Jon Aldazabal: «Talka-plana»

Jon Aldazabal Mondragon Unibertsitateko irakasleak koronabirusaren alarma-egoerak ekonomian izango duen eraginaren inguruan dihardu Deia komunikabidean idatzitako iritzi artikulu batean.

Aldazabalen arabera, ekonomia “eskaintzaren shock” gisa ezagutzen denaren aurrean dago, zenbait sektoretan eta industriatan jarduera ekonomikoa partzialki edo erabat geldituta baitago. Bere esanetan, pandemia honetatik eratorritako ondorioek ekoizpen, eskaintza eta eskariaren fluxu globalei modu esanguratsuan eragiten diete. Hori argudiatzeko, datu hauek gogorarazten ditu: Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, birusak munduan 25 milioi lanpostu desagerraraziko ditu, eta, Goldman Sachs Taldearen esanetan, 2020an 300.000 lanpostu galduko dira Espainian, Koronabirusaren izurriteak eragindako ustekabeko krisiak hilabete bakarrik irauten badu ere.

Bestalde, suspertze ekonomikoko neurriek egoera honi aurre egiteko balio ez dutela dio. Izan ere, “zorra erosteko diruak makro egituretan amaitu ohi du, enpresak, autonomoak eta enpleguak salbatzera joan beharrean”, adierazi du Aldazabalek.

Geldialdia

Aldazabalen aburuz, zentzuduna da beren instalazioetan desinfekzioa bermatu ezin duten enpresek jarduera ekonomikoa gelditzea. Alabaina, “funtsezkoa ez den guztia” ixtearekin ez dator bat, bere esanetan, jarduera erabat geldituz gero, enpresa batzuk ez dira berriro abiaraziko, kalte ekonomikoa bistakoa izanik.

Hala, enpresa-eragiketak formalizatu ezean, laguntzek planteatzen dituzten abalek ez dute ezertarako balioko; hots, enpresa askorentzat, jarduera bertan behera uzteak eta bezeroak hornitzeari uzteak oso diru-galera garrantzitsuak eragingo dituzte, jarduera hausteko modukoak.