Arabako enpresak administrazio publikoarekin eta ostalaritza sektorearekin egiten du lan, eta urteak daramatza nazioarteko merkatuan.


Kobrantza automatikoko makinetan espezializatuak

Sistemas Técnicos de Cobro S.L., Siteco izenez ere ezaguna, Gasteizko enpresa bat da, 30 urte baino gehiagoko esperientzia duena era guztietako kobrantza automatikoko makinak fabrikatzen, adibidez, tranbian ordaintzeko, aparkalekuetan ordaintzeko edo ostalaritzan eskudirutan kobratzeko. “Gaur egun 25 urte baino gehiago martxan daramaten makinak ditugu merkatuan. ‘Restyling’ zerbitzu bat eskaintzen diegu, gure makinarik zaharrenak eguneratzean datzana, funtzionalitate eta ordainketa-sistema berriak gehituz, jatorrizko osagaiak mantentzen eta berrerabiltzen ditugun bitartean”, nabarmendu du Alba Lazcoz Sitecoko administrazio-arduradunak. 

Bi produktuen eskaintza

Arabako konpainiak bi produktu mota ekoizten ditu. Alde batetik, arretarik gabeko kobrantza sistemak, ticketing makinak ere deituak. Parkimetroak edo tiketak baliozkotzeko makinak dira, eta haien bezero nagusia administrazio publikoa da, bereziki kirol-instalazioetan, udal-tasen ordainketan, garraio-txartelen salmentan eta udal-igerilekuetarako sarbidean. Bestalde, Cash Siteco izeneko kobratze-sistema atendituak fabrikatzen ditu. Horiek langile batek ikuskatzea behar dute, eta langile horrek eskudirua sartzen du. “Adimendun kutxa bat da, eskudiruzko transakzioak automatizatzen dituena, deskuadreak baztertuz, segurtasuna hobetuz eta APP baten bidez salmentak denbora errealean monitorizatzea ahalbidetuz”, azaldu du Alba Lazcozek. Bere bezeroak sukaldaritza kateak, elkarte gastronomikoak, burdindegiak eta garraio enpresak dira. 

Nazioartekotze prozesua

2008an enpresa arabarrak nazioartekotze prozesu bat hasi zuen eta salmenta puntualak lortu zituen Uruguai, Dominikar Errepublika, Maroko, Mexiko eta Kolonbia bezalako herrialdeetan. Gaur egun presentzia handia du Mexikon, eta salmenta jarraituak ditu. Merkatu hori indartzeko, Arabako Merkataritza Ganberaren Profex Digital programan parte hartu du. Herrialde horretara bisita erregularrak eginez, hurrengo urratsean Perun eta Kolonbian antzeko elkarlan bat zabaltzea da. 

Hazinnovako proiektuen parte-hartzaile

Sitecok Hazinnovako hainbat programatan parte hartu du, azkena nabarmenduz, konpetentzia eredu bat garatzera bideratua. Proiektu horri esker, enpresaren arrakastarako funtsezko gaitasunak definitu dira, eta giza taldea ebaluatzeko eta garatzeko erreferentzia izan da. “Emaitza oso positiboa izan da. Eredu horri esker, komunikazio-gune bat sortu dugu, langileek eta enpresek espektatibak bateratzeko eta lan-harremana indartzeko aukera izan dezaten”, adierazi du Lazcozek. 

Gaur egun, 22 langile ditu Sitecok. Etorkizunera begira, Cash Sitecoren presentzia indartzea, Espainian duen banaketa-sarea zabaltzea eta nazioartean hazten jarraitzea dira bere helburuak.  

Edurne Albisu

Egilea Edurne Albisu