Josu Jon Imaz Repsol taldeko kontseilari delegatuak iragarri duenez, konpainiak 80 milioi euro inbertituko ditu punta-puntako bi planta industrial berri sortzeko. Lehenengo lantegia energia berriztagarrietatik hidrogenoa ekoizteko erabiliko da; bigarrena pirolisi planta bat da, eta hondakinetatik gasa sortuko du. Ekonomia zirkularraren aldeko bi proiektuak Petronorrek sustatuko ditu, eta Bilboko portuan eta haren inguruan kokatuko dira.

Lehen proiektuak 60 milioi euroko inbertsioa izango du, eta energia berriztagarriekin sortutako hidrogeno berdetik abiatuta zero isurketa sintetiko garbiak ekoizteko munduko planta handienetako bat eraikitzean datza. Erregai berritzaile horien ezaugarri nagusia da ura eta CO2 erabiltzen direla lehengai bakartzat, eta errekuntza-motorretan erabili ahal izango direla, besteak beste, gaur egun munduan automobiletan instalatzen diren motorretan, hegazkinetan, kamioietan eta beste aplikazio batzuetan ere.

Bigarren fabrika

Bigarren proiektuak 20 milioi euroko inbertsioa izango du, eta hiri-hondakinetatik gasa sortzeko planta bat izango da. Gas hori Petronor findegiak bere ekoizpen-prozesuan erabiltzen duen erregai tradizionalen kontsumoaren zati bat ordezkatzeko erabiliko da. Lehenengo fasean, pirolisi-planta horrek 10.000 tona hiri-hondakin prozesatu ahal izango ditu urtean, eta haren edukiera 100.000 tonaraino handitu ahal izango da hurrengo faseetan, inguruko hiri-hondakin guztien baliokidea.