Eusko Jaurlaritzak Bikaintek laguntzen programa zabaldu du Euskadiko enpresetan I+G sustatzeko, ikertzaileak kontratatuz.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatutako ekimenak 5,7 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du eta urtean 60.000 euro arteko dirulaguntzak eskaintzen ditu doktoreen lerroko kontratazio bakoitzarengatik, eta 40.000 euro artekoak doktorego industrialak egiteko. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 14an amaituko da.

Doktoretza duten pertsonak kontratatu daitezke ikerketa industrialerako proiektuetan jarduteko, edo ikerketa industrial batekin lotutako doktoretza-tesia egingo duen norbait kontratatu daiteke. Helburua da talentua sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-inguruneetan I+Gko proiektuak garatuz. Beste helburua da Euskadiko industria-ehunduraren lehiakortasuna eta gaitasuna handitzea.

Ekimen honi esker, Eusko Jaurlaritzaren xedea da Euskadiko enpresek egiten dituzten ikerketan doktoretza duten pertsonak izatea buru, hori baita nazioartean ikerlarientzat onartzen den prestakuntza akademikoa.

Bi urte eta lau urte bitarteko iraupena

Lehiakortasun industrialaz gain, programak ikerlari horien lan-munduratzea sustatu nahi du, ibilbide profesionalaren hasiera-hasieratik. Kontratazioak enpresentzat ez ezik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzat ere badira.

Dirulaguntzek proiektuaren kostuen % 70 estaliko dute, 60.000 euro jaso ahal izango dira gehienez ere urtean doktoretza duen pertsona bat kontratatzeko; 40.000 euro doktorego industriala egiten ari direnentzat. Bikainteken aurrekontuko 5,7 milioi euroko zenbatekoa honela banatzen da: 2,6 milioi doktoreak kontratatzeko eta 3 milioi baino gehiago doktorego industriala egiten ari direnentzat.

Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, kontratuek gutxienez bi urte (doktoreentzat) eta lau urte (industriako doktorego-tesiak egiteko) bitarteko iraupena izan beharko dute eta urteko gutxieneko ordainsari gordina (Gizarte Segurantzako kostuaz gain) 35.000 eurokoa izan beharko da lehen kasuan eta 22.000 eurokoa bigarrenean.

Edurne Albisu

Egilea Edurne Albisu