Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, Rebuild 2025 azokan, eraikuntzaren industrializazioaren arloko estrategia aldarrikatu du, Euskadin etxebizitza-parkea handitzeko “nahitaezko trantsizio” gisa. Estrategiaren helburua prestakuntzan, berrikuntzan, ziurtapenean, ekoizpenean eta lankidetzan jardutea da, eta hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola “lehiaketa publikoetan industrializazioaren gutxieneko ehuneko jakin batzuk pixkanaka eskatzen joatea”.
Itxasok asteazken honetan inauguratu du Euskadiren presentzia Madrilen egiten ari den Rebuild 2025 azokan, Tecnaliaren standera egindako bisitarekin. Bertan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eraikuntzaren “eraldaketarekin” duen konpromisoa eta industrializazio-estrategia aurkeztu ditu.
Sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadik bere gain hartu du, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuen artean, 2036ko atalasean alokairuko etxebizitza eskuragarrien kopurua bikoizteko konpromisoa, 50.000 izatera iritsiz; babestutako etxebizitzen parkea % 50 baino gehiago handitzea, egungo 74.000 etxebizitzetatik 116.000ra pasatuz; eta birgaitutako 350.000 etxebizitzetara iristea, urteko erritmoa bikoiztuz”.
Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan alokairu babestuko 7.000 etxebizitza gehiago erabiltzeko konpromisoa hartu du, “klase ertainetan eta gazteetan arreta berezia jarriz”.
Horretarako, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurrien Legea izango du Euskadik 2025ean, Denis Itxasoren hitzetan, babestutako etxebizitza berriaren eraikuntza “malgutu eta arinduko” duena.
Bien bitartean, “helburuak lortzeko beharko den inbertsio handiari aurre egiteko finantzaketa publiko-pribatuko tresna berriak” prestatzen ari direla azaldu du.
Era berean, sailburuak azpimarratu duenez, “etxebizitza sustatzeko estrategia horrek guztiak behar duen hirugarren hanka eraikuntzaren sektorearen industrializazioan oinarritzen da, hain zuzen ere, azkarrago, seguruago, iraunkorrago eta, epe ertainera, merkeago eraiki ahal izateko”.
Trantsizio hori bizkortzeko, Eusko Jaurlaritza industrializazio estrategia bat adosten ari dela adierazi du, eta Hirigintzaren eta Etxebizitzaren Foroa lanean hasi dela horretarako. “Euskadik industrializazioa produktibitatea hobetzeko, hondakinak eta obra-denborak murrizteko eta sektorea profesionalizatzeko aukera gisa ulertzen du. Gure estrategiaren helburua prestakuntzaren, berrikuntzaren, ziurtapenaren, ekoizpenaren eta lankidetzaren arloetan jardutea da”, azaldu du Itxasok.
Neurri nabarmenen artean, Visesak edo Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak berak etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko plazaratzen dituen “lehiaketa publikoetan industrializazioaren gutxieneko ehuneko jakin batzuk pixkanaka eskatuko dira”. “Industrializaziorik gabe, eraikuntza-sektorean tradizionalki izan dugun lekua epe luzera galtzeko arriskua dugu”, ohartarazi du sailburuak.