SDA Factory Gasteizko konpainia, Ufesa faktoria izandakoa, koronabirusaren aurkako plantxa modeloa merkaturatzen hasi da, jantziren baten harien artean egon daitekeen birusaren edozein hondar erabat ezabatzea ahalbidetzen duena. Horretarako, SDA Factoryk aparteko teknologia diseinatu eta garatu du, Healthy programa eragin duten bi patentetan oinarrituta.

Edozein ehun lisatzeko erabil daitekeen Di4 markako lisatze-soluzio horrekin ez da beharrezkoa arropa 60º-tan garbitzea, kasu gehienetan ehunari kalte handia egiten baitiote. Healthy programak Nafarroako Unibertsitateko laborategian eta Eurecat Kataluniako Teknologia Zentroan egindako ikerketa bana jaso du, eta bietan berretsi da COVID-19aren aurkako erabateko eraginkortasuna.

Eraginkortasuna

Iñaki Castresana SDA Factoryko antolakuntza arduradunak azaldu duenez, “horizontalean edo bertikalean lisatuta, lurrun-kolpeak –150 gradutik gora–, jantziaren ehun guztietan sartzen dira, eta minutu erdi baino pixka bat gehiagoan erabat desinfektatzen direla bermatzen da, inolako kalterik eragin gabe”.

Tresnak birusaren aurkako eraginkortasuna bermatzen du, jantziarekin kontakturik izan gabe.

Beraz, aliatu ezin hobea da merkataritza-sektorearentzat; izan ere, dendek higienizazio-protokolo zorrotzagoak jarraitu behar dituzte, eta arropa higienizatu ahalko dute garbitu beharrik gabe. Tresna honi esker, jantziak segundo gutxi batzuetan erabat desinfektatuta eduki ahalko dituzte; aitzitik, arropa higienizatzeko beste prozesu batzuek 48 ordura arteko berrogeialdia eskatzen dute, lokaletan berriro zintzilikatu aurretik.

Egilea Admin