Carlos Etxeberri ekonomia kazetaria COVID-19aren ondorioei aurre egiteko sektore publikoak duen ezinbesteko zereginaren inguruan aritu da artikulu batean.

Etxeberriren esanetan, osasun-krisiak atzeraldi ekonomikoaren eta aldakortasunaren testuinguruan kokatzen gaitu, eta sektore publikoa arduratu behar da horri aurre egiteaz, ekonomiak berriro ere aberastasuna sor dezan eta enpresek jarduera-mailak lehenbailehen berreskura ditzaten, pandemiak eragin duen enplegu-beherakada handia murrizteko.

Hala, sektore publikoak herritarren kontsumoa sustatzeko neurriak lehenbailehen hartu behar dituela dio kazetariak. Bere argudioen arabera, eskaria sustatzeko neurriok sektore estrategikoetan jarri behar dira martxan, hala nola automobilgintzan, “Euskadiko BPGd-ren % 12,5 baita, eta 35.000 pertsona ingururi ematen die enplegua”.

Renove plana

Adituaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak beste Renove Plan bat jaulki behar du. Izan ere, autoen salmentak % 98,69ko beherakada izan zuen apirilean, azken 20 urteetako daturik txarrena eta orain arte ezagututako jaitsierarik handiena.

Etxeberrik jakinarazi duenez, planaren xedea ibilgailuen sektoreko balio-kate osoan enplegua mantentzea eta sortzea da, baita zerga-itzulera ere, BEZaren eta Matrikulazio-zergaren bidez, hots, saldutako ibilgailu bakoitzaren balioaren % 26,32 batez beste. Baina auto baten salmentaren atzean, diru-kutxa publikoen alde sortzen dituen baliabide fiskalak ez ezik, euskal automobilgintzako osagaien sektoreko jarduera bat ere badago, Estatuko guztizkoaren % 47, eta garrantzi handia du autoen fabrikatzaileetan.

Beraz, kazetariak ondorengoa proposatzen du: Jaurlaritzak automobilaren elektrifikazioa bultzatzeko urtarrilean abian jarri zuen PAVEA Planetik gastatu gabe dauden ia 4,5 milioi euroei 6,5 milioi gehiago gehitzea. Horrela, Renove Plan berriak 10 milioi euroko zuzkidura izango luke.