Euskal ekonomiaren sinbolo eta erreferentea. XIX. mendearen hasieran lehenengo pausoak eman zituen. Burdinak eta altzairuak Euskadiko paisaia eraldatu zuten, oparotasunez betetzeko. Lurraldearen loraldi ekonomikoa, euskal gizartearen eboluzioan behin betiko aldaketa eragin zuena. Industria euskaldunen bizitzan sartu eta bertako idiosinkrasiaren parte bihurtu zen. Industriak gizartearen modernizazioa ekarri zuen, Euskadi arrakasta ekonomikoaren adibide bihurtuz. Azken urteetan, ordea, binomio hori garai estu eta larriak igarotzen ari da. Lehen gainbehera-aldia 2008ko nazioarteko krisiak ekarri zuen. Oraindik kolpe horren ondorioei aurre egiten ari zitzaionean, euskal industriak COVID-19aren jipoia jaso du, eta enpresa askoren itxiera ekarri du

Euskal Autonomia Erkidegoko oinarri finantzarioa izan da industria, lurraldearen garapenaren giltza. XIX. mendean hasi zen behin betiko eraldaketa. Euskadik abeltzaintza eta nekazaritza zituen oinarri, baina burdinak industria iraultza ekarri zuen. Ordutik, industria eta Euskadiren izenak lotuta egon dira.

Harreman horren estutasuna ikusteko, aski zen ikustea zer-nolako pisua zeukan industriak euskal ekonomian. XXI. mendeko lurrikara ekonomikoaren aurretik, EAEn barne produktu gordinaren heren batek industria zuen oinarri. Egun, datu hori ez da laurden batera iristen.

Koronabirusak gainbehera latza eragin du arlo ekonomiko guztietan. Hedabideek turismoaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen porroten berri eman du, baina industriak ez du eduki ahotsik azken hilabeteetan. Industria ere oso ahula da birusarekiko, EAEko hiru probintzietan dituen ondorioek agerian uzten duten bezala.

Fenomeno hori begi-bistakoa da, 2020an industriak izan duen hondamena arakatzen bada. Euskal industriak abenduan itxi zuen 2009tik izandako ekitaldirik txarrena; hori da azken krisiaren lehen kolpearen urtea, hain zuzen. Euskadiko fabriken ekoizpenak % 13,3 egin zuen behera 2020an.

Azken krisi ekonomikotik lortzen ari zen igoera errotik moztu zuen birusak. Orduan, jarduera % 14,3 uzkurtu zen aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, eta jaitsiera handiena apirilean izan zen, % 39koa. Irailetik aurrera, beherakada bi digituen azpitik egon zen.

EAEko industria-ekoizpena uzkurtu egin zen 2020an sektore handi guztietan. Jaitsiera handiena, % 15,8koa, tarteko ondasunetan gertatu zen, beteak beste, metalurgian, produktu metalikoen fabrikazioan, industria kimikoan eta kautxuzko eta plastikozko produktuetan. Ekipamendu-ondasunak, ibilgailu motordunen fabrikazioa, trenbide-materialaren eraikuntza eta aeronautika- eta ontzigintza-eraikuntza barne, % 12,6 jaitsi ziren, eta energia, berriz, % 11,9. Lurraldeka, Bizkaiak izan du beherakada nabarmenena, 2020an % 16 jaitsi baita, ondoren Arabak (-% 13,2) eta Gipuzkoak (-% 10,6).

Orain arte emandako zifrak duela bost hamarkada aurrekusi den egoera baten kronika dira. Egia da mende honetako bi krisi ekonomikoek industriaren egoera hankaz gora jarri dutela, baina orain arte emandako zifrak duela bost hamarkadatik hona aurreikusi den gainbehera baten kronika izan dira. Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, joan den mendeko 70eko hamarkadaren erdialdean industria-jarduerak euskal BPGd-an zuen pisua % 49koa zen; mende berriaren hasieran, % 31ra jaitsi zen, eta, 2007an, % 29ra. Enpleguari dagokionez, 1977an 423.000 langile zeuden euskal industrian; 2008an 247.500 baino ez ziren, eta, gaur egun, 185.900. Euskal industriak 60.000 langile baino gehiago eta BPGd-an duen pisuaren ia % 5 galdu ditu azken hamarkadan.

Industriak azkeneko urteetan, bereziki azken hamarkadan, jasan duen hondamendiak hamaika fabrika itxi ditu Euskadin. Krisi ekonomikoez gain, beste faktore batzuek ere (deslokalizazioak, enpresa txikien absortzioak, etab.) euskal industria-sarearen desegite prozesua abiarazi dute. Pandemia izan da prozesua piztu duen azkeneko ekintza. Eguna joan eguna etorri aditzen ditugu albistegietan enplegu erregulazioetan murgildu diren enpresen kasuak, kaleratze masiboak edo fabriken itxierak.

