Juanjo Álvarez Nazioarteko Zuzenbideko katedradunak pertsona kualifikatuak prestatzearen garrantziaz hausnartu du Deia egunkarian argitaratutako artikulu batean.
Álvarezek ohartarazi duenaren arabera, koronabirusaren eraginez sortutako krisiak pertsonen indibidualismoa gailendu dezake, eta, horri aurre egiteko, auzolanean jarduteko aldarria helarazi du. Bere esanetan, gizarteak bere ezagutza atomizatuak bateratu behar ditu, helburu sozial komun baten zerbitzura, eta ez herrialdearen ikuspegi bateratua eta proiektu komun batean aurrera egiteko beharrezkoa den diziplinartekotasuna geldiarazten duten indibidualismoen zerbitzura.
Artikuluan zehar, zientzia eta ikerketaren berezko garrantzia nabarmentzen du. Bere esanetan, “gizarteak bide eman behar dio zientziaren dibulgazioaren eta komunikazioaren garrantzia balioesten duen sistema bati”. Hala, gizartea jabetu egin behar da zientziak eguneroko bizitzan, garapen ekonomikoan eta gizarte-ongizatean duen garrantziaz.
Álvarezen aburuz, BPGd eta enpresetatik aberastasun soziala sortzea beharrezkoak badira ere, horiekin batera, “gure kohesio soziala neurtzeko irizpide gehigarriak” sortu behar direla dio. Horregatik, herrialde batek krisitik irteteko duen ahalmena kualifikazio-maila altuko pertsonak prestatzeko duen gaitasunaren araberakoa izango dela azpimarratzen du. Hortaz, gizarteen benetako aberastasuna pertsona kualifikatuen jakintzan datzala dio.
Inbertsiorik onena, hezkuntza
Adituak gogorarazi duenez, erakundeek ezagutzaren eta berrikuntzaren gizartearen aldeko apustua egin behar dute, eta horretan erantzukizunen bat duten elkarteen lankidetza sustatu. Horrela, sare handi bat ehundu behar dela argudiatzen du, erakunde politiko, ekonomiko eta hezkuntzakoak, sektore publiko eta pribatuak norabide berean jarriko dituena. Amaitzeko, “inbertsiorik onena” hezkuntza, ikaskuntza eta ikerketa direla adierazten du.