Osoigo, herritarren parte-hartzea sustatzeko start-upa

Osoigo, 2014an eratutako start-upa, herritarren parte-hartze politikoa ahalbidetzen duen tresna digitala da. “Entzuten duten politikarien ataria” izenburupeko ekimen hau Eneko eta Imanol Agirre anaia zarauztarrek sortu dute.

Webguneak herritarrei eta politikariei elkarrekin solasteko aukera ematen die, erabiltzaileen galderei erantzuten dieten politikari aktiboei esker. Gauzak horrela, Osoigo ekimenaren xede nagusia online tresna bat sortzea da, gizartearen ekintza politikoa errazteko eta arintzeko. Horretarako, biztanleriari espazio bat eskaintzen zaio, beren komunitatearentzat aktibo politiko bihur daitezen, politikariekin, elkarte sozialekin eta erakunde publikoekin batera.

Osoigo proiektuak bi aldeen arteko bitartekaria izan nahi du: herritarraren beharra galdera formatuan azaldu, eta politikariak modu aktiboan entzutera bultzatu. Alabaina, hainbat politikariri galderak egiteaz gain, erabiltzaileek elkarteentzako atari propioa sortu, ekintzak ‒kanpainak eta ekitaldiak‒ _prestatu, inkestak egin, eta agorak ‒online eztabaidak‒ _sustatu ditzakete.

Galderak beharrezko babesa lortzen badu, politikariak galderari erantzungo dio. Hortaz, galdera guztiei erantzun behar diete, baldin eta gutxieneko babes kopurua lortu badute eta errespetu-faltarik gabe egiten badira. Hala, webgunean nabigatzen duen edonork eman dezake babesa, ez da zertan erregistratuta egon. Politikarien kasuan erantzutera behartzen duten gutxieneko atalaseak plataformaren kudeatzaileen eta politikariaren artean adosten dituzte, eta ganberen kasuan Osoigok ezartzen du.

Proiektua zeharkakoa eta alderdikoia dela esatea posible da, izan ere, Osoigon ildo politiko desberdinetako kargu publikoak dituzten pertsonak aurki daitezke. Hori horrela, erabiltzaileen iradokizunak eta dudak beraien ideologien parekoak diren edota guztiz kontrako pentsamenduak dituzten politikariengana zuzendu daitezke.

Aipagarri da Osoigo, 26.000 galdera erregistraturekin, Estatuan gehien erabiltzen den parte-hartze politikoko online espazioa bihurtu dela, 500 politikari, 53 alderdi, 900 elkarte eta 250.000 erabiltzaile aktiborekin. Parte hartu duten politikarien artean daude, besteak beste, Arantxa Tapia sailburua, Maddalen Iriarte Gipuzkoako zerrendaburua, Iñigo Errejon diputatua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Oskar Matute diputatua, Uxue Barkos parlamentaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, Javier Esparza parlamentaria eta Ines Arrimadas diputatua.

Xehetasunak

Osoigo webgunearen funtzionamendua sinplea da. Politikarien erregistroari dagokionez, pertsonaia publiko guztiek beren borondatez ematen dute alta atarian, erregistro-prozesuari jarraituz. Kontu bat irekitzea erabaki duten politikariek euren biografia dute Osoigon, eta bakoitzak “konpromiso ratio” bat du, jasotako galdera-erantzunen araberakoa. Beraien profilean sartzean, momentura arte jaso dituzten galdera guztien erantzunak irakurri daitezke.

Erabiltzaileei erreparatuz, edozein herritarrek edo elkartek egin diezaioke galdera bat politikari edo ganbera bati. Alabaina, orrialdearen erabilera egokia bermatzeko, erabiltzaileak erregistratu egin behar dira. Horrela, interesa duen edozein pertsona identifika daiteke komunitatean parte hartzeko eta komunitateko kide izateko, bere benetako izena edo izenorde bat erabiliz.

Beraz, internauta erregistratua dagoenean, “galdera proposamena” egin dezake, eta, horretarako, aukeratu egin behar du zein ganberari eta zein gairi buruz galdetu nahi duen. Iragazki horiek sartzean, Osoigok bere plataforman erregistratuta dauden politikarietako batzuk iradokitzen ditu, eta erabiltzaileak politikariok aukeratu edo baztertuko ditu.

Ondorengo urratsean, politikariari zuzendu nahi zaion galderaren izenburua eta deskribapena gehituko da, eta, gainera, edukia deskribatuko duen irudia txertatuko da. Pauso horiek egin ondoren, idatzitako galdera argitaratuko da atarian, eta gutxieneko babes kopurua jasoz gero, galdera bideratuko dute, hitz edota mezu desegokirik ez badu behintzat.