Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa (BCSC) Zibersegurtasunerako Foro Nazionalean (FNCS) sartu da. Gizarte zibileko kideek, sektore pribatuko ordezkariek, aditu independenteek, elkarteek eta sektorearekin lotutako hainbat erakundek osatzen dute erakunde hori, eta Segurtasun Nazionaleko Kontseiluari ekimenak proposatzea eta sinergia publiko-pribatuak sortzea du helburu. Horrela, BCSC eta Euskadiko zibersegurtasun-ekosistema Estatuan zibersegurtasun-sektorearen garapenari buruz hartuko diren erabakien erdigunean daude. Gaur egun, bere izenean parte hartzen duen zibersegurtasun-zentro autonomiko bakarra da, eta haren ahotsak aukera onuragarriak sortzea ahalbidetuko du sektoreko tokiko industriarentzat.

Hiru lantaldeko egitasmoa

Zibersegurtasunerako Foro Nazionala joan den uztailean eratu zen, eta une horretan bertan gonbidapena egin zitzaion Zibersegurtasunerako Euskal Zentroari eta, zehazki, Javier Dieguez zuzendariari, “Industria eta I+G+b bultzatzea” lantaldean parte hartzeko. Lantalde horrek helburu ugari ditu: zibersegurtasun-zerbitzuen eskaintza eta eskaria areagotzea, nazioarteko merkatuetan zibersegurtasun-industriaren eginkizuna areagotzea, autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen zibersegurtasuna bultzatzea, eta sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza.

FNCS egitasmoa hiru lantaldek osatzen dute. Lehenik eta behin, aipatutako “Industria eta I+G+b bultzatzea” taldea dago. Gero, beste bi lantalde daude: “Zibersegurtasunaren Kultura”, non Ingecom euskal enpresak parte hartzen duen, eta “Prestakuntza, Gaikuntza eta Talentua”, non Xabier Mitxelenak parte hartzen duen (CyBasqueko presidentea).

Egilea Admin