BDSKoopek martxan du dagoeneko Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen ikuspegitik Bidasoaldean, Irunen eta Hondarribian kooperatibak eratzen laguntzeko doako programa.
Gizartearen beharrei begira arituko diren enpresak eratzen lagundu nahi dute, ikuspegi feminista, ekologista eta sozial batetik lan egin nahi duten enpresak sortzen, alegia. BDSKoopeko Dornaku Lanzek Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programaren xehetasunak azaldu ditu.
Nola eta noiz erabaki zenuten proiektu hau sortzea?
Bost edo sei urte igaro dira BDSKoop sortu zenetik. Hasieratik egin izan dugun zerbait da, izan ere, hasieratik hemen inguruan hainbat arlotan kooperatiba berriak sortzeko beharra ikusi genuen. Gure lehenengo proiektuetako bat Badoa izan zen, bizikleta bidezko banaketa kooperatiba. Jakina da ziklologistikan Glovo bezalako enpresetako banatzaileen egoera ez dela ona. Horren aurrean, erabaki zen kooperatiba bat eratzea ekintzailetza programa honen bidez.
Hurrengo pausua, produktu lokal eta ekologikoekin lan egingo zuen janari prestatuko kooperatiba bat sortzea izan zen eta horrela sortu zen Larrea kooperatiba. Hortik aurrera, gure enpresa ideia propioetatik harago, kanpotik etorritako ideiak jasotzen hasi ginen. Beraz, enpresa hauek sortzeko ideiatik sortu zen proiektu hau, baina pixkanaka, eraldatzen joan da ekintzailetza kooperatiboa sustatzeko.
Nori zuzendua dago programa hau?
Proiektu hau Hondarribia eta Irunen enpresa bat sortu nahi duten pertsonei zuzendua dago, nahiz eta bertakoak ez izan. Ekonomia sozialaz ari garen arren, ez du zertan gizarte ekimeneko enpresa bat izan behar, kooperatibaren forma juridikoaz ari gara batez ere.
“Ekintzailetza askotan oso modu indibidualizatuan, bakartian eta gogorrean irudikatzen da eta, erraza ez den arren, taldean eta elkar-babesean hobeto kudeatzen da”
Generoa, euskara eta jasangarritasun ekologikoa ardatz dituen proiektuen bila
Ekiteko laguntza emateaz gain, proiektuaren ikuspegiari garrantzi handia ematen diozuela esango zenuke?
Azken batean guk hemen egiten duguna da ekonomia sozial eta eraldatzailea deitzen duguna. Beraz, zeharka bada ere, genero ikuspegia, euskara ardatz, eta jasangarritasun ekologikoa barnebilduko lituzketen enpresak sortzea nahiko genuke, baina kasuaren arabera egokituko genuke ikuspegi hori. Horregatik, hiru osagai horiek txertatzea garrantzitsutzat ikusten dugu enpresa baten ikuspegi soziala azpimarratze aldera. Esaterako, orain dela gutxi Gizagune Kooperatiba sortu genuen, zahartze aktiborako kooperatiba bat eta, beren kasuan, osagai garrantzitsuena beren jarduera izan da, erronka sozial bati erantzuten baitio. Orain dela gutxi permakulturan aritzen den Maïa kooperatiba ere sortu dugu. Beraz, jendea ez dadila atzera bota hasieratik bere ideiak ekonomia sozialarekin zerikusirik ez duela uste duelako, ikuspegi sozial horri buruz hausnartzeko eta kooperatiban txertatzeko aukerak badaudelako.
Gainera, eskualdeko beharrei ere erreparatzen diezue, ezta?
BDS Koop sare bat da, Bidasoaldean ekonomia sozialeko enpresen sare bat, eta sare honetatik ematen diren baliabide kolektiboak oso interesgarriak dira. Enpresa bat eratzerakoan lehenengo 5 urteak izaten dira gogorrenak. Beraz, sostengua ere ematen dugu denbora tarte horretan. Jarduera motaren arabera, espazio hau erabiltzeko aukera ematen dugu. Gainera, gure talde teknikotik maila administratiboan zein proiektuen kudeaketari begira bidelaguntza bat ematen saiatzen gara. Ekintzailetza askotan oso modu indibidualizatuan, bakartian eta gogorrean irudikatzen da eta, erraza ez den arren, taldean eta elkar-babesean hobeto kudeatzen da. Gainera, horrela eskualdera begirako gauza gehiago egiteko aukera izango dugu.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko sailak finantzatutako programa
Hasierako zailtasunei aurre egiteko, programa doakoa izatea lagungarria izango da noski, ezta?
