Nafarroako Erribera zeharkatzen zuen eta oposizio handia eragin zuen Zaragoza eta Araba arteko goi-tentsioko linearen proiektua behin betiko deuseztatu da. Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak baieztatu du artxibatu egingo duela Aragoi eta EAE arteko 185 kilometroko autobide elektrikoa eraikitzeko Forestaliako espedientea, Errioxako PSOEk asteazkenean aurreratu zuenez. Enpresak martxoaren 19a baino lehen eman behar zion plana Jaurlaritzari, baina ez da horrela izan, eta azkenean proiektua bertan behera geratu da.
Forestaliak autobide elektriko bat eraiki nahi zuen Aragoi, Errioxa, Nafarroa hegoaldea eta Arabatik barrena, Jundizeko industrialdeko azpiestazioan energia isurtzeko, entxufe bat, inguruko parke fotovoltaikoak sare elektrikora konektatu ahal izateko. Bertan behera geratu den proiektuak Nafarroako eta EAEko erakunde nagusien gaitzespena jaso du.
Nafarroak etorkizuneko beste autobide elektriko baten zain jarraitzen du, 179 kilometroko luzerakoa, Biota (Zaragoza) eta Gasteiz artean. Azpiegitura hori, Jundizkoa ez bezala, Nafarroatik barrena iritsiko litzateke Arabara, Erdialdea zeharkatuz, Murillo El Fruto, Olite, Tafalla, Añorbe edo Legardatik gertu, Iruñea inguratuz eta Sakana haranarekiko paraleloan eta A-1 autobia Arabako hiribururantz igaroz. Forestaliak obra egiteko interesari eusten dio, Nafarroako Gobernua aurka egon arren.