Kuvu, 2017an sortutako start-upa, belaunaldi artean etxebizitza partekatzeko online eta offline plataforma da. Eduardo Fierro gazte ekintzaileak merkaturatutako proiektuak harremanetan jartzen ditu euren etxebizitzetan espazio erabilgarria duten 55 urtetik gorako pertsonak eta alokairu bila dabiltzan gazteak. Gaur egun, Bizkaian eta Madrilen erabilgarri dagoen zerbitzua bada ere, etorkizunean Euskadin zein Estatuan hazten jarraitzeko asmoa du.

Aipagarria da Kuvu ekimenaren ideiak inspirazio iturri bezala dituela mundu-mailako hiri askotan erabiltzen diren ostatu solidarioko programak. Programa horrek Homeshare International sareak hartzen ditu barne, eta, bertan, adineko pertsonek eta unibertsitateko ikasle gazteek etxebizitza partekatzen dute. Alabaina, eredu horretan, gazteek ez dute alokairurik ordaintzen, eta, trukean, zaintza-lanak egin behar izaten dituzte nagusiekin. Aitzitik, Kuvuren kasuan, truke ekonomikoa dago, eta bertako adineko pertsonak guztiz autonomoak dira, konpainia soilik bilatzen dute.

Gauzak horrela, Kuvu ekimenaren xedea bikoitza da: alde batetik, bakarrik bizi diren pertsona nagusien bizi-kalitatea epe luzera hobetzea bilatzen da, bakardadeari aurrea hartuz eta haien diru-sarrerak handituz; bestetik, gazteei arrazoizko prezioan alokairu duina eskaintzeko asmoa du, eta, aldi berean, hirietan etxebizitza aurkitzeko eskaintza handitzen du.

Hortaz, adineko pertsona batek ikasle edo profesional gazte batekin partekatu dezake etxea denboraldi batean, segurtasunez eta bermez: pertsona egokia aukeratzen da, eta bere etxea partekatzen duen bitartean lasaitasuna bermatzen da. Horrela, parte-hartzaile guztiak iragazki eta prozesu jakin batzuetatik igarotzen dira, Kuvu programan parte hartzeko eta komunitateko kide izateko egokiak direla ikusteko.

Era berean, start-up honek eskaintzen dituen zerbitzuak doakoak dira gela bila dabiltzan erabiltzaileentzat, baina ez, ordea, gela eskaintzen duten alokatzaileentzat. Izan ere, enpresa ekimen sozial pribatu eta independentea denez, autonomoak izateko beharra dute. Hori dela eta, alokairuaren zenbatekoaren % 15 kobratzen diote gela eskaintzen duen adinekoari.

Ildo beretik, Kuvuko etxebizitzen prezioa hiriaren, kokapenaren eta etxebizitzaren ezaugarrien araberakoa da, baina plataforman dagoen egungo gutxieneko prezioa 200 eurokoa da, gastuak barne. Hala, eskaintzen den etxebizitza motak merkatuan aurki daitezkeenak baino baldintza hobeak ziurtatzen ditu.

Pauso gutxitan

Kuvuren webgunean ikus daitekeenez, plataforma erabiltzeko funtzionamendua oso erraza da. Zehazki, erabiltzaileek lau urrats xume burutu behar dituzte, eta programako lantaldeak pisukide bateragarriak sortzeko lan egingo du.

Lehen urratsa izena ematea da, eta, horretarako, alokatzaileak webgunean bere burua erregistratu, eta bizikidetzaren inguruko alderdiak jasotzen dituen galdetegia bete beharko du. Testetik ateratako informazioa kontuan izanik, erabiltzailearen lehentasunak ezagutuko dira, eta, horien arabera, webgunean iragarki bat jarriko da.

Bigarren pausoa etxebizitza partekatzeko pertsona egokia hautatzea da, eta plataformak hautagai ugariren artean aukeratzen laguntzen du. Hots, alokatzaileak bere profilarekin bateragarriak diren hautagaien berri izango du, eta horiek elkarrizketatu eta aukeratu ahal izango ditu.

Ondoren, hirugarren puntua interesdunek bizikidetza-akordioa ixtea da. Hau da, bi aldeen artean Bizikidetza Akordioa itxiko da, eta etxebizitza partekatzen hasi ahalko dira. Gainera, hilabeteko probaldia izango dute, elkar ezagutzeko eta benetan egokiak diren ikusteko.

Azkenik, bitartekaritza prozesuaren eta jarraipenaren txanda da. Kuvuk egoiliarrak gustura daudela ziurtatuko du, bizikidetza-esperientziaren aldizkako jarraipena egingo du, bai aurrez aurreko bisitekin, bai telefonoz. Halaber, bezeroaren arretarako eta bitartekaritzarako zerbitzua ematen du, alderdien artean gerta daitezkeen gorabeherak konpontzen laguntzeko.