Etxetik lan egiteko bost gako

Azken asteetan asko entzun da telelana delako kontzeptua. Izan ere, etxetik lan egitea da enpresa ugarik zerbitzuak ematen jarraitzeko hartu duten erabakia, koronabirusaren alarma-egoeraren indarreko legedia betetzen den bitartean. Hemen, telelana modu arrakastatsuan egiteko ezinbestekoak diren bost aholkuren inguruan jardungo dugu

Koronabirusaren pandemia geldiarazteko Gobernuak ezarritako alarma-egoeran, telelanak –etxetik lan-jarduera telematikoa egitea– indarra hartu du lan-modalitate gisa. Alabaina, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE, gaztelaniaz) egindako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2018ko datuen arabera, Espainian 800.000 pertsona baino gehixeago aritzen dira telelanean ohikotasunez, eta kopuru hori ez da iristen biztanleria okupatu osoaren % 5era. Kopurua handitu egiten da telelanera noizbehinka jotzen duten 600.000 lagun gehituz gero, baina kopuru osoaren % 7 baino ez dira.

Gauzak horrela, asko dira etxetik lan egitera ohituta ez dauden beharginak, eta horiek zenbait zailtasun izan ditzakete online lan egiteko. Hala, lehenik eta behin, diziplina izatea beharrezkoa da, motibazioa mantentzeko eta nagikeria alde batera uzteko.

Hortaz, ondorengo lerroetan, telelana modu eraginkorrean egiteko erabilgarriak diren bost trikimailu proposatzen dira:

Lan-espazio propioa: garrantzitsua da etxean lan egiteko baino ez den leku bat bilatzea, eta beti bertatik jardutea. Ez da ideia ona telebista aurrean, ohean edo sofan lan egitea, beharrezkoak ez diren distrakzioak eragin baititzakete. Beraz, aukeratutako espazioa erosoa eta estimulu askorik gabea izango da, eta, ahal den neurrian, argi naturala izango du.

Lan-ordutegia betetzea: telelana egitean erraza da denboraren kontrola galtzea eta lanean askoz ordu gehiago egotea. Hortaz, jarraitu zure ohiko lan ordutegiarekin, eta lan-erritmo egokia mantendu eta atseden-orduak errespetatu.

Arropa erosoa janztea: online lan egiteko ez da beharrezkoa dotore janztea, baina, aldi berean, garrantzitsua da pijama alde batera uztea. Komenigarria da eguneroko higiene-errutina bat ezartzea; lan-jardunaldia energiarekin hasteko, arropa erosoa eta garbia eramatea beharrezkoa da.

Distrakzioak saihestea: lanean zentratu ahal izateko, laneko errendimendua eta produktibitatea murriztuko duten distrakzioak bertan behera utzi behar dira. Mantendu zure telefono mugikor pertsonala zure lantokitik urrun, eta ez zaitez sare sozialetan sartu.

Lankideekin kontaktua mantentzea: lankideekin harremanetan egotea funtsezkoa da ondo lan egiteko, eta, gaur egun, etengabe komunikatuta egoteko tresna ugari ditugu (WhatsApp, enpresa txatak, posta elektronikoa…). Ezinbestekoa da kideekin komunikazio ona izatea eta bakartzea saihestea, kaltegarria baita.