Hilabeteak igaro ahala, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioek herritarron ekonomia eta osasuna errotik astintzen jarraitzen dute. Komunikabideetan egunerokoa bihurtu den gaiari buruzko informazio gutxiago entzuten bazen eta pentsa bazitekeen gaitza pixka bat atzean utzi genuela, azken egunotan, koronabirusaren datuen eguneratzeak erakutsi du joera okertu egin dela. Izan ere, Euskal Herrian positibo berriak agertu dira, Ordiziako eta Iruñeko berragertzeak kasu, eta horrek gogorarazi digu ezin garela lasaitu eta segurtasun-neurriak errespetatzen jarraitu behar dugula. Horregatik, uztaileko ale honetan birusaren eragin ekonomikoa aztertuko dugu; zer panorama utzi duen eta epe ertainerako zer aurreikuspen egiten diren

Konfinamenduaren faseak amaitu badira ere, birusaren hilarriak ez du etenik, eta oraindik datu mingarriak uzten dizkigu. Aipagarria da COVID-19aren krisiak euskal ekonomian duen eraginari buruzko datuek egoera tamalgarri baten berri ematen dutela. Orain arte ezagutu ditugun datuek erakusten dute ekonomiak ekainera arte izan duen bilakaera, baina Laboral Kutxak urte osorako aurreikuspena egin du euskal ekonomiaren inguruan. Hala, bankuaren ikerketa zerbitzuak 2020rako aurreikuspenei buruzko txosten bat argitaratu berri du, eta, bertan, EAEn BPGd-ak aurten %8,9 behera egitea eta Nafarroan %8,6 jaistea espero da. Beherakada hori Estatuko batez besteko jaitsieraren azpitik dago; izan ere, Espainiako batez bestekoa %9,4koa izango da.

Euskal bankuaren txostenaren esanetan, ikertzaileek uste dute euskal ekonomiak bi urte beharko dituela koronabirusaren aurreko mailak berreskuratzeko, “beste agerraldirik eta konfinamendurik ez badago”, Joseba Madariaga bankuko ikerketa zuzendariak ohartarazi duenez. “Beherakada hain handia denez, pandemiaren aurreko egoera berreskuratzeko, litekeena da bi urte behar izatea. Bi hilabetetan bi urte galdu ditugu”, laburbildu du Madariagak. Txostenari jarraikiz, EAEko BPGd-an %7ko hazkunde orokorra espero da datorren urtean, eta %6,8koa Nafarroan; Estatuan, berriz, %6,9koa. Hortaz, 2021ean gorakada nabarmena gertatuko den arren, ez da nahikoa izango aurtengo beherakada konpentsatzeko.

Gainera, erakundearen enplegu-aurreikuspenen arabera, Euskadin enplegua %7,3 jaistea espero da, eta, beraz, langabezia-tasa %14,2ra igoko da 2020an. Nafarroan, lana %7,1 jaitsiko da, eta langabezia %13,2koa izango da. Enpleguak hobera egingo du, eta %5,6 egingo du gora 2021ean, eta, horrela, langabezia %12,7koa izango da, koronabirusa baino lehen jaitsitako %10eko mugatik urrun. Laboral Kutxaren arabera, 2023an krisiaren aurreko maila berreskuratuko du enpleguak.

Inflazioari dagokionez, negatiboa izatea espero da, prezioak %0,3 jaitsiko baitira EAEn eta %0,2 Nafarroan. Europako Banku Zentralaren inflazio-helburua %2koa dela kontuan hartuta, Euskal Herrian 2021ean ezin izango da maila horretara itzuli. Txostenaren arabera, inflazioa %1,1 igoko da Euskadin, eta %1 Espainian.

Estatuko panorama

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA, OCDE gaztelaniaz) argitaratutako enplegu-aurreikuspenei buruzko urteko txostenean adierazten denez, Espainia da ELGA osatzen duten lurraldeetatik krisiak gehien kolpatu duen herrialdeetako bat, eta, urtearen amaieran, langabezia-tasa %20ra hurbil daiteke, edo zifra hori gainditu, bigarren koronabirus bolada bat gertatzen bada. Martxoan eta apirilean langabeziak gora egin ostean, maiatzean langabezia %14,5ean egonkortu zela azpimarratu du txostenak.