ITP Aeroren borroka

Aztertuko den lehen kasua Barakaldon eta Sestaon plantak dituen enpresarena da. Hasiera batean, 136 kaleratze izango zirela esan zen, eta, azkenean, otsaila hasieran erregistratu ziren 83 kaleratze izan ziren.

ITP Aero taldeko PCBko enpresa-batzordeak “tamalgarritzat” jo zituen kaleratzeak. Izan ere, beste aukera batzuk ere bazeudela adierazi zuten, hala nola behin-behineko EEE bat aplikatzea, behin betikoa aplikatu beharrean.

Enpresaren eta greban dauden langileen arteko harremanak apurtuta bukatu du, eta ez dute sikiera bilerarik egin azken egunetan. Hori dela eta, PCBko enpresa-batzordeak prentsaurrekoa eman zuen, eta zuzendaritzari “bilera formala” egiteko eskatu zion.

Batzordeak bere garaian salatu zuenez, “koronabirusak eragindako krisi koiunturalak ezin zuen 90 lankideren kaleratzeen kostua eduki, urteetan zehar onena eman baitzuten enpresa sektore aeronautikoan ondo kokatuta egon dadin”.

ITP Aero Castingeko zuzendaritzak kaleratu nahi dituen langileen zerrendan “egoera benetan dramatikoak” daude: “Fabrika horietan lan egiten duten bikoteak daude, eta euren familia-nukleo osoa suntsitzen ari dira. 40 eta 50 urtetik gorako langileak familiarekin edo 10, 15 eta 20 urtetik gora lanean daramatzaten pertsonak ere badaude zerrenda horretan”.

Behin kaleratzeak berretsi direla, helburua langileak birkontratatzea da. Horretarako, ITP Aeroko lantaldea instituzioen laguntza bilatzen ari da, euren egoerekin solidarizatzeko. Momentuz, Barakaldoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskatu da, eta bilera bat antolatu da Industria Sailarekin, oraindik datarik gabekoa. Horrez gain, bestelako mobilizazioak egin dituzte, besteak beste, zenbait orduko lanuzte partzialak.

Tubacex, berrikuntza falta

Laudioko enpresak udako mehatxuak bete ditu, eta 150 langile kanporatuko ditu. Negoziazio-prozesua oraindik ez da itxi, eta behin-behineko eta behin betiko enplegu-erregulazioko espedienteei ekingo zaie; plantillako 800 langileri baino gehiagori eragingo diete.

Enpresak argudiatu duenez, enplegu-erregulazioko espedienteak “arazo estrukturalak” arintzeko balioko du. Bere produktuen sektore nagusia (petrolioa eta gasa) krisi larrian murgilduta dago, 2015az geroztik jarduera % 50 baino gehiago jaitsi baita sektorean, eta ez delako espero urte horren aurreko mailak berreskuratzea. Konpainiak ez du lan eraginkorra bete trantsizio energetikoan edo beste energia iturri batzuen alde apustu egiteko orduan. Konpainiak ez du lan eraginkorra egin trantsizio ekologikoari begira, eta koronabirusak krisi hori sakondu du.

Tubacexeko enpresa batzordeak mobilizazioekin jarraitzen du. Ekintzen artean, manifestazioak antolatu dira, eta, gainera, enpresan ordezkaritza duten sindikatu guztiek greba mugagabea deitu dute TTI eta Aceralava lantegietan. Batzordeak aurreratu duenez, euren helburua “kaleratze bakar bat ere ez egotea eta egoeraren araberako neurriak hartzea da.”

Zamudioko fabrikak

Gestamp konpainiak irailean iragarri zuen Matricería Deusto (177 langile) eta GT trokelen ingeniaritza (54 langile) ixteko erabakia, sektoreak “lehiakortasuna galdu” duelako. Kasu honetan, negoziazioek ez zuten eragin handirik izan, eta Gestampen hasierako nahia ia bere osotasunean bete zen.

Matricería Deustoren kasuan lortu zen akordioaren arabera, 57 urtetik gorakoentzako aurre-erretiroak % 80an eta 25 birkokatze hitzartu ziren. GTSren kasuan, akordio transakzionala sinatu behar izan zen langileen ordezkariekin, enpresak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioa akordiorik gabe itxi ostean. 1963an edo lehenago jaiotakoen aurre-erretiroak adostu ziren, eta taldeko beste enpresa batzuetan 15 birkokatze eskuratu ziren.

