Euskadiko garraio publikoaren erabiltzaileek % 50eko deskontuak jasotzen jarraituko dute 2025eko lehen seihilekoan, urte osoan egin duten bezala. Horixe erabaki dute erakundeek Euskadiko Garraio Agintaritzaren ezohiko bileran, Ministroen Kontseiluak hobariak denbora horretan luzatzeko hartutako erabakia aztertzeko. Gainera, berrikuntza bat dago: 12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute, eta, horretarako, txartel pertsonalizatu bat erosi beharko dute Bat, Barik eta Mugiko herritarrentzako arreta-bulegoetan. 6 eta 12 urte bitarteko adingabeen kargu dauden pertsona guztiek urtarrilaren 7tik aurrera egin ahal izango dute izapide hori (6 urtetik beherakoak dohainik bidaiatzen dute jada), eta dagokion lurralde historikoan indarrean jartzen denean hasi ahal izango da erabiltzen, urtarrilaren amaieratik otsailaren hasierara bitartean.
Neurri horrek Euskadi osoko 130.400 adingabe ingururi egingo die mesede (22.000 Araban, 65.000 Bizkaian eta 43.300 Gipuzkoan). Azkenik, inplikatutako erakunde guztiak doakotasuna ezartzearen alde agertu dira, eta pixkanaka lurraldeka aplikatuko da.
Herritarrentzako garraio publikoko hobariei dagokienez, erakundeek garraio guztietan % 50eko deskontuari eustea erabaki dute, Bat, Barik edo Mugi txartelekin ordaintzean. Estatuko araudiak ezartzen du Espainiako Gobernuak kostuaren % 30 hartuko duela bere gain, gainerako toki-administrazioek gainerako % 20a beren gain hartzearen baldintzapean. Hala, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak deskontuaren % 10 ordaindu du 2022ko irailetik gaur egunera arte, eta administrazioek eta probintziako edo udaleko operadoreek, berriz, % 10 gehiago. Aldiz, Euskotrenen eta Gasteizko eta Bilboko tranbien kasuan, Eusko Jaurlaritzak % 20ko dirulaguntza ematen du, zuzenean Jaurlaritzaren mende baitaude.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak argi berdea eman dio Renfeko abonuen doakotasunari aldirietarako, errodalietarako eta distantzia ertainerako, bai eta deskontuak ezartzeko eta osatzeko konpromisoa hartzen duten autonomia-erkidegoentzako eta toki-erakundeentzako garraioaren % 30eko dirulaguntzari ere, ohiko bidaiarientzako zerbitzuen prezioa gutxienez erdira murriztu dadin. Beraz, erabaki horren ondoren, eta EAEko erakundeek Euskadiko Garraio Agintaritzaren ezohiko bileran onartu zutenaren ondoren, dena dagoen bezala geratzen da orain. Izan ere, Renfeko aldirietako zerbitzuek ere doakotasunari eutsiko diote. Zerbitzu horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da datorren urtarrilaren 1ean.