Euskadin baja eragin zuten 37.443 lan-istripu izan ziren urteko lehenengo hamaika hilabeteetan, hau da, iazko aldi beraren aldean % 6,6 gehiago. Datu horien arabera, egunero laneko 112 baja izaten dira lanlekuan edo lantokira joateko edo handik itzultzeko bidean.
Osalanen datuen arabera, heriotza eragin zuten lan-istripuak 27 izan ziren, aurreko ekitaldian bezala, eta 184 zauritu larri zenbatu ziren (aurreko urtean 162 izan ziren).
Gehienak arinak
Kopuru horietan, lanaldiko ezbeharrak eta in itinere gertatutakoak sartzen dira, baita berrerortzeak ere. Lanaldiko istripuak 31.606 izan ziren (+% 5,6), eta in itinere zenbatutakoak, berriz, 4.139 (+ % 12,9).
Lanaldiko istripu guztietatik, 31.432 arinak izan ziren (+ % 5,6), 152 larriak (+ % 9,4) eta 22 hilgarriak (2023an 23). In itinere istripu arinak 4.102 izan ziren (+ % 12,7), 32 larri (23 2023an) eta bost hildako (urtebete lehenago baino bat gehiago).
Lanaldian istripu gehien izan zituen sektorea Zerbitzuak izan zen (16.785 istripu), ondoren Industria (10.390 istripu), Eraikuntza (3.883 istripu) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza (548 baja).