Hori da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko sailak finantziatutako programa bat da. Horri esker, guk eskaintzen dugun zerbitzua guztiz doakoa da. Beraz, ez du inongo kosturik suposatzen eta guk ere oso era malguan ematen dugu formakuntza edo prestakuntza, deialdia beti irekita baitago, eperik gabe. Edozein momentutan hurbil daitezke pertsonak guregana beren enpresa ideiak aurkeztera, konpromisorik gabe. Oso prozesu pertsonalizatua da, nahi denean hasi eta bukatzen dena.
Babes horri esker, prozesua ere azkarragoa izango da.
Ekintzailetzarako prestakuntzak oso ondo daude eta gomendagarria da horietan parte hartzea. Informazioa izatea garrantzitsua da, azken batean, informazioa boterea baita. Bestelako ekintzailetza programekin alderatuta, non hainbat pertsona elkartzen dituzten talde berean prozesua luzatuz, gurea guztiz pertsonalizatua da. Ekintzailetzan hasieran ez duzu ez dirurik, ez denborarik. Jendea estu eta larri ibiltzen denez, uste dugu azkartasuna garrantzitsua den beste faktoreetako bat dela, kooperatiba eta talde ikuspegia txertatzeaz gain.
Ekintzailetza programaren prozesua
Nolakoa izan ohi da prozesua?
Lehen bileran zalantzak argitzen ditugu. Adibidez, zergatik sortu kooperatiba bat eta ez S.L. bat edo autonomo gisa aritu. Horretaz gain, interesdunek beren enpresa plana edo ideia zein den ere aurkezten digute. Atariko bileraren ostean aurrera egin nahi bada, elkarrekin eseri eta ekintza plana garatzen hasten gara. Pausoz pauso dena markatzen saiatzen gara. Askorentzat zailtasun nagusia izaten da helburu finalera iritsi arteko pausu guzti horiek ikustea; beraz, hori xehatzen eta errazten ahalegintzen gara.
“Oso prozesu pertsonalizatua da, nahi denean hasi eta bukatzen dena”
Teoriaz gain, praktika ere lantzen duzue?
Bai. Horretarako, prozesuaren hasieratik saiatzen gara eratu nahi den jardueraren antzekoa duen enpresa baten eredua hartzen, posible bada, bidelagun ere izan dadin. Erreferentzia hori garrantzitsua da. Esaterako, Badoaren kasuan Gasteizeko Eraman Koop erabili genuen, gaur egun ere oso arrakastatsua dena. Larrearen kasuan, Bilboko Sustraiak kooperatiba. Gainera, BDSKoop bera ere ekonomia sozialeko beste enpresa sare batzuen barnean dago, OlatuKoop eta REAS, eta sare hori gure alde aprobetxatzen dugu.
Arrakastaren erakusle dira orain arte sortutako eta martxan jarraitzen duten kooperatibak?
Hori da. Asko, gainera, jada egonkortutako proiektuak dira. Pozik gaude zentzu horretan, badakigulako ekintzaileen aldetik esfortzu handia eskatzen duela. Beraz, ikasketa prozesu hori gure programa frogatzeko modu bat dela ikusten dugu, emaitzak onak izan direlako eta jendea pozik dagoelako. Uste dugu pertsonalizazio hori ezinbestekoa izan dela eta horri esker proiektuek aurrera egitea lortu dutela.
Informazio gehiago nahi dutenek, nora jo behar dute?
BDSKoopeko webgunean sartuz gero, BDSKoop.eus, aurretik azaldutako guztia ikusi eta sakonago hausnartzeko aukera izango dute. Bestetik, kontaktua atalean gure telefonoa eta emailak aurkituko dituzte, tartean, nirea, proiektua@bdskoop.eus .