2012an Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroan sortu zen Smowltech spin off enpresak aplikazio bat garatu du, eta online azterketen segurtasuna bermatzea du helburu. Start-up horrek Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan du egoitza, eta tresna digitalak eskaintzen ditu ikaslearen nortasuna egiaztatzeko eta Internet bidezko edozein prestakuntza-prozesutarako. Eta ez azterketek irauten duten bitartean bakarrik; ikastaroak ematen diren bitartean ere bai. Ricardo Vearen buruzagitzapean, euskal konpainia Estatuko liderra da hezkuntza-erakundeentzako online ziurtapenerako konponbideetan, eta bost kontinenteetako 17 herrialdetan egiten du lan.

Azterketetan kopiatzea ohikoa da, eta azterketetako iruzur-teknikak gero eta adimentsuagoak eta sotilagoak dira. Hala, aurrez aurreko azterketetan zaila izaten da ikaslea kopiatzen harrapatzea, eta zailtasun hori areagotu egiten da online modalitateko titulazioak eskaintzen dituzten erakundeen probetan. Izan ere, zaila dirudi jakitea ikasleak galderak erantzuten dituen bitartean apunteak ordenagailuaren ondoan dituen, edo azterketa egiten ari dena matrikulatutako ikaslea den, eta ez beste pertsona bat.

Beraz, norbait Internet bidez aztertzeko, ziur egon behar dugu portaera okerrak saihesteko kontrol-sistemek gelan ezartzen diren adina berme eskaintzen dituztela. Hain zuzen, Smowltech arazo horiei erantzuteko sortu da. Start-up teknologiko hori aurpegia ezagutzeko sistema bat da, eta helburu du ikastetxe eta unibertsitateetako online azterketetan iruzurra saihestea eta online hezkuntza-erakundeen kalitate-eskakizunak betetzea. Horrela, ikasleen nortasuna egiaztatzeko sistema fidagarriak eskaintzen ditu erabiltzailea monitorizatzeko, kontrol horiek probaren garapena oztopatu gabe.

Alex Vea enpresako zuzendari estrategikoaren arabera, aplikazio hori sortu aurretik, zaintza bideo bidez egiten zen, ordenagailuko kamerak kontrolatzen zituen pertsona baten bitartez, baina sistema oso garestia zen eta eskalatzeko zaila: soilik azken azterketan zentratzen ziren, eta ez etengabeko prestakuntza-prozesu osoan. Alabaina, Smowl prozesua ausazko irudiak hartzean eta aurpegia automatikoki ezagutzean oinarritzen da; horrela, hezkuntza-prozesu osoan zehar erabil daiteke, pertsonak ikaskuntza-zeregin guztiak egin dituela egiaztatzeko, ikasle-kopuruan mugarik jarri gabe.

Era berean, enpresaren arrakastaren isla izan zen Venture on the Road lehiaketaren hirugarren edizioko start-up onenaren saria lortzea. Bestalde, beste aintzatespen batzuen artean, Smowltechek milioi erdi euroko dirulaguntza jaso du Horizon 2020 programa europarraren zibersegurtasunerako laguntzen barruan.

Pausoak

Smowltechek eskaintzen duen egiaztapen-eredu automatikoak elkarrekin konbinatzen ditu aurpegien errekonozimendu automatikoa eta eskuzko ikuskapena, inork besteren nortasunik ordezkatzen ez duela edo portaera desegokirik ez dagoela bermatzeko. Gainera, Smowl arkitektura malguarekin garatzen da, edozein motatako industriara eta ikaskuntza-ingurunetara egokitu ahal izateko.

Lehenengo urratsa erantzuten ari dena dioen pertsona dela ziurtatzea da, eta hori eredu biometriko baten bidez egiten da. Azterketa egin aurretik, litekeena da unibertsitateak ikaslea identifikatu izana edo bere NANa izatea. Ondoren, Smowltechek azterketan ikaslearen portaera “egokia” dela kontrolatzen du, kopiatzen ez duela eta laguntzarik jasotzen ez duela ziurtatuz. Horretarako, proba bakarrik dagoen eta zaratarik ez duen gela batean egiteko eskatzen zaio. Instalatu ondoren, erakundeak helburu horretarako sareko plataforman izango duen aplikazioa aktibatu beharko du.

App horren bidez, Smowltechek birtualki kontrolatuko du proba egiten ari den ordenagailuaren mahaigaina, eta ikasleari eskatuko dio gelako 360 graduko panoramika bat egin dezala bere ekipoaren web kamerarekin. Dena prest dagoenean, sistemak pantaila-argazkiak egingo ditu, adimen artifiziala duen algoritmo batek aztertuko dituenak, eta susmagarriak izan daitezkeen xehetasunak edo keinuak antzemango ditu.

Egilea Admin