ALFA enpresak 100 urte bete ditu amaitzear dagoen urte arraro honetan. 2020ak ez du koronabirusaren oroitzapena bakarrik utziko, Eibarko enpresaren arrakastaren froga ere utziko du. Josteko makina-ekoizleen historia gorabeheraz beteriko pasarteak ditu, eta erresilientzia du ardatz. Hor dago enpresaren arrakastaren gakoa; Eibar harro sentiarazten duen historia. ALFAk eragin handia izan du Eibarren historian, eta bere historia ezin da enpresa hori gabe ulertu. ALFA eta Eibar arteko sinbiosia argia da.
Enpresaren arrakasta bermatu duten erabakiak ugariak izan dira; oraingoan, azken urteetan hartu direnak bilduko dira. Horrez gain, ALFAk egun dituen erronkak azalduko dira, eta nola ospatu duten urteurren berezi hau halako urte arraroan
Alfa enpresak urteurrena ospatu du aurten. Joan den urrian mende bat bete zuen, eta 100 urteko langa gainditu zuen enpresa gipuzkoarrak. Erakundearen historiak bi oinarri finko ditu: arrakasta komertzial handiak eta Eibarko egunerokotasunean izandako eragina.
Gizarteak Alfa izena arrakastarekin lotzen du. Denboraren poderioz, enpresa erreferentea bihurtu da Espainian. Gizartean guztiz barneratu zen, eta aski normala zen etxeetan Alfa josteko makina bat aurkitzea. Arrakasta historia guztien atzean, hainbat oztopo daude, eta joskintza enpresaren kasua ez da salbuespena.
Egoera ekonomiko kritikoen ondorioz, enpresak hainbat norabide aldaketa izan ditu. Azkenekoa nahiko berriki gertatu zen. Zehazki, 2015ean, Alfak bere azken berrikuntza aurkeztu zuen. Ez zen ez produktu berri bat, ez lantegiaren berrikuntzak, ez halako ezer. Alfaren taldeak bere komunikazio estrategian erabateko aldaketa baten alde egin zuen, eta egun estatu-mailan joskintza enpresa erreferentea izatea ahalbidetu du.
Duela bost urte, Eibarreko enpresak aurre egin behar zien erronkak ez ziren gutxi: hartzekodunen hitzarmenaren ordainketari aurre egitea enpresa onbideratzeko; josteko makina aisialdiko jarduera gisa erabiltzeari dagokionez merkatuan izandako joera-aldaketara egokitzea; merkatuaren lidergoa galtzea; eta, azkenik, digitalizaziora egokitzea, merkatuan merkataritza-plataforma handiak daudela kontuan izanda.
Digitalizazioa oinarri
Ekosistema hori abiapuntutzat hartuta, eta ehun urteko ibilbidea izatearen indarrarekin bat, Alfa taldeak erronka horiei aurre egin zien. Behin gabeziak aztertuta, hainbat bide miatu ziren, eta erantzuna digitalizazioan aurkitu zuen. Egungo ekosistema digitalera sartzeko beharra zegoen, joko zelaia aldatu zen, eta Alfa enpresa ez zen bertara egokitu. Bere komunikazio-estrategia errotik aldatzearen alde egin zuen, eta estrategia digitalizatuagoa jorratu zuen, sare sozialak eta on line hedabideak oinarri hartuta. Alfak bere produktu eta zerbitzuen eskaintza merkatu horretara moldatu zuen.
Kanpoaldearekin komunikatzeko eraldaketa hori erabakigarria izan da Alfaren azken urteetan, merkatu-hobi berrietara iristea ahalbidetu diolako, produktuak soilik saltzetik hari lotutako zerbitzuak eskaintzera igaro baita, josteko makina erabiltzera bideratutako zerbitzuak. Horren adibide dira sare sozialetan eta bere webgunean kaleratutako josteko tutorialak.
Ofizioa irakatsi
Ane Martinez enpresako marketin arduradunak aldaketa horren arrazoiak azaldu ditu, eta enpresak kontu saneatuak edukitzearen abantailak gaineratu ditu: “Proiektuaren azkeneko norabide aldaketa bezeroen azterketa egin eta gero egin zen. Enpresan konturatu ginen pertsona batek josteko makina bat erosten duenean bere berehalako beharra produktua eskura izatea baino gehiago dela. Benetan nahi duena josten ikastea da, eta orduan sortzen zaizkio zalantzak. Behin beharra lokalizatuta genuela, hurrengo pausoa eman genuen, eta erabiltzaileari josteko etapa bakoitzean laguntzeko konpromisoa hartu genuen”.
Enpresak bezeroei ematen dien etengabeko laguntza zerbitzu berrien diseinuan islatu da, hala nola laguntza pertsonalizatua, unean uneko telefono bidezko arreta edo aipatutako tutorialak.
