Biozientziak Gipuzkoa Fundazioaren izena aldatu da Deeptek Gipuzkoara, baina ez da berrikuntza bakarra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak osatzen duten erakunde honek, BIC Gipuzkoaren kanpoko laguntzarekin, bost milioi euroko partida bat gaitu du esparru teknologiko aurreratu honetan ekintzailetza sustatzeko. Partida hori, biozientziekin lotutako proiektuez gain, aurrerantzean beste diziplina batzuetara zabalduko da, hala nola konputazio kuantikora, robotikara edo bioteknologian oinarritutako ekoizpen prozesu industrialetara.

Zientzia, ikerketa teknologikoa eta berrikuntza oinarri

Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “zientzia, ikerketa teknologikoa eta berrikuntza dira enpresen garapenaren oinarria”, eta bi erakundeek indartu egin dute Deeptek Gipuzkoan egiten duten inbertsioa, alor horretan enpresa berriak sortzeko prozesua bizkortzeko. Aizpuruak Unai Andueza Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin batera egin du agerraldia ekimena aurkezteko, aurretik erakundeen babesa jaso duten bi enpresa arrakastatsuren arduradunekin batera: Onera Medicines eta Cultzyme.

Maila teknologiko aurreratua

Apustu horren dimentsioak honako honetan islatzen dira: 2011n sortu zenetik, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak 4,5 milioi euro bideratu baditu lurraldean ekosistema bioteknologiko bat ezartzeko, aurten bost milioi esleitu dira. Kantitate hori teknologia aurreratuko maila handiko proiektu berritzaileak finantzatzeko izango da, aplikazioetatik urrun; esaterako, lurraldeko ekonomiarako funtsezkotzat jotzen diren esparruetan aurrerakuntzan zentratuta daudenak, biozientzietako ikerketaren lehentasunarekin. Hala ere, hemendik aurrera beste eremu batzuetara irekita egongo dira, hala nola kuantikara, adimen artifizialera, blockchainera edo material berrietara.

17 enpresei babesa orain arte

Horrela, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa lanean aritu den eszenatokia ireki da, Onera Medicines edo Cultzyme bezalako startup biosanitario arrakastatsuak babestu dituena. Urte horietako balantzean, sektore desberdinetako 17 enpresari emandako laguntza ageri da; horietatik % 41,2 gailu medikoetan kokatzen da, % 29,5 konposatu aurreratuen garapenean, % 17,6 diagnostikoan eta prebentzioan eta % 11,7 e-Healthen, 129 lanpostuko enpleguarekin. Aurreikuspenen arabera, kalitatezko enplegu kualifikatua sortuko duten babestutako proiektuak ugaritu egingo dira.

Merkaturatzeko laguntzak


Ander Aizpuruak adierazi duenez, Deeptek Gipuzkoak “ekosistema teknologikoa indartzen lagundu nahi du, gure sektore biosanitarioaren garapenarekin batera”, eta, horretarako, merkaturatzen lagunduko dien “kalitatezko” proiektuak identifikatuko ditu. Hain zuzen ere, ekimen hau garapen-fase goiztiarretan dauden startupei eta ETEei zuzenduta dago, eta BIC Gipuzkoa enpresa-azeleragailuaren kanpo-laguntza ere izango dute. Deeptk Gipuzkoaren eredua finantza-laguntza batean oinarritzen da, partaidetza-mailegu bihurgarriekin, eta aditu-batzorde baten babesarekin indartzen dira. Bere onuretako bat, Aizpuruak azpimarratu duenez, inbertsioa eta talentua erakartzeko duen gaitasuna da.

Bestalde, Unai Anduezak adierazi duenez, “denbora asko daramagu biozientziaren oinarriak lantzen, eta suspertzen ari diren teknologiak babesten jarraitu nahi dugu, ongizatea, aberastasuna eta lurraldearen lehiakortasuna indartzen duten proiektu berritzaileak babestuz”.

Edurne Albisu

Egilea Edurne Albisu