Euskal parte-hartzeak ordezkaritza zabala bildu du Wind Energy Basque Country stand bateratuan, 17 enpresa eta erakunde hauei abian dituzten soluzioak eta teknologiak ezagutzeko aukera emanez.
Euskaditik 30 enpresa parte-hartzailetik gora
Euskadiko 30etik gora enpresa eta erakundek parte hartu dute aste honetan Kopenhagen 16.000 profesional eta 400 enpresa erakusketari baino gehiago bildu dituen WindEurope 2025 azokan, energia eolikoaren sektorean erreferentziazko topaketan. Hitzordua euskal ekosistemak Europako trantsizio energetikorako sektore nabarmen honetan duen gaitasun teknologiko eta industriala bistaratzeko erakusleiho izan da.
Wind Energy Basque Country stand-a
Euskal parte-hartzeak ordezkaritza zabala bildu du Wind Energy Basque Country stand bateratuan, 17 enpresa eta erakunde hauei abian dituzten soluzioak eta teknologiak ezagutzeko aukera emanez: Haizea Wind Group; Vicinay Marine; Slingsintt; Irizar; Fosroc; Hine; Erreka; Saitec; Navacel; Euskal Itsas Foroa, Euskadiko Energia Klusterra – Basque Energy Cluster; Kimua; Spares in Motion; Bilboko Portuko kluster logistikoaren elkartea, Uniport; Sener; Alerion; Aeroblade; CarrRenewables; Antec Group eta Glual. Hauei gehitu zaizkie Sumcab, Euskadin langileak dituen enpresa katalana, eta sektoreko hiru erakunde.
Gainera, beste 14 euskal enpresa eta erakundek bisitari bezala edo stand propioarekin parte hartu dute: Cidetec, Ditrel Industrial, Euskalforging, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Galvasala, GRI Renewable Industries, HWS Towers, Nabla, Renogear, Windtechnic Engineering, Iberdrola, Ingeteam, Liftra eta Siemens Gamesa. Ordezkaritza zabal honek indartu egin du Euskadik energia eolikoaren Europa mailako polo industrial eta teknologikorik garrantzitsuenetakotzat duen eginkizuna.
Sektore eolikoko Europako politika berriak
Ildo horretan, ekitaldiaren agendak sektore eolikoaren garapena berriz ere suspertzera bideratutako Europako politika berriak izan ditu ardatz neurri handi batean: baimenen tramitazioa arintzea, Estatuek energia berriztagarria erosteko akordioei emandako babesa eta aldebiko enkanteak bultzatzea Diferentziazko Kontratuen bidez (CfD). Neurri horiek guztiek helburu zehatza dute Europar Batasunarentzat: 2030erako berotegi-efektuko gasen isurpenak gutxienez % 55 murriztu eta 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea.
Azokan, SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak laguntza aktiboa eman dio enpresa-ordezkaritzari, lurraldearen gaitasunak nazioarteko foroetan ikusaraztea erraztuz eta enpresa parte-hartzaileentzako harreman estrategikoak sustatuz.
Nazioarteko herrialdeekin lankidetza
Egindako lanari esker, harremanak sendotu ahal izan dira Asia, Europa eta Amerikako enpresa eta erakunde nabarmenekin, eta lankidetza zein negoziorako aukera berriak zabaldu dira sektorearentzat hain garrantzitsua den une honetan.
Horrez guztiaz gain, azokak sektorearen berrikuntzan, jasangarritasunean zein industrializazioan duten esperientzia partekatzeko aukera eman die euskal enpresei, Euskadi erreferentziazko bazkidetzat posizionatuz energia-sistema garbiagoa, erresilienteagoa eta lehiakorragoa lortzeko bidean.