Dena dela, estrategia aldaketak eragina izan du, halaber, josteko tailer eta ekitaldien antolaketan, hala nola Balenciaga Museoan (Getaria) edo Tabakaleran (Donostia) egindakoetan, bai eta Alfaren Historias Hiladas izeneko akademia propioen sarearen sorreran ere. Joskintza aisialditzat hartzeko joera berriari erantzun nahi izan dio ekimenak; “horretarako, estatu-mailan gure akademiak irekitzeko nahia dugu”, azpimarratu du Martinezek.
Aldi berean, enpresak Academia Amiga Plana jarri du abian. Proiektu horrek josteko akademiei zuzendutako zerbitzuak biltzen ditu, haien garapenean laguntzeko, aholkularitzan, publizitate-laguntzan, eta abar. “Ekimen honi esker, josteko akademiak gure markaren preskriptore onenak izatea lortu dugu”, adierazi du marketin zuzendariak, eta dagoeneko 100 akademia lagun inguru dituztela gaineratu du.
Alfaren digitalizazio prozesuak ez ditu online hedabideak bakarrik eduki ardatz; izan ere, hedabide tradizionalek ere beren tokia izan dute prozesu honetan. Duela 4 urte, Espainiako Telebista Publikoa (TVE) Maestros de la Costura telebista saioa ekoizten hasi zen. Programa hori talent show bat da; hainbat lehiakidek euren trebezia erakusten dute joskintzan. Saioa nahiko arrakastatsua izan da, eta dagoeneko 4. denboraldiko grabaketak filmatzen ari dira.
Eibarko enpresak saioa erabili du bere produktuak eta zerbitzuak erakusteko, bozgorailu gisa. Saioaren lehen ediziotik, Alfaren eta programaren zuzendaritzaren arteko harremana oso estua izan da, eta, horri esker, urtez urte Alfak makineria eman du lehiaketan zehar erabiltzeko eta platoa apaintzeko. Horrez gain, hainbat modelo oparitu ditu, lehiakide kanporatuei eskainitako opari gisa. Harremanak hain estuak dira, non Alfak duen museoan grabatu baitzen programako atal bat iaz.
Urte honetan ugariak dira Ane Martinezek komunikazio-estrategia horri esker suertatutako poztasun-arrazoiak. Aitzitik, Martinezek argi dauka berebiziko garrantzia izan duela “hartzekodunen hitzarmenaren ordainketari aurre egin ahal izatea, baita epea iritsi baino urte batzuk lehenago ere”. Hortxe dago estrategia komunikatibo berriaren arrakastarik handiena.
Erronka berriak
Alfak izan duen iraultza komunikatiboak beste erronka batzuk planteatzera eraman du enpresa. Horien artean, lidergo nazionala berreskuratzea eta nazioarteko merkatuei ekiteko aukera daude; enpresaren garapena sustatu dezaketen abantailak dira.
Marketin arduradunak harrotasunez adierazi du Innobasqueren eskutik jaso berri duten aintzatespena; izan ere, Alfa 2020ko Euskadiko bost enpresa berritzaileenetako bat dela adierazi du, azken 5 urteetako ibilbidean oinarrituta. Ez du ahaztu nahi, dena den, Alfaren taldearentzat euskal enpresagintzaren kide izatea ohore handia dela, are gehiago 100 urteren ostean marka inoiz baino biziago dagoela kontuan hartuta.
Odol berria ehun urtetik gorako enpresa baten tradizioaren eta historiaren aurrean: arrakastaren beste oinarri garrantzitsua. Alfako talde profesionalaren freskotasuna eta dinamismoa bere langileen artean islatzen da, batez beste 20 eta 30 urte bitartean baitituzte, abantaila teknologia aurreratuen aplikazioarekin eta merkatuaren eskaera berriekin lotutako garai modernoek ezartzen dituzten aldaketetara egokitzeko orduan. Era berean, azpimarratu beharra dago Alfak lan-arloan emakumearekin duen konpromisoa. Hasiera batean, enpresa aitzindaria izan zen emakumea lan-mundurako sarbide izaten, eta egungo talde profesionala, gehienbat, emakumeek osatzen dute.
Proiektu berriez betetako etorkizunerako itxaropenekin, gaur egun berehalako erronkak batez ere publiko gazte eta maskulinoari zuzentzen zaizkio.
Pandemia gaindituz
Alfa ireki zen egun hartan bezala, aurtengo urtea ere, 2020a, denon gogoan geratuko da, koronabirusak eragindako pandemiarekin bat egin duelako. Alabaina, hasiera batean pentsa zitekeenaren kontra, eta osasun-krisiak ospakizun-ekitaldi batzuk atzeratu baditu ere, josteko makinen salmenta asko hazi da, itxialdiak sortu dituen denbora-pasa berriak agertu direlako.
