Enpresa arloko helpdesk berri hau euskal enpresen zalantzak argitzeko eta produktu eta merkatuetan nola eragin dezaketen, baita araudi berriak nola aplikatuko diren jakiteko orientazio pertsonalizatua eskaintzeko diseinatuta dago.

Euskal enpresentzako arreta goiztiarreko zerbitzua

Imanol Pradales lehendakariak orain aste batzuk iragarri zuen eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Mikel Jauregik, behin baino gehiagotan aipatu duen moduan, Defentsa Taldearen baitan jasotako hainbat ekintza jarri dituzte abian.

AEBn egin berri dituzten arantzelen aldaketek zuzeneko inpaktua izan dezakete nazioarteko estrategian. Horiei aurrea hartzen, egokitzen eta segurtasunez erabakiak hartzen laguntzeko, BasqueTrade & Investmentek aholkularitza espezializatuko zerbitzua jarri du euskal enpresen esku, eta AEBko, Mexikoko eta Kanadako bulegoetatik eta Adimen Lehiakorreko taldetik jasoko dute laguntza.

Horretarako, SPRI taldeak ezarritako galdetegia bete dezakete edo 944 037 160 zenbakira deitu.

Entzute aktiboko zerbitzua

Basque Tradek entzute aktiboko prozesua egin du euskal enpresei zuzenduta. Horren baitan, 1.000 inkesta baino gehiago egin ditu eta, sektoreen arabera, ordezkaritza handiena duten 75ekin bilera pertsonalizatuak egin ditu. Gainera, Europako erakunde eta estamentuekin hasierako kontrastea egin da dagoeneko, eta Europako Batzordeak aurkeztutako Lehiakortasunaren Iparrorratza izenekoaren gakoak aurreratu dira.

Industriaren Defentsa Taldeak hiru helburu ditu: muga-zergen errealitate berriari buruzko diagnostikoa partekatzea eta eragindako sektoreen jarraipena egitea; enpresei laguntzeko dauden tresnak, baliabideak eta politikak identifikatzea; eta testuinguru global berriaren aurrean euskal industriaren gaitasunak eta aukerak indartzea.


Edurne Albisu

Egilea Edurne Albisu