Siemenseko itxiera

Siemens Gamesa konpainiak oraindik ez du itxi fabrikarik Euskal Autonomia Erkidegoan, baina Espainiako fabrika gehienak krisiaren eragina jasaten ari dira. Adibide hurbilena Nafarroan dago, Agoitzeko fabrikaren itxiera, hain zuzen. Guztira, 239 langile kanporatu zituzten, baina hori ez da estatuko kasu bakarra. Urte hasieran jakinarazi zenez, As Somozaseko (Galizia) eta Cuencako (Gaztela-Mantxa) plantak ixteko nahia adierazi zuen enpresa alemaniarrak. Bi itxierak gehituta, 266 kaleratze izango lirateke.

Neurri horiez gain, beste hainbat zurrumurru egon dira enpresak Espainian duen jarduerari dagokionez. Adibidez, gerta liteke Agredako fabrikan (Soria) jorratu behar ziren prototipoak Danimarkara eramatea. Andreas Nauenek, Siemens Gamesako CEOak, taldearen presentzia Euskadin “bermatuta” dagoela azpimarratu du, baina Siemens Gamesak enpresa gisa duen betebeharra negozioaren “etengabeko berrikuspena” egitea dela gaineratu du. Halako adierazpenek eta, bereziki, Espainian gertatzen ari den suntsiketak ez dute segurtasunik ematen etorkizunari begira.

Egoera lazgarriak

Testuan zehar azaldu diren adibideak soilik icebergaren punta dira. Egun, Euskadiko industriaren egoera lazgarria da, eta pandemia azkeneko labankada sartzen ari zaio sektoreari.

Euskal ekonomiak oinarri izan duen arloaren berrikuspena behar da, aurrerantzean ere industria ekonomiaren oinarri izan dadin nahi bada. Industriaren auziak ez du bakarrik makroekonomiarekin zerikusia, ehunka eta milaka familia ere sektore honen pean baitaude. Euskal gizarteari sostengua eman behar zaio, euskal industria babestuz.

Industriaren berpiztea

Industriaren indarra berreskuratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua hasi da lehenengo ekimenak planteatzen. Iñigo Urkullu lehendakariak udan hauteskundeak irabazi ostean, sektore hau suspertzeko konpromisoa hartu zuen, eta bere hitza betetzeko momentua ailegatu da.

Eusko Jaurlaritzak arlo horrekiko duen lehen helburua argi du: industriaren eta zerbitzu aurreratuen sektoreak Euskadiko barne produktu gordinaren % 40a izatea. Lehendakariak sektorearen transformazioa proposatzen du, “klima aldaketaren aurkako borrokarekin konprometitua den jarduera ekonomiko eta subjektu aktiboa” bihurtuz.

4. Industria Iraultzan barneratzea proposatzen dute Ajuria Eneatik. Industry 4.0 izendatutako fenomenoa. Industria Iraultzaren laugarren etapa hau duela gutxi hasi zen, eta XXI. mendeko hirugarren hamarkadan garatuko dela espero da. Adimen artifiziala aipatzen da eraldaketa honen elementu nagusitzat, zeina oso lotuta dagoen datu kopuru handien (“Big data”) metaketa hazkorrarekin, horiek prozesatzeko algoritmoen erabilerarekin eta sistema eta gailu digitalen interkonexio masiboarekin.

4.0 industriak iraultza berri baten konpromisoa dakar; ekoizpeneko teknika aurreratuak eta eragiketak konbinatzen ditu elkarteetan, pertsonetan eta aktiboetan integratuko diren teknologia adimendunekin. Iraultza horrek teknologia berrien agerpenak markatzen ditu: robotika, analitika, adimen artifiziala, nanoteknologia eta Internet of Things (IoT), besteak beste.

Iraultza berrira batzeko, dagoeneko ari dira ekimenak sortzen. Eusko Jaurlaritzak Renove Industria 4.0 laguntza-programa bat aurkeztu du, enpresa txiki eta ertain industrialentzat, diseinu- eta muntaketa-lanetarako, Euskadin industriako jarduera-zentro bat duten makineria eta/edo ekipamendu aurreratua eskuratzeko proiektuak aurkezteko, eta bertan ekipamendu aurreratua instalatzeko (hardwarea eta softwarea).

Lehendakaritzak azken oinaze ekonomikoaren aurretik industria jorratzen ari zen garapena berreskuratu nahi du. Euskadik Europan erreferente bihurtuko den modeloa jorratu nahi du, eta industria euskal ekonomiaren motorra bihurtzea berriz ere. Izan ere, euskal enpresa-sarearen indarra berreskuratzea giltzarri gisa ikusten da.

Egilea Admin