COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak eta birusa berriro agertuko ote den beldurrak hainbat neurri zorrotz ezartzea eragin dute. Egoeraren aurrean konponbide azkarrak eta eraginkorrak aplikatu behar dira, eta horixe pentsatu dute Yetplan izeneko aplikazioaren sortzaileek. Yetplan mugikorretarako aplikazio berria da, eta merkataritza- edo aisialdi-lokalen eta beste leku publiko batzuen edukiera ezagutzea ahalbidetzen du.

Laura Dávila, Lucas de Lecea eta Javier Viaña EHUko Ingeniaritza Eskolako hiru ikasle gaztek sortu dute ekimen hau, eta konfinamenduaren ondoren sozializazioa errazteko modu bat da. Hala, hiru ekintzaile horiek harremanetan jarri ziren beste ingeniari kroaziar gazte batzuekin, antzeko irtenbideak garatu baitzituzten beren ideiaren garapena bizkortzeko eta lehenbailehen ostalarien, merkatarien, elkarte profesionalen eta administrazio publikoen eskura jartzeko.

Aplikazioa doakoa da, eta Apple eta Android operadoreentzat deskarga daiteke. Horrela, Yetplan ekimenaren helburu nagusia da online tresna bat sortzea establezimendu eta zentro publikoei berriz irekitzeko fase honetan laguntzeko: edukiera kontrolatzea ahalbidetzen du. Horrela, osasun-krisiak ezarritako segurtasun-neurriak betetzea errazten du eta erabiltzaileen osasuna bermatzen du. Horretarako, plataformak aukera ematen die erabiltzaileei “normaltasun berria” dela-eta espazio mugatua duten instalazioetan erreserbak egiteko, eta denbora errealean terraza edo lokal bat beteta dagoen jakiteko.

Gainera, merkataritza txikia sustatu nahi da sare sozialen bidez, eta kudeaketa hobea lortzen lagundu, pilaketak saihesteko. Beraz, egitasmo honek, instalazio publiko eta pribatuei lokalen edukiera kudeatzen laguntzeaz gain, sustapenak dohainik egiteko espazio bat eskaintzen du.

Erabilera

Gauzak horrela, proiektuak pertsona askoren kezketako bati erantzuten dio: edukiera mugatua duten espazio eta zerbitzuak erreserbatu eta horietan sartu ahal izatea. Hala, ostalaritzara eta kirol- edo kultura-instalazioetara zuzendutako aplikazio honek edukiera prozesu azkar baten bidez kudeatzeko aukera ematen du. Besteak beste, taberna, jatetxe, hondartza, gimnasio, museo, igerileku eta liburutegietan erreserbak egin daitezke.

Yetplan app-aren funtzionamendua erraza eta oso sinplea da. Izan ere, aplikazioak bilatzaile bat du, erregistratutako lokalak berehala kokatzeaz gain, jardueren eta udalerrien araberako bilaketa egiteko aukera ematen duena.

Alde batetik, erabiltzaileen erregistroari dagokionez, herritarrek urrats batzuk egin behar dituzte plataforma erabiltzeko; lehenengo pausoa aplikazio mugikorrera edo web-orrira sartzea da, eta izen-abizenak, telefonoa eta posta elektronikoa sartuta erregistratzea. Jarraian, erreserba egin nahi den herria bilatu behar da, eta erabiltzaileari interesatzen zaion espazioa (barrualdea, jangela edo terraza) aurkitu, bisitatuko duen ordu-tartea aukeratu eta joango den pertsonen kopurua sartu. Hori guztia hautatuta eta erabakita dagoenean, “erreserbatu” botoia sakatu, eta sistemak automatikoki erregistratuko ditu datuak, eta establezimendura iristean erakutsiko duen egiaztagiria emango dio.

Gainera, edozein arrazoirengatik azken unean joan nahi ez duzula erabakitzen baduzu, plataformak erreserba bertan behera uzteko aukera ematen dizu. Izan ere, posible da erreserbak ezeztatzea, “nire erreserbak” atalaren bidez.

Bestalde, lokala erregistratu nahi duten establezimendu eta zentro publikoen kasuan, establezimendu guztiek beren borondatez ematen dute alta atarian, eta bakoitzak bere izena, udalerria eta establezimenduaren irudi bat izango ditu. Lokalek irekiera ordutegiak eta edukiera adierazi beharko dituzte. Establezimendu bakoitzak erabakiko du zenbat ordu-tarte gorde ditzakeen bezero bakoitzak, bai eta aplikazioa erabiltzen duten bezeroen eskura zenbat mahai jarriko dituen ere. Gauza bera gertatzen da espazio publikoekin, hau da, gimnasioekin, liburutegiekin, igerilekuekin edo hondartzekin (dagokion udalaren laguntzarekin).

Egilea Admin