Necsum arte digitalean eta entretenimenduan oinarritutako arte-estudioa da. Teknologiaren bidez esperientzia magikoak sortzen espezializatuta daude, eta nazioarteko hainbat sari irabazi dituzte. Startupa bere sektoreko erreferente bihurtu da, eta horren arrazoietako bat eskaintzen duten zerbitzuan dago. Necsumek bere baitan biltzen ditu bere sektoreko alor ugari. Esperientzia teknologiko esklusiboak sortzen eta diseinatzen ditu espazio mota guztietan. Arkitektura nahiz ikuskizunak, museoetan, tenpluetan, parke naturaletan eta monumentuetan. Horrez gain, gune interaktiboetan adituak dira, pertsonekin modurik dibertigarrienean konektatzeko: joko interaktiboak, errealitate areagotua, playground digitalak, eta ehunka sormen-esperientzia.

Munduko hainbat tokitako profesional handiek osatutako taldea da. Eskarmentu artistiko eta profesional handia dute, eta hainbat espezialitate hartzen dituzte. Diseinatzaile artistiko eta digitalak, lighting designerrak, arkitektoak, ingeniariak, sortzaileak, espezialista teknikoak, industria-diseinatzaileak, ekoizleak, 3D artistak eta eduki-garatzaileak.

Enpresak Erandion du egoitza, eta startup nahiko gaztea izan arren, dagoeneko lortu du nazioarteko arte digitaleko enpresa onenen artean kokatzea. Bizkaiko enpresa honek nazioarteko sei sari jaso ditu aurten. Mikel Gonzalez Necsumen sortzaile eta CEOak azaldu duenez, “sormen estudio bat gara, esperientzia teknologikoak eta interaktiboak diseinatu eta gauzatzen dituena munduan”.

Necsumek eskuratu dituen sari guztien artean, nabarmentzekoa da AV Awardsetan lortu zuen “Nazioarteko proiektu digital onena” izendapena. Sari horiek “Ikus-entzunezkoen Oscartzat” hartzen dira. Hori ez zen asteko aitorpen bakarra izan; izan ere, astelehenean bertan, San Mames estadiotik, Munduko Turismo Erakundeak (UNWTO) Athletic Clubekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatu zuen erronkaren irabazle aukeratu zituzten. Lehiaketak harrera bikaina izan zuen, 35 herrialde baino gehiagoko 99 enpresa berritzailek hartu baitzuten parte, eta proiektu berritzaile eta adimentsuak bilatzen zituen, Bizkaiko esperientzia turistikoak maximizatzeko, San Mames gai nagusitzat hartuta eta Athletic testuingurutzat hartuta.

Halaber, azaroaren 12an Las Vegaseko (AEB) ApexAwards sarietan saritu zuten Necsum, X-Madrilgo merkataritza-gunean egindako esperientzia proiektu interaktiboagatik.

Merezitako ospea

Sariez gain, startupak jorratzen duen lanak erakusten du Necsumek duen ospea guztiz merezia dela. Horren adibide da taldeak Barakaldoko Max Center merkataritza-gunean inauguratu berri duen proiektua. Instalazioaren ardatza tamaina handiko pantaila digital batean datza. 17 metroko altuera eta 9 metro eta erdiko zabalera duen totem digitala da, 25 milioi pixeletik gorako irudi-kalitatearekin. Necsum Trison pauso bat harago joan da merkataritza-gunea bisitatzeko esperientzian; bertan islatzen diren eduki eta artelanek ez dute inor axolagabe uzten. Artelan digital horretan, garai guztietako euskal kirolari onenetako batzuk omentzen dira. Baita arkitektura digitalari ere, non Guggenheim Museoaren titanioak, metro geltokiek eta San Mames Barriko lanek ere bizia hartzen duten.

Ikus-entzunezko instalazio hau adin guztietarako joko interaktiboekin osatzen da, eta, bertan, bisitariak izango dira protagonista pantaila erraldoi honetan. Plaza Nagusia sentsorez beteta dago, eta bisitariei modu interaktiboan jolasteko eta dibertitzeko aukera ematen die. Azkenik, euskal lurraldeetako paisaia zoragarri eta deigarrienek ere tokia dute Necsumen proiektuetan.

Enpresa berria izan arren, startuparen ekintza-erradioa bost kontinenteetara iristen da: “gaur egun proiektuak garatzen ari gara Asian, Ekialde Ertainean, Amerikan eta Europan”, eta etengabe hazten ari dira. Datorren urteko otsailean Amsterdamen egingo diren Digital Signage Awards sarietan 6 izendapen lortu dituzte 2021erako. “Oso harro gaude Euskadik gure sektoretik berrikuntzarako duen gaitasuna irudikatzeaz”. Izan ere, arteak eta teknologiak badute gure ordezkaria.

Egilea Admin