Egoerak okerrera egiten jarraituko du hurrengo hilabeteetan; izan ere, maiatzean ia hiru milioi langile zeuden ERTE egoeran, hau da, soldatapeko langileen %18, ELGAko batez besteko %25aren aurrean. Gauzak horrela, ikerketaren egileek 2020. urtearen amaieran langabezia-tasa handitzea espero dute, betiere, pandemiaren beste agerraldirik ez badago.

Ildo beretik, Espainian, enpleguaren beherakada herrialde kideetako handienetakoa izango da aurten, %5,28koa bigarren pandemia boladarik ez badago eta %6,37koa hori gertatzen bada; ELGAn, aldiz, batez beste %4,09 eta %4,98 jaitsiko da, hurrenez hurren.

Gauzak horrela, Portugalen, Irlandan, Estatu Batuetan eta Kolonbian baino ez dira kopuru okerragoak espero. Stefano Scarpetta ELGAko Enplegu, Lan eta Gizarte Gaietako zuzendariak gogorarazi duenez, Espainiak langabezia-maila oso altuarekin hasi zuen krisia, Greziak bakarrik gaindituta.

Ikerketak dioenez, jardueraren hondoratzea nabarmenetakoa izaten ari da konfinamendu-neurrien larritasunagatik eta COVID-19aren talkak bereziki kaltetutako sektore batzuen pisu espezifikoagatik, turismoarena kasu. Halaber, BPGd-ren jaitsiera %11,1ekoa izango da egoerarik onenean, eta %14,4koa negatiboenean.

Ildo beretik, Europako Batzordeak puntu bat eta erdi okertu du Estatuko ekonomiaren aurtengo proiekzioa, eta orain BPGd-a %10,9 jaistea espero du; duela hilabete batzuk %9,4 jaitsiko zela zioen bitartean. Ondoren, 2021ean hazkundea %7,1ekoa izango da, 2020ko azken hilabeteetako arraste-efektu “gogorraren” ondorioz. Hala ere, 2021aren amaieran BPGd-a 2019koa baino lau puntu txikiagoa izango da.

Enpresen suntsiketa

Koronabirusaren osasun-krisiaren ondorio ekonomikoak modu negatiboan nabaritu dira euskal enpresa askotan; horietako batzuetan, porrotera edo fakturak ordaintzeko ezintasunera heldu arte. Euskadik enpresen 26 hartzekodunen lehiaketa erregistratu zituen ekainean, iazko hilabete berean baino %30 gehiago; Espainiako Estatuan, berriz, %4 hazi dira lehiaketa-prozesuan dauden enpresak. Euskal enpresen desegiteak, 79 guztira, %1 igo ziren, eta Espainiako batez bestekoa %35 jaitsi zen, Informa D&B enpresak burututako Lehiaketei eta Desegiteei Buruzko Azterlanaren arabera.

Txosten hori aztertuta, industria da ekainean hartzekodunen lehiaketa gehien pilatu dituen sektorea Euskadin, 9 lehiaketa egin baitira, eta eraikuntza da desegiteen buru, 22 desegite jasan baititu. Lurraldeka, Arabak lehiaketa bat eta 10 desegite izan ditu, Gipuzkoak 9 eta 33, eta Bizkaiak 16 eta 36, kasu bakoitzean.

Horren harira, orain dela gutxi Nafarroako ekonomia astindu duen albiste bat ezagutu da: Siemens Gamesa konpainiak Agoitzen duen lantegia itxiko du. Errota-palen fabrika itxi egingo dute 11 urteko jardueraren ostean, eta 239 langile kaleratuko dituzte. Siemens Gamesak jakinarazi duenez, Agoitzeko lantegia lehorreko turbinak sortzeko pala erraldoiak ekoizteko lehiakorra ez delako hartu du erabakia.

