzea ere jasotzen du testuak, besteak beste. Hitzarmen berriak “aurretik zuen ultraktibitate mugagabeari eutsiko dio”, hau da, “aplikatzen jarraituko da, nahiz eta iraungi, eta enpresei hitzarmena ez aplikatzea eragozten dieten klausulak ditu”.

ELAk, sektoreko lehen sindikatuak, “modu positiboan” baloratu du hitzarmen honen edukia, eta “ezinbestekotzat” jo du sektoreko plantillek “sektoreko akordio hau baloratzea, baina enpresa-hitzarmenetan lan-baldintzak hobetzeko antolatzea”. “Sinadura honekin, ELAk beste behin ere sektoreko negoziazioarekin duen konpromisoa erakusten du, eduki onak daudenean”, adierazi du sindikatuak.