Ikerlan (Mondragon Korporazioa) Fractal proiektuaren buru da, eta adimen artifizialean oinarritutako digitalizazio-soluzio bat sortu nahi du, makinak “autodiagnostikatzeko” gai izan daitezen (ingurunera egokituz, akatsak aurreikusiz eta gertatu aurretik konponduz). Horretarako, hardware eta software soluzio bat garatuko du, inteligentzia eta gaitasun kognitiboak emango dizkiena ekipoei, energia, garraioa edo industria bezalako sektoreetan aplikatzeko. Ikerlanek EFECS 2020, European Forum for Electronic Components and Systems ekitaldian aurkeztu du proiektu hau, osagarri eta sistema elektronikoen Europako erreferentzia-foroan, alegia.

Garatuko den proiektuak eskaintzen dituen irtenbideak ugariak dira. Fractalek, adibidez, ekoizpen-planta bateko gailu fisikoak elkarren artean komunikatzea, eta beren artean datuak partekatzeko gai izatea ahalbidetuko du, gizakien esku-hartzerik gabe ager daitezkeen arazoak konpontzen lagun dezaten. Halaber, industria-inguruneetan talkak saihesteko oztopoak antzematea ahalbidetuko du, bai eta hiri-tren autonomoek doitasunezko geldialdiak egitea edo beste ibilgailu eta pertsona batzuen presentzia balioestea ere.

Datuak eta balioa

Aizea Lojo proiektuaren koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, gaur egun gure inguruko konpainiak “gai dira beren enpresetan sortutako datuak biltzeko eta biltegiratzeko, baina zailtasunak dituzte ezagutza eta balio eskuratzeko fasean. Adimen artifizialeko ereduak ezarri eta ekoizpenera eramatea da erronka handienetako bat. Puntu horretan, Fractalen lana oso lagungarria izango da enpresentzat, eta irtenbide bat emango die”.