Tekniker zentro teknologikoak triboREMEDY izeneko proiektu europarra koordinatzen du. Proiektuaren helburua da konposatu kimiko toxikoak deskonposatzeko gai diren teknologia berriak garatzea, eta, horrela, egungo errausketa-prozesua ordezteko bide berri eta eraginkorra garatzea, osasuna eta ingurumena babestuz. Izan ere, Kutsatzaile Organiko Iraunkorrak (KOI) osasunarentzat eta ingurumenarentzat mehatxu larria diren substantzia kimikoen multzoa dira, kontuan hartuta toxikotasuna, distantzia handiko garraio-potentziala, ingurumenean irautea eta, batez ere, izaki bizidunen ehunetan sartzen direnean biohanditzeko eta biometatzeko duten gaitasuna.

KOIen konposatuak deskonposatzeko metodo erabiliena errausketa da, eta jarraitutako prozedurak egokiak ez badira, osasunerako oso kaltegarriak diren dioxinak sortzeko arriskua dago.

Tribolisi teknika

Teknikerrek teknologia guztiz berria garatu du, erreakzio tribokimikoen bidez konposatu organiko kaltegarriak deskonposatzeko. Teknika, tribolisi izenekoa, KOI motako produktu kimiko arriskutsuak modu seguru, eraginkor eta kontrolatuan degradatzeko alternatiba gisa planteatzen da.

Teknikerrek garatu duen teknikak energia mekanikoa erabiliko du erreakzio kimikoak sortzeko. Konposatu organiko iraunkor horiek hain kaltegarriak ez diren azpiproduktu bihurtzeko gai dira erreakzio horiek. Hala, Tekniker KOIak kimikoki deskonposatzeko gai den prozesadore baten prototipoa garatzen lan egiten ari da, tribolisi teknika aurreratuen bidez.

Egilea Admin