Iberdrola euskal taldeak eta Fertiberia ongarrien lantegiak akordioa sinatu dute 150 milioi euro inbertitzeko Puertollanon (Ciudad Real), Europan erabilera industriala izango duen hidrogeno berdeko plantarik handiena eraikitzeko. Proiektuak industria-sektorea deskarbonizatzen lagunduko du, eta 2021ean martxan egongo da.

Proiektuaren garapenak eta eraikuntzak 700 lanpostu sortuko ditu, eta, martxan jartzen denean, urtean 39.000 tona CO2 isurtzea eragotziko du. Horrela, Iberdrolak % 100 iturri berriztagarrietatik hidrogeno berdea ekoitziko du. Hain zuzen ere, 100 megawatteko (MW) eguzki-planta fotovoltaiko batek, 20 megawatt orduko (MWh) biltegiratze-ahalmena duen ion-litiozko bateria-sistema batek eta munduko elektrolisiaren bidez hidrogenoa ekoizteko sistema handienetako batek (20 MW) osatuko dute soluzioa.

Erabilera

Ekoitzitako hidrogeno berdea Fertiberiak Puertollanon duen amoniako fabrikan erabiliko da. Fabrika hau Europako eraginkorrenetakoa da, eta urtean 200.000 tona baino gehiago ekoizteko gaitasuna du. Fertberiak instalazioa eguneratu eta aldatuko du hidrogeno berdearen ekoizpena erabili ahal izateko, eta, horrela, ongarri berdeak egiteko.

Proiektuari esker, gas naturalaren beharra % 10 baino gehiago murriztu ahal izango du ongarrien fabrikatzaileak lantegian, eta amoniako berdea sortzeko eskala handiko esperientzia garatzen duen sektoreko Europako lehen konpainia izango da.