Australia lehentasunezko merkatua bihurtu da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-estrategian. Ekonomia sendoa eta merkatu heldua dituen herrialdea da, baina euskal enpresen presentzia mugatua du oraindik. Hala ere, haren erakargarritasuna sektore estrategikoetan eskaintzen dituen negozio-aukerei esker mantendu da.

Zentzu honetan, Australia oso merkatu garrantzitsua da, bai industriaren tamainagatik eta bere BPGagatik, bai gaitasun teknologikoagatik eta horrek susta ditzaken aliantzengatik. Orain gutxi egindako Basque Traderen azterketa batean, hainbat arrisku- eta aukera-adierazle kuantifikatu ziren, eta Australia zen mundu mailako herrialderik interesgarrienetako bat.

Herrialdeak dituen aukerak esportazioen bidez zein tokiko inbertsioen edo lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatu daitezke. Hauek dira horietako sektore estrategiko batzuk:

Energia berriztagarriak

Australiako energia berriztagarrien sektorea garrantzizko eraldaketan murgilduta dago, elektrizitate-eskarian izandako hazkundeak eta iturri jasangarrien aldeko trantsizioak bultzatuta. Hazkunde horren barruan, garrantzi handia du eguzki-energiak, izan ere, 2015ean 4,5 GWeko gaitasuna zuen eta 2035ean 128 GWera igaroko dela kalkulatu da, herrialdeko irradiazio handiaren eta teknologia fotovoltaikoan izandako aurrerapenaren eraginez.

ldo horretan, energia eolikoak ere bilakaera nabarmena izango du, 4 GW 2015ean eta 44 GW 2035ean, eta 2030etik aurrera lehorreko zein itsasoko proiektuak garatuko dira. Testuinguru honetan, turbinetarako osagaien fabrikazioan, ingeniaritzan eta hidrogenorako azpiegitura eta logistika soluzioetan espezializatutako euskal enpresek negozio-aukerak aurki ditzakete herrialde hartan.

Tren sektorea

Trenbideen arloan, Australiak munduko sarerik zabalenetakoa du, eta herrialdea azpiegitura-proiektu garrantzitsuetan murgilduta dago.
Gainera, bertako trenbide-industria, neurri handi batean, teknologia eta osagai aurreratuen inportazioaren mende dago, eta hau benetako aukera izan daiteke seinaleztapenean, trenbide-kontrolean eta trenak kontrolatzeko Europako sistemarekin (ETCS) bateragarria den gurpildun materialaren fabrikazioan esperientzia duten euskal enpresentzat.

Edurne Albisu

Egilea Edurne Albisu