Emma Ramosek, Ekonomiako eta Zuzenbideko lizentziadunak, egun Administratzaileen Goi Mailako Kidegoko funtzionarioa denak, Covid-19ak enpresa txiki eta ertainetan, bereziki, izango dituen ondorio ekonomikoen inguruan hausnartu du.

Adituak ohartarazi duenez, koronabirusaren ondorioz autonomoentzat estimatzen diren galerak, hurrengo bi hilabeteetan, 16.000 eta 18.000 milioi euro bitartekoak izango dira. Hala, horrek Espainian norbere kontura jarduten duten 3 milioi langileri baino gehiagori eragingo die.

Ekonomistak jakinarazi duenez, baldintza ekonomiko gordin horiei aurrea hartzeko, Espainiako Gobernuak Estatuak bermatutako abal-lerro batzuk onetsi ditu, eta BPGd-ren % 20 diren 200.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusi dute. Dena dela, horren aurrean, komenigarriena da “isolamendu-egoeran dauden eta jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzen ez duten autonomoek beren kuotak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak bi hilabetez edo gehiagoz ez ordaintzea, alarma-estatuaren aldiaren iraupenaren arabera”, dio Ramosek.

Neurriak

Ramosen iritziz, egoera honi aurrea hartzeko, Estatuko eta autonomia-erkidegoko esparruan batera jardun behar da, erantzun gabeko kostu finkoak ordaintzen saiatzeko, diru-sarrera faltaren ondorioz.

Bestalde, neurri fiskalen inguruan dihardu, eta zerga-zorren zatitze edo geroratze arruntez gain, erregulazio berrian aurreikusitako salbuespenezko geroratzea eskatu, eta zerga-prozeduren arloan epeak ohiz kanpo luzatzeko eskaeran aurrera egin behar dela dio. Amaitzeko, krisi honen aurrean “oraindik hartu beharreko neurri asko” daudela gogorarazten du.