Taldeki Biosolutions enpresak antigorputzak azkar, merke eta sendotasunez detektatzeko sentsoreak garatuko ditu, egungo in vitro diagnostikoaren egonkortasun- eta kostu-arazoak gainditzeko.
Taldeki Biosolutions enpresa berria
Konpainiak Eusko Jaurlaritzaren SPRI Taldearen eta Euskadiko Arrisku Kapitalaren laguntza jaso du Basque Tek Ventures ekimenaren bidez, eta CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia bat eskaintzen dio diagnostikoaren industriari: metal-proteinazko sentsore hibridoak Donostian, 2025eko otsailaren 18an.
CIC biomaGUNEk Taldeki Biosolutions enpresa jarri du abian. Spin-off berri bat da, eta antigorputzak detektatzeko eta zenbait gaixotasun diagnostikatzeko soluzioak garatzen ditu, patentatutako eta Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasle eta CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa buru duen 10 urte baino gehiagoko ikerketa zientifikoak bermatutako teknologia bat erabiliz.
Antigorputzen detekzioaren garrantzia
Antigorputzen detekzioak eta kuantifikazioak garrantzi berezia hartu du azken urteotan, medikuntza pertsonalizatuaren inplementazioaren, immunitatearekin lotutako gaixotasunen eta epidemia emergenteen mehatxuen ondorioz. COVID-19aren pandemian, ondo frogatuta geratu zen tresna mediko horien potentziala.
Gaixotasun autoimmuneetan fokua
Merkatuan sartzeko lehen puntu gisa, giza arnas gaixotasun infekziosoak detektatzeko sentsoreak garatu ditu Taldeki Biosolutions enpresak (arnas birusek eragiten dituzte gaixotasun horiek, hala nola gripea, COVIDa eta beste gaixotasun batzuk). Baina beste gaixotasun batzuetara zabaltzen ari da fokua, bereziki gaixotasun autoimmuneetara. “Orain, I motako diabetes mellituserako sentsoreak garatzen ari gara, eta gaixotasun zeliakorako ere ari gara baliozkotzen soluzio hori” adierazi du Pablo Ferrónek, Taldeki Biosolutions taldeko kudeatzaileak. “Duen moldakortasunagatik nabarmentzen da gure teknologia, gaixotasun-sorta handi batekin lotutako antigorputzak detektatzeko aukera ematen baitu, hala nola infekziosoak (sexu-transmisiozkoak, adibidez), autoimmuneak (zeliakia, adibidez) eta alergiak. Aplikazio asko izan ditzake” gaineratu du Cortajarena irakasleak.
In vitro diagnostikorako teknologia
In vitro diagnostikorako egungo plataformak beste antigorputz batzuk detektatzen dituzten antigorputzetan oinarritzen dira. “Antigorputz klasikoek egonkortasun-arazoak dituzte; garestiak dira ekoizten; nekezak dira diseinatzen eta fabrikatzen; ez dira oso egonkorrak denboran, eta, gainera, animaliak erabili behar dira haiek ekoizteko. Arazo horiek guztiak gainditzen ditu gure teknologiak” azaldu du Ferrónek.
Soluzio azkarrak eta bezeroei egokituak
Ildo horretan, Taldeki Biosolutionsek soluzio egonkorrago, erreproduzigarriago eta errentagarriagoak eskaintzen ditu; azkar diseinatu eta ekoizten dira bezero bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzeko. Konpainiak asmoa du erreferente globala izateko antigorputzak detektatzeko soluzioen arloan, eta liderra izateko metodo azkarrago, sendoago eta eskuragarriagoetarako eraldaketan. “Estandar berri bat ezarri nahi dugu in vitro diagnostikoaren industrian, eta metal-proteina molekula hibridoak hartzea sustatu, antigorputz tradizionalen ordezko hobea baitira” adierazi du Ferrónek.
CIC biomaGUNEri buruz
CIC biomaGUNE Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, zeina Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide baita, punta-puntako ikerkuntza egiten du Kimikaren, Biologiaren eta Fisikaren arteko eremuan, eta arreta berezia jartzen du nanoegitura biologikoen eskala molekularreko propietateetan, baita haien aplikazio biomedikoetan ere. 2018an, “María de Maeztu” Bikaintasun Unitate izaera aitortu zioten bikaintasun-baldintzak betetzeagatik, zeintzuen bereizgarri baita dagokion jarduera-esparruan inpaktu handia eragitea eta lehiakortasun-maila handia izatea mundu mailako zientzian.