Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Talgoko operazioa “laster” ixtea espero du, Renferen isuna eta trenen fabrikatzailearen zorraren birfinantzaketa “lasaitasunez eta zehaztasunez” landu ondoren.
Jauregik RNEri eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok. Europa Pressek jaso du elkarrizketa hori, eta Sidenorrek gidatutako euskal partzuergo batek Talcon sartzeko egindako eragiketa izan du hizpide. Partzuergo horretan Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek ere parte hartzen dute.
Joan den otsailaren 14an, euskal partzuergo horrek aurre-akordio bat itxi zuen Trilantic funtsarekin, Talgoren % 29,77ko partaidetza eskuratzeko, eta, hiru aste barru akordioa sinatuko zela adierazi bazen ere, atzeratuz joan da eta oraindik ez da egin.
Horren harira, Mikel Jauregik adierazi du Talgoren sartzeko operazioa “laster” itxiko dela uste duela. “Hemen mahai gainean jarri diren hainbat gai daude, eta xehetasunetara jo behar dugu, bai Renferen isuna, bai Talgok bankuekin duen zorra birfinantzatzeko baldintzak”, adierazi du.
Azaldu duenez, “xehetasun oso garrantzitsuak” dira, eta “lasaitasunez eta zehaztasunez” landu behar direla gaineratu du.
Balenciaga ontziolak
Bestalde, hartzekodunen konkurtsoan dagoen Astilleros Balenciaga enpresaren egoerari buruz, bi inbertitzailerekin “harreman zuzenean” jarraitzen dutela adierazi du, eta zorra murrizteko hartzekodunekin akordio bat itxi dela gogorarazi du. Bere ustez, horrek “inbertitzaileak sartzeko aukera ematen du”.