Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Institutuari (FEI) 1.000 milioi gehiago emateko lege-proiektua onartu du, Euskal Finantza Aliantzaren esparruanArgazkian, Noël d 'Anjou, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua.

Astearte honetako Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Finantzen Euskal Institutuari (FEI) 1.000 milioi euroko zuzkidura gehigarria emateko lege-proiektuari. Partida berri horrekin, Eusko Jaurlaritzak finantza-gaitasuna irabazi nahi du, Euskal Finantza Aliantza bultzatze aldera. Anjouk adierazi duenez, hurrengo urratsa lege-proiektua hilaren amaieran Eusko Legebiltzarrera bidaltzea izango da, eta hura onartzeak zorpetze gehigarri bat ahalbidetuko du, Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotutako inbertsioak finantzatzeko.

“Zorpetze gehigarri hori 2025eko eta 2026ko ekitaldietan 1.000 milioi euroko saldoan gauzatu ahal izango da, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bidez finantza-inbertsioak egiteko”, zehaztu du Noël d’Anjou sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Ildo horretan, aurrekontu-aldaketa hori lehendakariak eta Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantza bultzatzeko hartutako konpromisoari erantzuten diola azpimarratu du.

Euskal Finantza Aliantza
Anjou sailburuak gogorarazi du martxoaren 3an sinatu zuela lankidetza-protokoloa Eusko Jaurlaritzak, bederatzi erakunderekin batera, finantza-tresna publiko-pribatu berriak aktibatzeko. Sinatutako testuan nabarmentzen zenez, euskal industria bultzatzeko eta energia-azpiegituretan eta azpiegitura zientifiko-teknologikoetan inbertsio handiak egiteko, bai eta hazkunde eta sustraitze enpresarialeko eragiketa industrial eta teknologikoak egiteko ere, erakundeek ezinbestekotzat jotzen zuten Euskadin “finantza-gaitasunak lerrokatzea eta fokalizatzea”.

“Horregatik, Euskadin lankidetza publiko-pribatuko finantza-tresnak aktibatzea ahalbidetuko duten formulak bilatzeko elkarrekin lan egitea adostu zen, funtsezko hiru bertikaletan oinarrituta: errotzea, industria eta azpiegitura energetiko eta zientifiko-teknologikoak”, azpimarratu du Anjouk.

“Gure helburua da, Draghi txosteneko hiru-bat araua aplikatuz, 1.000 milioi euroko inbertsio publiko hau, gutxienez, 3.000 milioi kapital eta aurrezki pribatu gehiago mobilizatzeko gai izatea, eta, horrela, 4.000 milioiko potentzia finantzarioa lortzea legegintzaldi honetan”, baieztatu du Anjouk, Imanol Pradalesek Euskal Finantza Aliantzaren hasieran nabarmendu dituen zifren berri emanez.

Zorpetzea eta Indartuz
Gainera, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutako “aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren bidearekin bateragarria” izango dela ziurtatu du Finantzetako sailburuak. Gobernu Kontseiluak argi berdea eman ondoren, lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da laster, eta ekainean “aplikatzeko prest egongo da”, adierazi du.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Ogasun eta Finantza sailburuak aurreratu du Indartuz martxan jarriko dela, FEIri 1.000 milioi euroko zuzkidura gehigarria emateko lege-proiektuaren harira. “Zorpetze gehigarri hori kudeatzeko ibilgailuetako bat izango da”, aipatu du. Horrela, Finkatuz funtsa dagoen bezala, Eusko Jaurlaritzak “beste ibilgailu bat” aktibatzea aurreikusi du, “etorkizuneko inbertsioak bideratzeko”. Hala eta guztiz ere, sailburuak zehaztu du definitzeke dagoen tresna dela, eta ekainerako aurreikusitako Inbertsio Planean ezarritakoaren ildotik joango dela.