Azti zentro teknologikoak eta Branka Composites ingeniaritza enpresak Itsasdrone izeneko itsas azalerako dronea sortu dute elkarlanean, itsasoan ikerketa gauzatzeko xedearekin. Aztik jakinarazi duenez, Itsasdrone itsas azaleraren gaineko iraupen luzeko misioak bultzatzeko drone bat da, eta gai da hainbat zeregin modu autonomoan egiteko, irrati edo satelite bidezko komunikazioa duen urrutiko kontrol automatizatu baten bidez.

Horrela, itsas ingurunean energia berriztagarriekin % 100ean funtzionatzen du gailuak, eta zero isuriko propultsio-sistema du. Gainera, fabrikaziorako erabili den erretxinak bio jatorriko osagaien % 30 du.

Hala, droneak erabilera ugari ditu: ikerketa ozeanografiko, meteorologiko edo biologikoak egiteko eta itsas agintarien kontrol-jarduerak gauzatzeko baliatu daiteke, besteak beste. Gainera, helburuen monitorizazioa egiteko gaitasuna du.

Itsasdronek energia aurrezteko modu bat du, eta modu horretan autonomia mugagabea du, bere baitan dituen bi eguzki panelen karga nahikoa delako dronearen kontsumoa egun osoan zehar hornitzeko. Era berean, eguzki-kargarekin arazoren bat izanez gero, bateriek 3 eta 4 egun bitartean irauteko ahalmena dute, eta horrek dronea bueltan itzultzea errazten du.