Argi-Tech eta Biotalde euskal enpresek bat egin dute airearen eta gainazalen tratamendu profesional berritzaile bat sortzeko. Jende ugari egoten den toki itxietan, SARS-CoV-2 birusa % 99,99an murrizteko proiektua plazaratu dute, argi ultramorearen bidez.
Argi-Techek irradiazio-sistema sortzeko izpi ultramoreen ezagutza jartzen du, eta arrisku mikrobiologikoetan aditua den Biotalde laborategiak espazioaren desinfekzioa egiaztatzen du. “Kasu honetan, berrikuntza da merkatuan dauden teknologiak desinfekzioaren zerbitzura aplikatzea. Hainbat sektore bateratu ditugu zerbitzu espezifiko bat proposatzeko, diseinu profesional batekin eta mikroorganismoei aurre egiteko”, adierazi du Nieves Zabala Biotaldeko zuzendariak.
Irtenbidea desinfekzio profesional eta segurua bermatzeko beharretik sortu da, tratamendu kimikoek edo mirari gisa aurkezten direnek eragin ditzaketen arriskuen aurrean. Birusaren transmisioaren eremu kritikoetarako pentsatua dago: aireztapen gutxiko edo pertsonen ohiko fluxuko eta elkarrekintza handiko espazio itxietarako. Hainbat adibide daude: aldagelak edo industria-guneak, gimnasioak, ospitaleak, klinikak, etab.
Zerbitzua honetan datza: desinfektatu beharreko espaziorako lanpara ultramoreen kopurua zehaztea; desinfekzioa bermatzeko beharrezkoak diren potentzia eta denbora kalkulatzea; segurtasun-faktore guztiak ziurtatzea –tratamendua ezin baita pertsonen aurrean egin–; eta prozedura osoaren eraginkortasuna ziurtatzea.