Lan merkatua

Bestalde, ekainean, 387 lehiaketa eta 1.034 desegite zenbatu dira Espainian; horrek esan nahi du lehiaketak %4 igo direla 2019ko hilabete berarekin alderatuta, eta maiatzean aurkeztutakoak baino ia %140 gehiago. Desegiteak %35 jaitsi dira hilabete honetan urte artekoan, baina aurreko hilean erregistratutakoak bikoiztu egin dira.

Lan merkatuari dagokionez, ekainaren 19an koronabirusaren pandemiagatik alarma-egoera amaitu ondoren, eta denborak aurrera egin duen arren, datuek ez dute hobera egin. Ekainean kaleratutako Euskadiko langabeziaren datuek egoera txarra erakusten dute, krisi ekonomikoak enplegua suntsitu baitu berriro. Enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan erregistratutako langabeen kopuruan 2.733 pertsona gehiago izan dira ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta, Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera. Horrenbestez, maiatzarekin konparatuta, %1,93ko hazkundea izan du langabeziak EAEn, eta 144.448 langabe daude guztira.

Hori horrela, langabeziaren gorakadaren erritmoa pixkanaka moteldu egin da; hau da, EAEn 10.974 langabe gehiago zenbatu ziren martxoan, apirilean 10.430 eta maiatzean 3.072. Halaber, 2019ko ekaineko zifrekin alderatuz gero, aurten 33.105 pertsona gehiago erregistratu dira Lanbideren bulegoetan, hots, %29,73gehiago.

Langabe gehiago Araban

Zifrei lurraldeka erreparatuz, Araban hazi da gehien langabezia ekainean: %2,36. Hala, lurralde horretan 24.343 langabe daude guztira, maiatzean baino 561 gehiago. Gipuzkoak jarraitzen dio, 39.138 langabe zenbatu baitira ekainean, hau da, %2,14 gehiago: maiatzean baino 821 gehiago. Azkenik, Bizkaian 80.967 langabe daude, eta %1,70ko igoera da hori, aurreko hilean baino 1.351 gehiago.

Era berean, 2019ko datuak aztertuz gero, Gipuzkoa izan da hazkunde handiena izan duen lurraldea, langabezia %35,91 hazi baita; guztira 10.341 langabe gehiago zenbatu dira. Araban %30,64 hazi da, eta 2019ko ekainean baino 5.710 langabe gehiago daude. Azkenik, Bizkaian %26,68ko igoera izan du, iazko ekainean baino 17.054 langabe gehiago.

Adituen iragarpenak betetzea espero dugu, eta laster susperraldi ekonomikoa hastea.

Emakumeak eta gazteak, kaltetuenak

Langabeziaren gorakadak kalte handiagoa egin die emakumeei eta 25 urtetik beherako gazteei. Datuen arabera, ekainean Euskadin zeuden 144.448 langabeetatik 13.676 pertsona 25 urtetik beherakoak ziren. Horrek esan nahi du maiatzarekin alderatuta 2.375 langabe gehiago daudela adin-tarte horretan. Halaber, langabeziaren igoera nabarmenagoa izan da emakumeen artean. 1.719 langabe gehiago gehitu dira, 79.313 guztira; eta gizonen artean 1.012 gehiago daude lanik gabe, 65.135 guztira.

Ekainean sektore guztietan egin du gora langabeziak, eraikuntzaren sektorean izan ezik, 117 langabe gutxiago baitaude. Kontratazioari dagokionez, EAEn 50.631 kontratu egin dira ekainean, maiatzean baino 16.881 gehiago (%50,02), eta 2019ko ekainean baino 42.884 gutxiago (%45,83ko beherakada).

Nafarroako enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan, aldiz, kopuruak hobera egin du, ekainean 673 langabe gutxiago zenbatu baitituzte, aurreko hilean baino %1,6 gutxiago, eta 40.464 langabe daude guztira. Hala, urte arteko datuei erreparatuta, langabezia 10.088 pertsonatan igo da 2019ko ekainarekin alderatuta, eta langabezia-tasa %33,21 igo da, Estatuko batez bestekoaren gainetik (%28,09).

Bestalde, Espainiaren kasuan, 3.862.883 langabe daude guztira, 2016ko maiatzetik antzeman ez den kopurua: 5.107 langabe gehiago.