Aplanet, 2019. urtean Bilbon sortutako konpainia, enpresei zein erakundeei Erantzukizun Sozial Korporatiboaren estrategiak garatzen laguntzeko soluzio teknologikoak eskaintzen dituen plataforma digitala da. Cyril Pierre marketin adituak eratutako ekimen hau software sektoreko start-upa da.

Proiektuaren izena, Cyril Pierre Aplaneten CEO eta sortzailearen arabera, hitzaldi ospetsu batetik dator, Ban Ki-Moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusi ohiak New Yorkeko Climate Week ekitaldian 2014an egindakoa. Ki-Moonek gaur egun eslogan bihurtutako esaldi bat esan zuen: “ez dago B planik, B planetarik ez dagoelako”.

Webgunean irakur daitekeenez, egitasmoaren xedea erakundeen gizarte-erantzukizunaren eta jasangarritasunaren kudeaketa erraztea da. Hala, Aplanetek produktu teknologikoak eskaintzen dizkie enpresei, gobernuei, hezkuntza-erakundeei, fundazioei eta GKE-ei beren gizarte- eta ingurumen-jarduera guztien eragina modu arin eta zehatzean neurtzeko, Garapen Jasangarriaren Helburuei lotuta egon daitezen. Hala, proiektuaren helburua da enpresa eta antolakundeei tresna teknologikoak eskaintzea, gizartean duten inpaktua errazago kudeatzeko eta hobetzeko.

Aplanet B2B negozio-ereduan oinarritzen da —business to business merkatua, hau da, enpresa batek bere produktuak beste enpresa bati saltzen dizkio, eta ez zuzenean azken kontsumitzaile bati—, eta bere jarduera gizarte-ekintzara, iraunkortasunera eta enpresa, erakunde edo beste edozein konpainiatan kontzeptu horiek partekatzen duten harremanera bideratzen da.

Izan ere, sortzaileak, gizarte-erantzukizuneko arloan egiten den lana digitalizatzeko behar handia ez ezik, estandarrak eta jardunbide global onenak betetzeko premia ere identifikatu zuen. Ildo beretik, prozesuen kudeaketara bideratutako tresnen eskaintza eskasa antzeman zuen, eta premia horri erantzuteko estandar globalak betetzen dituen Aplanet proiektua sortu zuen.

Gainera, plataforman, denetarik egin daiteke gizarte-erantzukizunaren esparruan: iraunkortasun-memoriak, boluntariotzaren kudeaketa, berdintasun-planak eta askoz ere gehiago, modu erraz eta intuitiboan, erakundearentzat denbora eta kostuak murriztuz. Gaur egun, estatuan, Portugalen eta Brasilen dituzte bulegoak, eta era guztietako bezeroekin lan egiten dute, besteak beste, Leroy Merlin, Telefonica, Zurich, Brasilgo Río de Janeiro eta Portugalgo Braga hirietako gobernuak, Bilboko Athletic Club, Madrilgo Urrutiko Unibertsitatea (UDIMA) eta BQ.

Puntako lau produktu

Aplanetek produktuak, web- eta mugikor-aplikazioak sortzen ditu, 360º-ko ikuspegiarekin. Teknologia soluzioak eskaintzen ditu, sozialki arduratsuak diren komunitateak sortzeko. Horretarako, gizarte-erantzukizunaren kudeaketarako eta enpresen iraunkortasunerako hainbat tresna eskaintzen ditu, elkarrekin edo bereizita kontrata daitezkeenak, enpresaren beharren arabera. Beren zerbitzuak lau bloketan banatzen dira: Sustainability, Community, Equality eta Materiality.

Lehenik, Sustainability modulua dago. Datu ez-finantzarioen kudeatzaile bat da, ASG informazio guztia kudeatzeko (ingurumenari, gizarteari eta gobernantza onari dagokiona) datuak biltzea, informazioa bistaratzea eta iraunkortasunari buruzko txostenak eta memoriak egitea errazten duena, administrazio-karga murriztuz.

Community tresnak, aldiz, gizarte-ekintzaren inguruko jarduera guztia kudeatzeko, hala nola boluntariotza korporatiboa, prestakuntzak eta dohaintzak; horrela, jarduera eta inpaktua bat etor daitezke NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin.

Bestalde, Equality berdintasun-planak azkar eta modu eraginkorrean kudeatzeko, sortzeko eta horien jarraipena egiteko gailu berritzailea da.

Azkenik, Materiality materialtasun-analisiak egiteko tresna estrategikoa da. Ingurumenaren, gizartearen eta gobernantza onaren arloko alderdi garrantzitsuak identifikatzeko laguntzen du, Benchmarkingaren, entzute aktiboaren eta interes-taldeei egindako inkesten bidez.

Egilea Admin