Duela hamar urte, Rodolfo Pereirak master bat egin zuen Lean Supply-ri buruz, eta “kontsumitzeko modua optimizatzeko ekimenen bat sortzea” proposatu zuen. Bere hasierako asmoa produktuak trukatzeko plataforma bat martxan jartzea zen, eta plataforma hori ontzen joan zen. 2016an, Josu Jauregui ezagutu zuen, eta gaur egungo proiektuari ekin zioten. Hala, 2018an Aloklub sortu zen: kontsumoa optimizatzera bideratutako enpresa da, eta Bilbon ari da sendotzen eta jendarteratzen, “alokairu-kluba” izeneko formatu original baten bidez.

Enpresaren ikuspegiak hiru zutabe ditu oinarri da: aisialdia, kirola eta etxea. Kopuruak txikia dirudien arren, Pereirak eta Jaureguik azpimarratzen dute hainbat aukera daudela arlo bakoitzaren atzean. Izan ere, birplanteatzen ari dira ikuspegi zabal horrekin jarraitzea edo sektoreren batean gehiago zentratzea. Euren webgunean (www.aloklub.es), gaur egun alokatzeko eskuragarri dauden 200 produktu baino gehiago ikus daitezke.

Familiak dira eskaintzen duten zerbitzuaren hartzaile nagusietako bat, Aloklubek pertsona horien premiekin lotura handia duen irtenbidea eskaintzen baitu. Negozio mota honi esker, dirua aurrezteko eta etxeko espazioa optimizatzeko modu bat ematen da, hainbat jarduera egiteari edo probatzeari utzi gabe. Etxeak garbiago eta ordenatuago mantentzeko produktuak daude (baporeta, zulatzeko makina bat…), eta jardueraren baterako urtean pare bat aldiz soilik behar dituzten produktuak ere bai, hala nola bota pare batzuk eta haurrentzako elurretako arropa.

Ordura arte produktuak ez edukitzeagatik gauzak egiteko mugatuta zeuden pertsonei aukera hori eskaintzeak oso sentsazio ona dakarrela aitortzen dute: “Zerbait positiboa eraikitzen ari garela ikusten dugu, eta pertsonen benetako beharrari modu zirkular, eraginkor eta iraunkorrean erantzuten diogu”.

Online harremanak, gakoa

Bezeroekin online harremana izatearen alde egin du Aloklubek, eta hori da arrakastaren gakoetako bat. Adibidez, interakzio mota horri esker, produktuak alokatzeko prozesua nahiko erraza da. Auto bat alokatzearen oso antzekoa da, edo hotel bateko erreserba bat egitearen antzekoa; desberdintasuna da aisialdiko, kiroleko eta etxeko produktuak direla.

Funtsean, web-orrian sartu, produktua aukeratu, jasotzeko eta itzultzeko data, eta ordaintzeko modua aukeratu behar dira. Erreserbatzen den lehen aldian bakarrik bete behar da inprimaki bat datu pertsonalekin, edozein online erosketatan bezala. Alokairua ordaintzeaz gain, fidantza bat kobratzen da, produktuaren arabera aldatzen dena.

Alokairuaren prezioak ere aldatu egiten dira egun kopuruaren arabera, noski; produktu baten kostua egunean 10 euro bada, asteko 30 euro inguru izan daitezke, adibidez.

Aloklubek eskaintzen duen zerbitzuak kontsumo-aukera jasangarriago eta arduratsuago baten bidea segitzen du. Bertatik aitortzen dutenez, joera hori gero eta handiagoa da, eta ez du atzera bueltarik. “Pixkanaka, gizartea gehiago kontzientziatzen ari dela ikusten dugu. Munduan sortzen ari diren alokairu-ekimen berrien kopuruan ere islatzen da.”

Plataformak autokritika ere egiten du; izan ere, aitortzen dutenez, irtenbide eta zerbitzu hobeak nola eskaini aztertzen eta ikasten ari dira. Baina, ikuspegia berbera da: serbitizazioa, jabetzaren aurrean erabilerara bideratutako ereduarekin. Erabileragatik ordaintzearen eraginkortasuna; produktuak bitarteko gisa, eta ez helburu gisa.

Alokluben abantailak

Abantailak bat baino gehiago dira, baina hauexek dira nagusiak: dirua aurreztea, etxeko espazioa optimizatzea eta jarduera gehiago egiteko askatasuna, ez baita produktu bakar batekin konpromisorik hartzen. Halaber, produktu jakin batzuk probatzeko aukera dago, erosteko erabakia hartu aurretik.

Azkenik, produktu bat modu partekatuan erabiltzean, askoz modu arduratsuagoan kontsumitzeko aukera eskaintzen da. Hortik dator haien eslogana: “Gozatu gutxiago gastatzen”. Asmoa da diru gutxiago eta baliabide gutxiago gastatzea gozatzeari utzi gabe.