Salmenten gorakadari gehitu behar zaio Alfa talde profesionala erabiltzaileen eskariari aurreratu zitzaiola, egunero josteko edukiak eta hainbat ekintza eskainita. Adibide gisa, Alfarekin Erronkak izeneko ekimena egon zen, eta josteko makinen erabiltzaileek era nabarmenean parte hartu zuten.
Ez dira ahaztu behar itxialdi hilabeteak beren josteko makina zaharra ahanzturatik ateratzeko baliatu zutenak. Haientzat, Alfak aurrekaririk gabeko zerbitzu bat ematen jakin zuen, eskuliburu asko digitalizatuta, eta, horri esker, duela 40 urte baino gehiagoko makinak berriro martxan jarri dira. Azken ekimen hori Alfaren filosofian kokatzen da: digitalizazioari esker, pertsona orori joskintzaz gozatzeko erremintak ematea.
Museoa, Alfaren biografia
Fabrikaren barruko aldeak askorentzat ezezaguna den altxor bat ezkutatzen du: enpresaren historia ezagutzeko aukera ematen duen museoa. Museoko erakusketak Alfak bizitako garapena islatzen du, 20ko hamarkadatik gaur egun arte eratutako josteko makina ugariren bidez. Erakusketa bere bizitza luzean parte hartu duen pieza eta oroitzapenekin osatzen da, hala nola gaueko jantziekin.
Nahiz eta aukera asko ez izan, aurten ekimen bat jarri da martxan, museoa bere mendeurrenean zehar edukiz elikatzeko helburuarekin. “Zure Alfa, Zure Historia” izenarekin lehiaketa bat antolatu da, eta, horren bidez, parte-hartzaileek Alfa makinaren argazki bat bidali behar izan dute, edozein urte eta modelotakoa, atzean dagoen istorioarekin batera.
Ekimenak izan duen parte-hartze handiaren harira, Ane Martinezek honakoa adierazi du: “Orain, historia guztiak irakurtzeko eta irabazlea aukeratzeko lana geratzen zaigu“. Irabazleak jasoko duen oparia Donostian asteburu bat igarotzea izango da, eta Balenciaga Museoa bisitatuko du, Getarian, betiere, koronabirusa dela eta, bizi dugun osasun-egoerak ahalbidetzen duenean.
Gainerako parte-hartzaileek ere sari txiki bat jasoko dute. Lehiaketan jaso diren idazki eta mezu guztiak museoaren parte izango dira, testigantza horiek ordezkatzen duten ereduarekin batera.
Alfa eta Eibar, sinbiosia
1920ko urriaren 28a; oroitzapenerako eguna Eibarren historian. Ordutik, Alfaren presentziak eragin handia izan du Gipuzkoako udalerrian. Bere lehen 5 urteetako jarduera armen fabrikazioarekin lotuta egon zen arren, 1925etik aurrera josteko makinak egiten hasi zen.
Eskualdean izan duen inplikazio handiak, herritar askori lana emanda, Alfak Eibarko beste enpresen artean toki berezia lortzea ahalbidetu du. Urteak igaro ahala, udalerriari eskaini dizkion aukerei esker, bertako gizartearen kide izatearen benetako ondarea utzi du.
Halakoa izan da barneratze-maila, ezen fabrikako langileek hainbat hamarkadatan alfista izena jaso duten. Arrazoi horrek eta beste askok bultzatu dute Alfa taldearen mendeurrenaren urtean Eibarko herriari omenaldi beroa egitera. Udalak parte-hartze handia izan du aurten egindako omenaldietan: enpresaren fatxadan olana erraldoi bat jarri da, Portalea Kultur Etxean mendeurrenaren omenezko erakusketa bat antolatu da, eta Alfaren benetako sirenaren erabili da, garai batean fabrikara sartzeko eta irteteko orduak markatzen zituena. Horiek izan dira, besteak beste, urteurrena ospatzeko urtean zehar egin diren ekintzetako batzuk.
Sirenaren kasua bitxia da, egun Eibar harro egoteko beste egitasmo batekin uztartu baita Alfari egindako omenaldia: Eibar Kirol Elkartearekin. Azkeneko urteetan, etxeko futbol taldeak Espainiako lehen mailan jokatu du, eta bere historiako epe arrakastatsuena bete da horrela. Alfan erabiltzen zen sirena Ipuruako futbol zelaian jarri dute, eta Eibarrek etxean gol bat sartzen duen bakoitzean jotzen du. Herriko harrotasuna uztartzea eta sinbiosia bilatu du Udalak.