Elikagaiek eta etxerako produktuek astero familien aurrekontuen zati handi bat eramaten dute. Aldez aurretik prestatutako zerrenda batera mugatzen saiatzen zara, baina erosketa-orgara estra bat botatzeko tentazioan ez erortzea erronka handia da.

Horri gehitzen badiogu inguruak ere ez duela laguntzen, erosketa egitera joateko gutxien gomendatzen diren egunak eta orduak ezagutu behar dira. Asteburuak saihestu behar dituzu, batez ere, larunbat goizak: promozio gehiago daude, erosketa-giroa oldarkorragoa da eta jendetza gehiago pilatzen da, eta horrek estresa eta erabaki ez hain arrazionalak hartzea eragiten du.

Nomina kobratu aurreko egunak edo ordainsaria sartu berriko egunak ere une aproposenak dira gehiago gastatzeko eta beharrezkoak ez diren erosketak egiteko. Ez dira ahaztu behar ere egun bereziak, hala nola merkealdia, Gabonak edo Black Friday egunak, non eskaintzek eta marketin-estrategiek gehiago erostera eraman zaitzaketen.

Ordu ez gomendagarriak

Ordutegiari dagokionez, puntako orduak saihestea garrantzitsua da; izan ere, jende asko badago, imitazioz bada ere, soberan erosiko duzu. Lana amaitu eta gero erosketak egitea ere ez da gomendagarria izaten; nekatuta egongo zara, zure autokontrola txikiagoa izango da eta erosketa konpultsiboetan errazago eroriko zara.

Bazkaldu edo afaldu aurretik ere ez egin, goseagatik gorputzak osasungarriena ez dena erosteko eskatuko baitizu. Azken orduan eta presaka joatea ere, itxi baino pixka bat lehenago, presazko erabakiak hartzera bultzatuko zaitu.

Tentaziorik ez izateko aholkuak

Ikusi dugunez, erosketa egitera joatea ordainketa handia dakar. Beraz, gastua doitu nahi baduzu eta soberan erosteko tentazioa saihestu nahi baduzu, kontuan izan aholku hauek:

1- Ez inprobisatu

Erosketak egitera joan aurretik, prestatu etxean zerrenda bat behar duzun guztiarekin, eta horretara lotu. Asteko menua kontuan hartzen baduzu, erosketak doituko dituzu eta behar den baino lehenago supermerkatura bueltatzea ekidingo duzu.

2- Ez erosi gosearekin

Gehiegi gastatu nahi ez baduzu, erostera sabela beteta joan beti. Goseak gehiago eta janari ez hain osasungarria erostea eragingo dizu.

3- Artikulu tentagarrienak, ezta begiratu ere!

Saihestu elikagai ez osasungarrienak dituen korridoreak, besteak beste, snakak edo ultraprozesatuak. Erakargarriak izango zaizkizu, batez ere, koipe eta azukre asko dituztenak, sari sentsazio handiena ematen dituztenak direlako.

4- Zoaz bakarrik erostera

Frogatuta dago gutxiago gastatzen dela erostera bakarrik joanda. Azkarrago erosiko duzu, eta lagun dituzun pertsonek eragindako tentazioak biderkatzea saihestuko duzu.

5- Kontuz eskaintzekin

Baloratu promozioak interesatzen zaizkizun, ekonomikoki konpentsagarriak diren eta benetan produktu horiek behar dituzun.

6- Saskia hartu orgaren ordez

Ez baduzu asko erosiko, hobeto saski txiki bat hartzea orga handi bat baino. Zenbat eta leku gutxiago izan, orduan eta gauza gutxiago erosi ahal izango dituzu.

7- Kontuz emozioekin!

Erostera goazenean gure aldarteak ezinbestean eragingo du. Ez joan inoiz erosketak egitera triste edo haserre zaudenean, emozio horiek okerreko erabakiak hartzera eraman zaitzakete eta.

8- Online erostea

Erosketak etxetik egiteak aukera emango dizu azkarrago egiteko, distrakziorik gabe eta establezimenduak bere publizitatearekin eta produktuen banaketa estrategikoarekin eskaintzen dituen tentazioak saihestuz.

Ikusten duzunez, erosketak egiteko, ondo egindako zerrenda bat eraman behar da, goserik gabe joan, bakarrik, atsedena hartuta, pozik eta oso mentalizatuta, a!, eta, gainera, gastua kontrolatzen saiatuz. Eskakizun gehiegi, errutinazkoa bezain ez hain erakargarria den zeregin batean kontuan hartu beharrekoak.

Edurne Albisu

Egilea Edurne Albisu