Azkeneko asteetan, puri-purian egon da argindarraren prezioaren igoera. Neurriak polemika handia eragin zuen, azken hotz-boladan prezioa % 27 igo baitzen. Hurrengo paragrafoetan datozen aholkuak bat-bateko igoerei aurre egiteko trikimailuak dira, hilabete amaieran ez dadin ezustekorik egon fakturan. Ekintza txiki ugari egin ditzakegu denok energia eta dirua aurrezteko. Gainera, aurrezkia ez da bakarrik gure onerako izango, ingurumenak ere eskertuko dizkigu-eta gure ekintzak
Egokitu potentzia elektrikoa zure beharretara
Hileko fakturan ordaintzen duzunaren zati handi bat kontratatutako potentziari dagokio. Kostu finkoa, kontratatuta dituzun kW-en arabera handitzen dena. Soberakinak izatea alferrikako gastua da, baina ez iristeak bizitza apur bat zailtzen dizu. Potentzia sare elektrikoak aldi berean ematen dizun kilowatt (kW) kopurua da. Argindarrak ez badizu inoiz salto egin, ezta berogailua, labea eta garbigailua aldi berean piztuta ere, posible da behar baino kilowatt gehiago edukitzea kontratatuta. Baina kontuz ibili, kontua ez baita muga-mugan bizitzea. Motz geldituz gero, baliteke berriro igo behar izatea, eta horrek kostua du.
Ordutegi-diskriminazioa duten tarifen aldeko apustua
Normalean, etxe guztietan aurrezteko modurik onena da. Zurean ere gai izango zara taktika hau ezartzeko, baldin eta gai bazara zure kontsumoaren heren bat gutxienez haraneko ordutegian kontzentratzeko. Denok dakigu energia merkeagoa dela eskaera gutxien dagoenean (gauez, adibidez). Baina ez gara ohartzen, oro har eta pentsatu gabe, energia guztiaren % 50 haraneko ordutegian kontsumitzen dugula. Beraz, ordutegi-diskriminazioa duen tarifa batera aldatzeak lagundu egin diezaguke urtean euro asko aurrezten argiaren fakturan, ahaleginik egin gabe. Merkatu librean zein merkatu arautuan egon.
Aukeratu etxetresna elektriko eraginkorrak (eta erabili besteak buruarekin)
Etxetresna elektrikoren bat aldatu behar baduzu, aukeratu etiketa energetiko eraginkorrenak dituztenak, hala nola A+, A++ edo A+++. Gehiago balio duten arren, luzera begira merkeago ateratzen dira kontsumitzen ez duten energiagatik. Beste gauza batzuk ere egin ditzakezu: Ahalik eta gehien kargatu garbigailua eta ontzi-garbigailua. Eta ur oso beroa behar ez baduzu, garbitu 40º-tan 60º-tan beharrean, eta aurreztu energiaren %55eraino.
Hobetu etxeko isolamendua
Isolamendu termiko ona da diruak etxetik kanpo hegan ez egiteko modurik onena. Helburua tenperatura atsegina mantentzea da, gehiegi ordaindu gabe, udan zein neguan. Ondo isolatutako etxebizitza batek energiaren % 30 aurreztu dezake, kasuaren arabera. Bero-ihesak dituzu? Ez itxaron konpontzeko. Hobekuntzetan inbertitutakoa urte gutxiren buruan jasoko duzu.
Aprobetxa itzazu etxe adimentsu baten abantailak
Klimatizazio-sistema eraginkorrak, argiztapenerako presentzia-sentsoreak, pertsianak igotzen eta jaisten dituzten instalazioak, etab. Domotikak erosotasuna, bizi-kalitatea eta aurrezpen handia dakartza. Kontrol adimenduneko sistemek kontsumo elektrikoaren gastua % 50 murriztu dezakete, argiztapenaren, ur beroaren, berokuntzaren edo aire girotuaren kudeaketa optimizatzen baitute.