Tecnalia garapen teknologikoko zentroak, Frantziako Engie enpresarekin eta Eindhoveneko Unibertsitatearekin (TUe) elkarlanean, H2SITE izeneko start-up berria eratu du. Hala, ENGIE Venturesek, utilityen sektoreko mundu osoko funts handienetako batek, Espainian egiten duen lehenengo inbertsioa izango da.

Bizkaian dagoen H2SITE enpresaren helburua da purutasun handiko hidrogenoa teknologia eraginkor eta errentagarriago batekin ekoiztea bultzatzea. Teknologia berria prozesuen intentsifikazioan oinarritzen da, eta mintz-erreaktore aurreratuak erabiltzen ditu; hidrogenoa ekoizteko prozesuaren eraginkortasuna maximizatu, eta baliabideak (energia, lehengaiak…) minimizatzen ditu.

Gainera, hiru erakundeek (Engie, TUe eta Tecnalia) hidrogenoaren alorrean lankidetza egonkorrean aritzeko hitzarmena sinatu dute. Akordioak goi-mailako gaitasunak eta funtsak erakarriko ditu Euskadira, hidrogenoaren ekoizpenaren alor estrategikoan.

H2SITEri buruz

H2SITEren berrikuntza nagusia purutasun handiko hidrogeno banatua emateko gaitasuna da, kostu txikiarekin, eskala txiki eta ertainean, bai aplikazio estatikoetan (industrian, elektrizitatean…), bai energia behar duten eremu isolatuetan (uharteak, sare elektrikorik gabeko eremuak…), bai eta mugikortasunean ere.

H2SITEk mugikortasun elektriko % 100 berdea hedatzea erraztuko du, eta ibilgailuen barruan ontziratutako sistemei hidrogenoa sortzeko aukera emango die. Hidrogenoaren plataforma teknologiko gisa, gai izango da zenbait konposatutatik hidrogenoa sortzeko, hala nola biometanotik, amoniakotik eta bioetanoletik.

Egilea Admin